«Joan al zara inoiz emakumezkoen futbol partida bat ikustera?», galdetu zuen asteazkenean BERRIAk sare sozialetan. Realak Espainiako Kopako finala jokatuko du bihar, eta, irakurleei galdera eginda, hau jakitea zen asmoa: emakumezkoen futbola bultzatzetik haratago, futbol zelaira joateko ohitura ba ote den. Realak 12.000 sarrera inguru zituen Zaragozan jokatuko den finala ikustera joateko, eta 5.000tik gora saldu ditu. Datua aipagarria da, aurreko finalean, Granadan, 1.500 realzale izan baitziren.
Larunbatean Realak Kopako finala jokatuko du Bartzelonan. Emakumezkoen futbola denez, badirudi gizartean ez dela sortzen gizonezkoekin bezainbesteko harrabotsa. Zuri galdetu nahi dizugu zuzenean: joan al zara inoiz emakumezkoen futbol partida bat ikustera?
— Berria.eus (@berria) May 15, 2024
BERRIAk X sare sozialetan egin zuen inkestan jende gutxik eman du botoa. 70 inguruk soilik (1.185 ikustaldi izan ditu txioak orain arte). Aurreko beste inkesta batzuekin alderatuta, gutxi da. Edozein kasutan, erantzuna eman dutenen artean baietz erantzun dutenak nagusitu dira. %65ek erantzun dute joan direla inoiz emakumezkoen futbol partida bat ikustera. %35k, berriz, ezetz erantzun dute.
Telegramen egindako inkesta, berriz, 485 lagunek erantzun dute, eta hor ere baiezkoak irabazi badu ere, aldea txikia izan da. %51k bozkatu du baietz, eta %49k, kontra.
Zaragozara Reala ikustera joaten diren zaleek Romareda plazan izango dute biltzeko gunea finalaren aurretik, futbol zelaiaren hegoaldeko sarreratik metro gutxira. Hirugarren aldiz jokatuko da finala Zaragozan. Lehen aldiz 1991n jokatu zen, eta Añorgak irabazi zuen Kopa.
Ikusi gehiago
Zaragozara joaten ez direnentzako ere prestatu du Realak beste biltoki bat: Donostiako Sagues plaza. Futbol partidak, zuzeneko musika, joko interaktiboak eta tailerrak, Go!azenen emanaldia, puzgarriak, tabernak eta jateko tokiak egongo dira Zurriolako hondartzaren alboan.