Realeko bederatzi zale zauritu dituzte gutxienez bart gauean Erroman, eta horietako bi daude ospitalean. Hori bai, Realak jaso dituen lehen informazioen arabera, zale horien egoera ez da larria.
Realak eta Laziok Europa Ligako partida jokatuko dute gaur gauean, eta partida hori jokatu bezperan izan da erasoa. La Repubblica-k dio bi taldeetako jarraitzaileen arteko borroka bat izan dela: Lazioko 80 eta Realeko 70. Zenbait iturriren arabera, bi taldeetako zaleek aldez aurretik hitzartua zuten borroka hori. Realekoa zaleak terraza batean zeuden eraso egin dietenean.
Koliseotik hurbil izan da erasoa, 22:00ak inguruan, eta ke potoak, lehergailuak, makilak eta taberna bateko aulkiak jaurti dituzte. Italiako Polizia iritsi denean bukatu da. Poliziak hainbat objektu jaso ditu, eta zenbait ultra identifikatu ditu. Atxiloketak ere egin zituen, zenbat izan diren zehaztu ez arren. Inguru horretan dauden bideozaintza kamerak ikuskatzen ari da orain.
Roberto Gualtieri Erromako alkateak «lotsagarritzat eta onartezintzat» jo du Lazioko zaleek Realekoei egindako erasoa. «Hiriari, herritarrei eta kirolaren espirituari min egiten diete».
Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kirol diputatuak gaitzetsi egiten ditu Erroma izandako «gertakari tamalgarriak». Azaldu duenez, «indarkeriazko portaera horiek gizarte gisa definitzen gaituzte, eta gure adingabeek ikasten dutenaren isla dira. Gipuzkoak ez du horren parte izan nahi, eta erabat gaitzesten dugu horrelako edozein jarrera».
Aperribai erietxean izan da bi zaleak bisitatzen
Jokin Aperribaik erietxean dauden bi zaleei bisita egin die goizean, eta Reala ostatu hartuta dagoen hotelera itzultzean eman ditu gertatutakoaren inguruko azalpenak. «Poliziaren informazioaren arabera, eta, audio batean jasotzen denez, gure zaleak oso lasai zeuden Lazioko zaleak egon ohi ez diren toki batean. Erasoa bat-batean izan da. Aurrena, bi suziri edo jaurtigai pirotekniko bota dituzte. Sua piztu da, eta ondoren egin diete eraso. Daukagun informazioaren arabera, ez dirudi elkar jotzeko geratuak zirenik». Bi zaurituekin hitz egiteko aukera izan du Aperribaik: «Medikuek haiekin hitz egiteko aukera eman didate. Urduri eta kezkatuta daude, normala den bezala. Hala egongo ginen denak. Espero dugu, eta hala nahi dugu, ahalik eta azkarren osatzea eta bizitzen ari diren une zail hau gainditzea».
Gertatutakoa oso larria dela berretsi du. «Laziorekin, UEFArekin eta Poliziarekin lanean ari gara, zer gertatu den argitzeko, eta errudunek dagokion zigorra jaso dezaten. Ez da halakorik geratu behar futbolean, ez zelai barruan, ez kanpoan. Guk ere gogotik egingo dugu lan berriro gerta ez daitezen». «Lasaitasuna» eskatu die Realeko beste zaleei, eta esan die klubak emandako jarraibideei kasu egiteko. 1.000 inguru daude Erroman. Zaleek elkartzeko lekua ez da aldatu: Piazza del Popolo izeneko plaza. Autobusak handik abiatuko dira Erromako estadio olinpikora joateko. Poliziarekin hitz egin dute, eta erabaki dute egokiena dela zaleak estadiorantz ateratzeko ordua apur bat aurreratzea. «Haiekin hitz egin dugu, eta lasai eta ondo daude».