Buruz Buruko Txapelketa. Jokin Etxaniz. Aspeko zuzendari teknikoa

«Rezustak eta Zabaletak meritu handia dute, baina baita Altunak ere»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Lan askorekin dabil Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970), baina halakoetan beti dio gauza bera: «Seinale ona da».

Gehienez, hiru pilotari sar zenitzaketen finalerdietan, eta hiru sartu dituzue. Pozik, ezta?

Bai, noski. Enpresako sei pilotarik ekin zioten buruz burukoari: hiruk, final-zortzirenetan, eta, beste hiruk final-laurdenetan. Lehen kanporaketan, gure hiru pilotariek Baikokoei irabazi zieten. Beraz, seiak sartu genituen. Gero, elkarren aurka aritu zirenez, ziurtatu egin genuen finalerdietan hiru izatea, eta datorren urtean berriz hiru zerrendaburu izatea.

Jokin Altunak bakarrik eusten dio iaztik. Ezustean hartu zaituzte Beñat Rezustak eta Jose Javier Zabaletak?

Bai eta ez. Rezusta finalerdietan aritutakoa da, baina azken urteetan kanpora joan zen lehen partidan. Zabaletak ere ez zuen ezer aipagarririk egin. Pilotarentzat ona da hiru izen berri egotea, eta, guretzat, berri oso ona da iaz bi berriak gureak izan izana: Jaka eta Dario; eta aurten, hiru berrietik bi gureak izatea: Rezusta eta Zabaleta. Irribarria eta Ezkurdia ere hor daude: lehena, min hartuta dago; eta bigarrenak, ez du zorterik. Pilotari asko dira. Horrek esan nahi du enpresan maila handia dagoela.

Zabaletaren jardunak hartu ditu guztiak ezustean. Baita zu ere?

Bai eta ez. Dohain ikusgarriak ditu buruz buru jokatzeko, baina azken urteetako jokamoldeak ez dio mesederik egiten. Beste garai batean aritu izan balitz, jada hainbat txapel izango lituzke. Beste garai bateko jokoari eta txapeldunei erreparatzen diot hori esateko. Ez dut ezagutu bi eskuekin halako kolpea duen pilotaririk. Jokoa aldatu da, baina baita pilotak ere: lehengoak biziagoak ziren frontisean, baina gutxiago ibiltzen ziren lurrean. Horrek mesede egiten zien jotzaileei. Halere, Zabaletak gora egin du aurten. Sekretua? Gehiago entrenatu dela, baina, batez ere, sasoiz eta buruz izugarri indartsu dagoela, eta gogoz eta konfiantzaz gainezka.

Rezustak askoz barneratuagoa du jokamoldea, ezta?

Bai, gaztetan asko aritutakoa baita, eta Promozio Mailan, txapeldun izandakoa da. Baina lau urtez jarraian jokatutakoa da binakako finala, eta, ia ez zuen izan denborarik banakakoa prestatzeko. Eta atzelariek denbora behar dute. Hura, gainera, eskuetatik justu ibili zen binakakoan. Baina, gero, asmatu egin zuen takoak jartzen, ondo entrenatu zen, eta begira, nora iritsi den. Partida zaila eta gogorra du orain, Artola oso konpletoa baita. Haren jokoa, agian, klasikoagoa da: luze jokatzen du, eta aurrean ondo bukatzen duen arren, ez dago beste aurrelari batzuen pare. Ez dut ikusten sekulako alderik baten eta bestearen jokoaren artean; oso berdinduta ikusten dut lehia. Beñatek aukera du irabazteko, baina oso lan ona egin beharko du. Itxaropentsu nago. Oso ondo ari da, gozatzen, eta konfiantza handiz.

Rezustaren eta Zabaletaren jardunak itzalpean utzi dute Jokin Altunarena.

Beñatek eta Josek eginikoak meritu handia du, baina baita Jokinek egindakoak ere. Haren hastapenetan jendeak zioen lau eta erdian baietz, baina ez zela buruz burukoan nabarmenduko, eta txapeldun izan da, eta urtero dago oso goian. Oso ona da, oso zaila da hari irabaztea, eta ziur urtero hor egongo dela. Aurten, gainera, luze egin zitzaion binakakoa: goitik behera egin zuen, jokoz eta konfiantzaz. Baina bi txapelketen artean izandako denbora aprobetxatu du egoera iraultzeko. Beti da zaila lehen partida, eta zer esanik ez Ezkurdia aurkari izanda, zeina Peñari nagusitasunez irabazi zion. Bada, gainditu egin zuen Altunak, oso ondo jokatuta.

Ze itxura hartzen diozu Altunaren eta Zabaletaren artekoari?

Alde itzela dago baten eta bestearen jokoaren artean: Zabaleta, jotzaile handia da; Altuna, ez, baina defentsa ikaragarria du, pilota asko mugitzen du, eta ondo bukatzen du aurrean. Biek dituzte euren armak. Gakoa izango da nork aprobetxatuko dituen gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.