SOSLAIA. Xabi Prieto

Realeko kapitain beste urtebetez

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Zalantzan ibili da denboraldi osoan, baina, azkenean, taldeko teknikariek konbentzitu egin dute, eta Xabi Prietok (Donostia, 1983) kontratua berritu du Realarekin. Erretiroaren ideia buruan bueltaka izan arren, taldeko kapitain izango da gutxienez beste urtebetez. Prietok atzo eginiko adierazpenetan jokatzen jarraitu ahal izatea «amets bat» dela esan zuen.

Prietorentzat taldean jarraitzea amets bat izango da agian, baina sasoi honetako mailari erreparatuta arrazoi objektibo sendoak daude luzapena eskaintzeko. Erdilari beteranoak 28 partida jokatu ditu ligan, 22 hasieratik, eta sei gol sartu. Urteen zama nabaritzen duela esan du, baina jarraitzea erabaki du. «Fisikoki ondo nago, gozatzen, eta mentalki prest lehiatzeko. Entrenatzaileak, kirol zuzendaritzak eta presidenteak nik jarraitzea nahi izateak ere lagunduegin du».

Prieto Realaren historiako ikur bat da, eta bere legenda handitzeko aukera izango du. Hamahiru denboraldi egin ditu lehen taldean eta 488 partida jokatu. Realean partida gehien jokatu dutenen artean seigarrena da. Horietatik 441 ligakoak dira, eta hurrengo sasoian pixka bat jokatzen badu, Jesus Mari Zamora (455), Juanan Larrañaga (460) eta Bixio Gorriz (461) pasatuko ditu. Bada zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.