Reunionen ere, pilota bizirik

Goi mailako palistak ditu Reunion uharteak, eta esku-huska ere lantzen hasi berri dira haurrekin. Lau pilota elkarte dituzte guztira, eta 250 bat partaide.

Azaro amaieran Saint-Denisen jokatu zuten txapelketako pala finalaren ondorengo podiuma; jendetza joan zen pilotalekura. PEIO IRIART.
jon eskudero
Saint-Denis
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ozeano Indikoan dagoen uharte bolkaniko bat da Reunion. Madagaskar uhartetik 700 kilometro ekialdera dago, eta Mauriziotik 200 kilometro mendebaldera. Biztanleak europarrak, afrikarrak, indiarrak eta txinatarrak ziren lehen, eta arraza horien nahasketatik sortuak dira gaur egun. Kreolera da uhartean zehar hedatuen dagoen hizkuntza, baina frantsesa da hizkuntza ofiziala. Besteak beste,Frantziako kolonia izan baitzen, 1946. urtean itsasoz haraindiko departamendu bihurtu zuten arte, Frantziaren administraziopean, betiere. 800.000 biztanle inguru ditu uharteak, eta laurdenak Saint-Denis hiriburuan bizi dira.

Oraindik ere ugari izan ez arren, pertsona ezagunak baditu Reunionek. Kirolariak, batez ere. Jackson Richardson munduko eskubaloi jokalari onenetako bat izana da; Dimitri Payetek, berriz, Frantziako futbol selekzioan jokatzen du. Izan ere, futbolak eta eskubaloiak badute indarra uharteko gazteengan. Baita boxeoak eta mendi lasterketek ere. Ordea, pilota da gero eta ezagunago bihurtzen ari den kirola. Azaroko azken bi asteetan munduko palista ugari izan da han, goi mailako txapelketa bat jokatzen, eta eskuzko partidak ere izan dira, erakustaldi gisa. Oihartzun handiaren ondorio, Saint-Deniseko pilotalekuan ikusle ugari ibili da.

Hain zuzen, Peio Iriart da Reunion uhartean pilota sustatzeko zeregina duen arduradun nagusia. Uztaritzekoa da sortzez (Lapurdi); orain lau urte heldu zen uhartera, Frantziako Pilota Federazioaren eskutik, eta buru-belarri dihardu lanean. «Lau pilota elkarte ditugu: hiru hiriburuan, eta beste bat Cilaosen. Guztira 250 lagun aritzen dira pilotan, hasi zortzi urterekin eta nahi duten arte. Kopuru hori ugaritzea izango da nire lana». Orain arte, larruzko paletak izan du indarra, handia. 2000z geroztik, emaitza bikainak lortu izan dituzte uharteko palistek. Frantziako Txapelketa 11 aldiz irabazi izan dute, Europakoa bost aldiz, eta hirutan geratu dira munduko txapeldunorde.

Aurrerantzean, baina, gazteek eskuz ere jokatzen ikas dezaten nahi du Iriartek. «Oinarria esku-huska izatea nahi dut. Horregatik antolatu ditut eskuzko erakustaldiak. Haurrei izugarri gustatzen zaie, eta haiek ere aritzen dira gomazko pilota bigun batzuekin». Besteak beste, uharteko eskola askorekin jarri dira harremanetan, eta eskola orduetan esku pilota lantzen hasiak dira, neska zein mutiko. «Pilota oso lagungarria da haurren heziketan. Baita helduen bizitzan ere. Bizitza soziala triste samarra dute askok, baina pilotak bestelako ikuspuntua ematen die. Haurrekin lan egiteko ilusioz gaude. Eskua lantzen abiatu gara, eta ondoren palara bideratzeko aukera izango du nahi duen orok». Oraingoz, pala txapelketak antolatzen dituzte, baina epe ertainera eskuzkoak ere badituzte buruan.

Hastapenean, zurien kirola

Arazo nabarmen bat dute: uhartean hiru pilotaleku besterik ez dago. «Gutxi dira haur guztiek jokatzeko aukera izan dezaten». Lehen, pilotalekua plaza librea izan zen. Hain zuzen, Hazparnetik (Lapurdi) apaiz bat iritsi zen uhartera, 1965ean, eta lagun euskaldun batzuk bilatuta, plaza librea eraiki zuten, palaz joka zezaten. «Elizaren diruarekin eraiki zuten frontoia. Hasieran, jende zuriak soilik jokatzen zuen, baina, urte gutxira, jende gehiago hasi zen, beltzak barne. Sekulako indarra hartu zuen, eta Saint-Denisko Udalak pilotaleku handia eraiki zuen».

Indar harekin batera, hiriburuan lehen kluba sortu zen: Chaudron. Eta, gerora, beste hiru ere bai. «Gaur egun, uharteko kirol nagusietakoa da pilota, eta bide berean jarraituko dugu hazten». Reunionen ez ezik, Iriartek buruan du Mauricion eta Madagaskarren ere pilotan irakastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.