Red Bull eta Ferrari izango dira aurtengo Munduko 1 Formula Txapelketan gertutik jarraitu beharreko taldeak. Agerikoak diren arrazoiengatik, Red Bull lerroburu guztietan agertuko da. Errekorren urtea izan zen 2023a haientzat, eta, hura errepikatzea ia ezinezkoa izango bada ere, beren burua jarri dute aurkari nagusitzat. Zentzu batean baino gehiagotan, gainera. Kirol eta errendimendu aldetik, taldea jakitun zen iazko auto berdingabea kopiatuko zutela gainerako guztiek. Ezaugarri ugarietan bat etortzeko joera dagoen garai honetan, Adrian Neweyk argi dauka atzekoekiko distantzia mantentzeko modu bakarra garapenean iraultzaile aritzea dela, eta horixe egin du.
Eta nola, gainera. Mercedesek 2022an W13 autoarekin eta 2023an W14 autoarekin probatutako bi kontzeptu bereganatu baititu. Mercedesen bi kontzeptu horiek esperotako emaitza ekarri ez bazuten ere, Red Bullen RB20 autoak haiek doitzea lortu du. Belarrondokoa sentituko zuten Mercedeseko teknikariek, haiek bi urtez landu eta ustiatzen jakin ez duten kontzeptua aurkariek aurkeztu dutenean. Bahraingo probetan ikusitakoan oinarrituz, gainera, Red Bullek asmatu egin du haiek erabilita. Nahiz eta ez jakin talde bakoitzak zenbat erregai erabiltzen duen eta motorrak zer potentzia duen, txanda luzeetan lortutako denborak ikusirik, ondorio batzuk atera daitezke, errore probabilitate txikiarekin. Hauxe da bat: Red Bull izan da azkarrena, Max Verstappenen gidaritzapean.
Ferrarik izan du denbora absoluturik onena, Carlos Sainzi eta Charles Leclerci esker. Itzuli soil batek zeresan gutxi du proba hauetan, Zhou Guanyuk laugarren denbora egin zuen, eta Verstappen seigarren izan zen, eta, halere, inor gutxik pentsatuko du Zhou Guanyu Verstappen baino faboritoagoa dela. Txanda luzeak aztertuta, Ferrari ez dabil Red Bullengandik horren urrun. Itzuliko hiruzpalau hamarrenekora egon daitezke, lasterketa konfigurazioan, alegia. Bahraingo lasterketaren amaieran, hogei segundo inguruko aldea izango luke Verstappenek. Autoak zertxobait aldatuko dira larunbateko lasterketa bitartean. Egoera iraultzeko moduan ez, ordea.
Negua oso lasaia izan da zentzu guztietan otsaila iritsi arte. Oso gutxitan gertatu izan da talde guztiek urte batetik bestera gidariak bere horretan mantentzea. Araudia ere hirugarren urtez nahikoa egonkor dagoenez, ikaraldirik gabe zihoan guztia. Lehenik, Hass taldeko arduradun nagusia aldatu zuten, Guenther Steinerrekin ez aurrera ez atzera zihoazela iritzita. Pneumatikoen arduradun gisa hasi zen 2003an, eta arduradun posturaino igo da.
Hamilton Ferrarira
Baina guztiak ezustean harrapatu zituen albistea Lewis Hamiltonen fitxaketa izan zen, 2025etik aurrera Ferrarin arituko baita. Horixe izan da taldeak jasotako beste belarrondokoa, Red Bullena baino handiagoa. Hamiltonek bi urte oso daramatza irabazi gabe, eta Mercedesengan zuen konfiantza higatuz joan da. Zer zentzu zuen Mercedesen jarraitzeak garaipena ezinezkoa izanik? Red Bullen atea ere itxita zegoenez, Ferrarin esango dio ziurrenik agur bere ibilbideari. Min handia egin dio horrek Mercedesi, Hamilton haien betiereko enbaxadore ikusten baitzuten.
Guztiak ez dira berri onak Red Bullen, baina. Taldeko arduradun nagusi Christian Hornerren gaineko ikerketa egin dute. Antza, taldeko lankide batek harekin jarrera desegokia izateaz salatu zuen. Taldeak absolbitu egin du, baina baliteke zerikusirik izatea Red Bullen sortzaileetako bat iaz hil zenetik konpainiaren kontrola bereganatzeko bi korronteen arteko lehiarekin. Horner izan da taldearen arduradun hasieratik, baita arrakastaren ageriko burua ere.
Hori guztia dela eta, denboraldi arteko negu luze honetatik sendoen atera dena Ferrari izan da. Hamiltonen berria zabaldu zenetik, konpainiaren balioak gora egin du. Gainera, mugimendua gertatu baino urtebete lehenago jakinarazi denez, urte osoan Hamilton-Ferrari lotura izango da hizketagai. Alain Prost, Michael Schumacher, Kimi Raikkonen, Fernando Alonso, Sebastian Vettel... guztiek probatu nahi izan zuten Ferrarin. Gehienak munduko txapeldun ziren lehendik, eta Ferrarik gehiago zuen haien beharra alderantziz baino. Oraingoan, gauza bera da. Presioa handiagoa dago Ferrariren gain, jauzi bat eman behar baitu Hamiltonek merezi duen autoa prestatzeko.
Horren galtzailea ez da Mercedes bakarrik izan; Carlos Sainz talderik gabe gelditu da 2025erako. Curriculum gustagarria du espainiarrak, eta ontzat hartzen dute paddock-ean. Audik 2026an egingo du debuta 1 Formulan, Sauber taldea oinarri hartuta. Proiektu horretarako gidari aproposa izango litzateke. Baina azkenaldian zalantzak aireratu dira Audiren konpromiso mailaren inguruan, bi urte barru motor propioarekin debuta egiteko seinale gutxi ikusten baitira. Hori guztia kontuan hartu beharko du Sainzek.
Bien bitartean, ramadana errespetatuz, denboraldiak larunbatean jokatuko diren bi lasterketarekin izango du hasiera: Bahrain eta Saudi Arabia. Azken urteetan bezala, 24 lasterketa daude zerrendan, baina iaz Emilia Romana euriteek bertan behera utzi zuten, eta Txinakoa COVID-19ak. Beraz, aurten lehen aldiz errekorra lor daiteke.
TALDEAK
Red Bull. Max Verstappen eta Sergio Perez.
Mercedes. Georges Russell eta Lewis Hamilton.
Ferrari. Charles Leclerc eta Carlos Sainz.
McLaren. Oscar Piastri eta Lando Norris.
Aston Martin. Lance Stroll eta Fernando Alonso.
Alpine. Esteban Ocon eta Pierre Gasly.
Williams. Alexander Albon eta Logan Sargeant.
Visa Cash App Rbi. Daniel Ricciardo eta Yuki Tsunoda.
Kick Sauber. Valtteri Bottas eta Guanyu Zhou.
Hass. Kevin Magnussen eta Nico Hulkenberg.
EGUTEGIA
Larunbata. Bahrain.
Martxoak 9. Saudi Arabia.
Martxoak 24. Australia.
Apirilak 7. Japonia.
Apirilak 21. Txina.
Maiatzak 5. AEBak.
Maiatzak 19. Italia.
Maiatzak 26. Monako.
Ekainak 9. Kanada.
Ekainak 23. Katalunia.
Ekainak 30. Austria.
Uztailak 7. Erresuma Batua.
Uztailak 21. Hungaria.
Uztailak 28. Belgika.
Abuztuak 25. Herbehereak.
Irailak 1. Italia.
Irailak 15. Azerbaijan.
Irailak 22. Singapur.
Urriak 20. AEBak.
Urriak 27. Mexiko.
Azaroak 3. Brasil.
Azaroak 23. AEBak.
Abenduak 1. Qatar.
Abenduak 8. Arabiar Emirerri Batuak.