Berriz ere gaztaroan murgilduta dabil aspaldi honetan Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993). 2013an profesionaletarako jauzia egin zuenetik, punta-puntako atzelaria izan da beti, baina ibili izan da orain baino tristeago jokoz. Udan hiru lehiaketa irabazi ondotik, sasoi betean iritsi zaio Binakako Txapelketa, eta erarik onenean abiatu dira Joseba Ezkurdia eta biak. Besteak beste, lehen jardunaldian aise irabazi baitzieten Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletari, ostiralean: 22-12. Txapelketa luzea dela onartuagatik, ongi hasteak konfiantza areagotzen duela esan du Aspeko atzelariak: «Partida bat irabazteak ez du ezer esan nahi, baina egia da ongi hastea garrantzitsua dela beti, txapelketa bateko lehen partidak beti pizten baititu urduritasuna eta beldurra». Soilik lehen puntua bildu arren, Ezkurdiak eta Rezustak osatzen duten bikotea faboritoen zerrendaren goiko muturrean ageri da jada.
Ez da harritzekoa. Rezustak 11. txapelketa du aurtengoa; eskarmentu handia du, beraz. Dena den, sekula ez du Ezkurdiarekin aritu bikote gisa, eta poza hartu zuen aurkezpen egunean. «Iaz aipatzen zen bazitekeela biok elkarrekin jokatzea, baina arrazoi bat edo beste, aurten arte ez dugu aukerarik izan. Ezkurdia da atzelariari gehien laguntzen dion pilotaria, lan zikin asko egiten du, eta, gainera, badaki pilota onak uzten. Joan den astean oso ondo nabaritu genuen geure burua». Horregatik, pozarren da bergararra.«Kasik adinkideak izaki, oso ongi moldatu izan gara beti elkarrekin, eta, gainera, antzeko nortasuna daukagu. Bikotekideari asko hitz egiteko eta laguntzeko joera dugu. Partidak erritmo bizian jokatzen baditugu, gauza politak egiteko aukera izango dugu».
Hain zuzen, urteak dira binakakoan gauza politak egin ezinda dabilela Rezusta. Bai, behintzat, finalerako sailkatu ezinda. 2016tik 2019ra bitartean, final guztiak jokatu zituen: birritan izan zen txapeldun, Iker Irribarriarekin 2017an eta Danel Elezkanorekin 2019an; eta beste bitan txapeldunorde, 2016an Juan Martinez de Irujorekin eta 2018an Elezkano II.arekin. Ondo gogoan ditu garai haiek, baina ez du ezerk itsutzen. «Beti eduki behar da ilusioa finalera ailegatzeko, baina nik banekien lau final jarraian jokatzea ez zela oso normala. Lortutakoa baloratzen jakin nuen. Detaile asko aldeko tokatu zitzaizkidan, eta gozatzen asmatu nuen».
«Ezkurdia eta biok kasik adinkideak izaki, oso ongi moldatu izan gara beti elkarrekin. Bikotekideari asko hitz egiteko eta laguntzeko joera dugu» BEÑAT REZUSTAPilotaria
Emaitzei dagokienez, ondorengo urteak ez ditu hain emankorrak izan, baina horrek ez du estutu. «Polita litzateke berriz final batean izatea, eta ilusio horrekin egiten dut lan egunero, baina itsutu gabe. Neure burua ez dut estutuko horregatik. Nire esku dagoen guztia egingo dut ahalik eta ondoen aritzeko, eta etorriko da etorri beharrekoa». Eguneroko lanean zentratuta dago, ez beste ezertan. «Ez nuke jakingo esaten duela urte batzuetako Rezusta eta oraingoa zertan aldatu diren. Nik lana egitea dut buruan beti, eta, Jokin Etxaniz teknikariarekin batera, etengabe hobetzen saiatzen gara. Elikadura eta prestaketa fisikoa zaintzea ere gustatzen zait. Bolada onean nago aspaldian, baina badakit kontrakoa ere gerta daitekeela».
«Ilusioz» kantxaratzen da
Aspaldiko bolada luzean, ordea, oso maila onean dihardu bergararrak. Udan atzelaririk onena izan zen, txapeldun izan baitzen Gasteizko, Donostiako eta Logroñoko lehiaketetan. «Txapelketa ofizialak ez izanagatik, oso seinale ona da torneo horiek irabaztea, eta pozik nago egindako lanarekin. Nire ibilbideko udarik onenetakoa izan da». Batez ere, kantxan gozatzea lortzen du, eta hori da gakoa, pilotariaren esanetan. «Esperientzia eta konfiantza izatea, eskuek errespetatzea… Alor guztietan nago ondo. Goi mailako kirolarion artean normala da nonbait minen bat izatea, eta horrekin jokatzen ikasten dugu, baina, zorionez, inolako arazorik gabe nabil aspaldian, eta igarri egiten da». Horregatik, ilusioz kantxaratzen da. «Batzuetan, gerta daiteke partida jakin bat jokatzeko beldur izatea, niri ere gertatu zait. Azkenaldian ilusioz gainezka nago, baina, partida noiz iritsiko eta galtza zuriak noiz jantziko zain. Hori da kirolari bati gerta dakiokeen gauzarik onena».
Esperientzia lagun, kritikei entzungor egiten ere ikasi du Rezustak. Kantxan makalago ibili den boladetan, zera entzun behar izan du gehien: jada ez zuela lehen bezala jokatuko berriz, esku bakarrarekin jokatzea garesti ordaintzen delako, besteak beste. «Esku bakarraren kontu hori debuta egin nuenetik entzun behar izan dut, baina ez diot kasurik egiten. Badira beste pilotari batzuk joko gehiena esku batez egiten dutenak, eta jendeak ez du ezer esaten. Niri dagokidanez, arraroa edo berezia da atzelari bat ezkerra izatea, baina ohituta nago jendearen esanetara». Rezustak adierazi du bere horretan jarraituko duela. «Nik ahalegin betean jarraituko dut nire ibilbideak ahalik eta urte gehien irauteko. Lesioekin eragozpenik ez izatea ere garrantzitsua da. Urte hauetan guztietan inoiz ez naiz egon bizpahiru aste baino gehiago jokatu gabe, eta pribilegiatua naiz».
Oraingoz, bergararrak hurrengo partidan dauka burua, eta larunbatean jokatu beharko du, Iruñeko Labriten, Peio Etxeberria eta Julen Martijaren aurka. «Bi pilotari gogor eta sendo izango ditugu aurrean, eta ez da erraza izango irabaztea». Txapelketari dagokionez, lehia zabalik dagoela uste du, nahiz eta pare bat bikoteren izenak aipatu besteen gainetik: Elordi-Zabaleta eta Iñaki Artola-Jon Mariezkurrena. «Oso bikote indartsuak dira horiek, baina inor ez da egongo nabarmen beste inoren gainetik. Garrantzitsua izango da astez aste sasoiari eustea, hamalau jardunaldiz edozer gauza gertatzeko arriskua baitago».