Euskal Herriko Itzulia

Reusser garaile Itzulian, ezustean

Demi Vollering taldekidea zen liderra, ia minutu baten aldearekin, baina Sd Worxek beste estrategia bat erabili zuen garaipena eskuratzeko

Vollering, Reusser eta Niewiadoma, podiumean. GORKA RUBIO, FOKU
2023ko maiatzaren 15a
09:48
Entzun

Atzo amaitu zen Euskal Herriko Itzulia, eta Marlen Reusser (SD Worx) izan zen garailea. Ezusteko handia izan zen, Demi Vollering taldekidea eta Annemiek van Vleuten (Movistar) baitziren faborito nagusiak. Atzo arte, Euskal Herriko Itzuliko etapa guztiak, iazkoak eta aurtengoak, irabaziak zituen Volleringek, eta sailkapen nagusian ia minutu baten aldea zeukan bere alde. Sasoi osoan erakutsi duen gaitasuna ikusita, inor gutxik esperoko zuen Vollering txapelik gabe ikustea Donostian, baina Sd Worx taldearen estrategiak Reusserri eman zion garaipena eskuratzeko aukera. «Gaur biek irabazi dugu», esan zuen Reusserrek Euskal Herriko Itzuliko azken etapa eta karrera irabazi ostean.

Itzuliaren ibilbidea aurkeztu zen egunean bertan argi gelditu zen hiru etapa gogor izan arren Donostiako hirugarren etapan erabakiko zela sailkapen nagusia. Jaizkibel (7,9 kilometro, %5,6) eta Mendizorrotz (4,1 kilometro, %7,3) ez dira nolanahiko mendateak, eta egun txar batek edozein utz zezakeen lehiatik kanpo. Murgilen Van Vleuten ahalegindu zen aurrera egiten, baina aise itsatsi zitzaion gurpilera Vollering. Movistarrekoak ez zuen biderik egitea lortu, eta atzean gelditu ziren hiru txirrindulariek jaitsieran harrapatu zituzten: Olivia Baril (UAE), Katarzyna Niewiadoma (Canyon) eta txapelduna, Reusser.

Usurbilen eraso eginda irabazi zuen txirrindulari suitzarrak Itzulia. Bost ziklista zihoazen tropelaren aurretik, eta, etapa esprintean jokatuko zela zirudienean, Reusserrek lortu zuen beste laurak atzean uztea, eta bakarrik helmugaratu zen Donostiako Bulebarrean. «Orain arte bezala jarraitu genezakeen, Demik [Vollering] etapa irabaziz, baina ezetz erabaki dugu, eta berari ondo iruditu zaio. Oso eskertuta nago», azaldu zuen Reuserrek etapa amaieran. Berak ihes egin ondoren, Vollering taldekide eta une hartako liderrak ondo zaindu zituen gainerako taldeburuak. Sd Worx taldeko liderra bertan egonda, markaketa zorrotza egin zioten elkarri taldeburu guztiek, eta Reusserrek bidea egiteko aukera izan zuen. Ziztu bizian joan zen helmugara. Atzeko laukotea Donostiara iritsi zenean, bata besteari begira geratu ziren esprintaren zain, eta azkenean Vollering izan zen bigarren sailkatua, 2:38ra.

Alde horrekin, etapaz gain txapela ere irabazi zuen Reusserrek. Sailkapen nagusian ere, Vollering izan zen bigarren, 1:50era. Podiumean Niewiadoma izan zuten lagun. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) hamaseigarren izan zen azkenean sailkapen nagusian, Reusserrengandik 8:15era. Eneritz Vadillo taldekideak 142. amaitu zuen haren lehen Euskal Herriko Itzulia. Txapeldunarengandik 18:24ra amaitu zuen lasterketa hemezortzi urteko txirrindulariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.