Juanma Garatek (Irun, Gipuzkoa, 1976) ez du aho bizarrik. Txirrindulari garaian ez zuen iritzia ezkutatzen, eta, orain, Cannondale taldeko zuzendarietako bat izanda, argi hitz egiten du: «Rigoberto Uran Parisko podiumean ikusten dut. Errendimendu datuek diote oraindik ez duela goia jo». Cannondale taldeak dituen bost zuzendarietako bat da, eta Tourrean ez dagoen arren —Giroa eta Vuelta egingo ditu—, gertutik jarraitzen du jarduna. «Rigok hau behar zuen. Ondo badago, hau da bere maila. Bi aldiz izan da bigarren Giroan, eta orain 30 urte ditu, adinik onena». Egun, 4. postuan dago, Froomerengandik 29 segundora
Cannondale Word Tourreko talderik txikiena da, aurrekontu murritzena duena eta, estatistikoki, multzo gazteena duena. Bi urte egin zituen garaipenik gabe, baina, aurten, hiru daramatza, eta, orain, Uranek ilusioa piztu du. Taldeko jabeak publikoki eskatu zuen babesle gehiagoren inplikazioa, eta Uranen jarduna amua izan daiteke. «Bai, baina euforiarik gabe. Orain lehian sartuta gaude, eta ezin gara despistatu», argitu du Garatek.
Uranek hiru urte ilun izan ditu, 2014az geroztik, eta orain suspertu da. Zergatik? «Bost taldetan egon da oso denbora gutxian, eta horrek ez du ohiturak hartzen laguntzen. Eta, gero, osasuna dago». Osasuna? Bai, Uranek badu gaixotzeko joera-eta. «Euskal Herriko Itzulian bigarren iritsi zen azken etapara, eta erlojupekoan amildu egin zen. Gero jakin genuen zergatik: etxean izan nuen gau hartan 40 graduko sukarrarekin eta dardarka».
Uranek arnasbideetako gaixotasunekin sufritzen du, «ni ere halakoa nintzen. Beste batzuek urdailean dute ahulunea», gogoratu du Garatek. Uranen osasuna babesteko, Cannondalek itzuli handi bakarrera eramatea erabaki zuen, Tourrera, eta ondo irits zedila. «Itzuli handi batek pila bat higatzen du gorputza. Immunologikoki jota uzten zaitu, eta erraza da gaixotzea. Gaur egun, zuzendariek duten buruhasute handiena txirrindulariak osasuntsu egotea da. Neurri guztiak hartzen dira; mekanikari bat eztulka hasten bada, mekanikari hori etxera doa. Nik, iaz, Kataluniako Voltan, medikua bidali behar izan nuen».
Garateren aurreikuspenak hor oinarritzen dira, Uranek osasunari eutsiko diola. «Nire podiuma? Froome, Uran eta Bardet». Alpeak pasatuko dituela uste du, eta larunbatean ez duela erlojupeko txarra egingo. Lehen Uran ona zen bakarkako lanean, baina azken urteetan okerrera egin du, eta Tourreko lehen egunean minutu batetik gora galdu zuen. Garatek, baina, badu itxaropena. «Egia da pattal dabilela eta ez zaizkiola erlojupeko onak irteten, baina larunbatekoa 20 kilometro dira, eta azken egunean sasoiak asko egiten du».
Garate ondo mintzo da Uranez. «Ingelesarekin arazoak ditu, baina tipo oso alaia da. Bere reggaeton eta musikarekin autobusean. Irunen egin zuen gau hartan, nire seme-alabekin txantxetan ibili zen, eta denak poz-pozik. Tourreko etapa irabazi zuenean hiruron argazkia bidali nion zoriontzeko». Zuzendariak, halere, beste ezaugarri bat goratu du: «Ez zaio ahaztu nondik datorren. Familia txiro batekoa da, eta txirrindulari izatea pribilegio gisa ikusten du. Gustatzen zaiona egiten du, eta, gainera, ordaindu egiten diote».
Sustraiak ahaztu gabe
Uranen iragan gogorra ezaguna da. Aita 14 urte zituela hil zioten, tiroketa batean; ama depresioan murgildu zen; berak lesio ugari izan ditu... «Horrek guztiak bizitza beste modu batera ikusten lagundu dio, eta ez da kexatzen». Aurtengo Tourrean 9. etapa irabazi zuen; azken 25 kilometroak aldagailua matxuratua zuela egin zituen. «Pinoi txikia erabil zezakeen bakarrik, baina ez zen jaitsi», azaldu du zuzendariak, eta azalpenarekin jarraitu du: «Nik baditut txirrindulariak xehetasun txikiekin erotu egiten direla. Botila bat ur eman beharrean ur gatzduna ematen badiozu, edo alderantziz, edo gurpilaren aire presioa 7 izan beharrean 7,5 bada, katastrofe bat da. Munduko albiste txarrena eman bazenie bezala hartzen dute. Uranek, aldiz, ez. Beste txirrindulari horiei aldagailua matxuratu izan balitzaie... Akabo. Ezinezkoa lukete etapa hura irabaztea» .
Rigo, ez gaixotu
Uranen sasoi bikaina aztertu du Juanma Garate Cannondaleko zuzendari irundarrak. Podiumean ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu