Carlos Martinez

Realzale betiko

18 urteko ibiliaren ondoren, «pozik eta harro» utziko du Reala. Ulertu du klubak kontratua ez luzatzea, azken urte eta erdian apenas jokatu baitu, lesioen ondorioz. Futbolean jarraitu nahi du, ligan edo atzerrian.

Carlos Martinez, atzo, Anoetan eman zuen agurreko prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Xabi Prieto kapitain handiaren erretiroa iragarri eta hilabete eskasera, klubaren hazkundean giltzarri izan den beste jokalari bat agurtu zuen atzo Realak: Carlos Martinez. Albistea bezperan ofizial egin ondoren, Jokin Aperribai buru duen klubak merezitako agurra egin zion Anoetako prentsaurrekoan, eta hunkituta azaldu zen jokalaria. Taldekide eta familiakoak alboan zituela, eginiko ibilbideaz «pozik eta harro» agertu zen, eta ez zen gutxiagorako. Besteak beste, 13 urterekin Zubietara helduz geroztik, zenbaki distiratsuak gordeko baititu memorian: hemezortzi urtez egon da Realean, 11 lehen taldean, 208 partida jokatu ditu, lau gol sartu, eta gola sartzeko hamasei pase eman. «Bizitzaren zati bat ez, nire bizitza izan da Reala, bigarren familia, eta oso harro nago. Plazera izan da kolore txuri-urdinak zelai guztietan janztea».

Zehazki, 32 urterekin amaituko du Donostiako ibilia nafarrak, eta tokitan geratzen dira 1999ko garai haiek. Umea zela iritsi zen Zubietara Lodosatik, futbolerako balio ote zuen jakin nahian, eta ez zen berriz etxera bueltatu. «Batez ere, gurasoei eskertu nahi diet urte hauetako guztietako laguntza, haiek gabe ez bainintzen honaino iritsiko». Realera heldu berritan, Inaxio Kortabarria izan zuen entrenatzaile, eta, pausoz pauso, Realaren bigarren taldera heldu zen. Bitarte horretan, ikasketak ez zituen alde batera utzi. «Adiskide asko izan nituen alboan bigarren talde horretan: Mikel Gonzalez, Markel Bergara, Zurutuza, Aranburu, Labaka, Ansotegi, Agirretxe, Gorka Elustondo… Zenbat ote dudan haiei eskertzeko!».

Bada, Reala mailaz jaitsi izanak parez pare ireki zion lehen taldearekin debuta egiteko aukera, eta 2007ko abuztuaren 26an jokatu zuen estreinako partida. Realak 0-2 galdu zuen etxean, Castelloren aurka. Ibilbideak hasiera txarra izanagatik, laster etorri zitzaizkion albiste onak, eta ez du inoiz ahaztuko klubak Lehen Mailara itzultzea lortu zuen eguna. «Futbolak eman didan egunik zoriontsuena izan zen. Denbora bat generaman helburu horren bila, eta egun hartako irudiak beti gordeko ditut barruan. Jarraitzaileen grina izugarria zen, azaltzeko zaila, eta galanta izan zen igoera Anoetan eskuratzea».

Lehen Mailan ere jarraipen egokia izan zuen Martinezek, eta ziurrenik, 2012-2013ko denboraldia izan zuen inoizko oparoena. Philipe Montainerren agindupean, Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuten txuri-urdinek, eta hamaikakoan ezinbestekoa izan zen lodosarra. «Hasi eta buka, urte hura izan zen inoiz gehien gozatu dudana». Gerora ere taldean jokalari garrantzitsua izan zen eskuin hegalekoa, Montainerrekin eta Jagoba Arrasaterekin, baina, pixkanaka, taldean pisua galduz joan zen. 2013-2014ko sasoian hasi zuen gainbehera, Joseba Zalduaren agerpenarekin batera.

Larunbata du buruan

Ordutik, kalbario batean murgilduta egon behar izan du jokalariak. Harrobitik igotako jokalariekin aski lehiakortasun ez, eta, gainera, lesioak etsai izan ditu. 2016ko abenduaren 17an jasan zuen lesiorik larriena, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen. «Unerik txarrenean iritsi zen, eta ordutik ezin izan dut bururik altxatu». Besteak beste, sasoi honetan partida bakarra jokatu du, Reala Espainiako Kopatik kanporatu zutenekoa, Lleidaren aurka. Halere, larunbatean Leganesen aurkako lehian, zelaian egon nahiko luke. «Ordurako osatzea da lehentasun nagusia, zelaian esan nahi baitiot agur Realari». Etorkizunari begira, futbolean jokatzen jarraituko du nafarrak, baina ez daki non. «Ahal bada, Espainiako ligan, baina, beharko balitz, kanpora joateko ere prest nengoke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.