Alex Petxarroman. Futbolaria

«Realean hazi naiz, eta esker oneko hitzak besterik ez dut»

Realean 11 urteko ibilbidea osatu ondoren, Petxarromanek kluba utziko du. Bigarren taldea mailaz igo ostean, Realari «eskertuta» agertu da donostiarra. Okerrik ezean, Athleticen jokatuko du datozen urteetan.

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Aldaketa garaia da Alex Petxarromanentzat (Donostia, 1997). Eskuin hegaleko atzelariak ez du Realean segituko aurrerantzean: hala jakinarazi zuen klub txuri-urdinak joan zen ekainaren 2an. Ordurako, makina batek Athleticekin lotu zuten Petxarroman, eta jokalariak esan du «oso gertu» duela Bilbon jokatzeko aukera. Hori bai, etorkizunak ekarriko dionaren zain, atseden hartzen ari da; baita Reala B-rekin egindako lanaz «gozatzen» ere. Taldea Bigarren Mailan utzita, «oso eskertuta» agertu da Realean bizi izan dituen urte guztiengatik.

Oporretan zaude. Sasoi luzearen ondotik, atseden hartu eta gozatzeko garaia da, ezta?

Bai. Igoera lortuta, are arrazoi gehiago ditugu gozatzeko. Koronabirusaren eta guztiaren ondotik, dena gehiago kostatu da, eta, denboraldi luzea izan den arren, polita ere izan da. Oso pozik nago.

Bigarren mailara igo duzue Reala B. Urtea biribildu duen lorpena izan da?

Bai, noski. Nik esango nuke ezin hobea izan dela: bai pertsonalki, baita taldearengatik ere. Oso talde gaztea genuen, baina langilea. Urte ahaztezina izan da aurtengoa.

Zeintzuk izan dira ligan eta igoera fasean horren ondo aritzeko gakoak?

Hasteko, talde lana esango nuke. Aste guztietan, taldeak lana gogor egiteko asmoa izan du, eta uste dut hori izan dela gako nagusia. Gero, Xabiren [Alonso, entrenatzailea] eskua asko nabaritu da. Uste dut Sanseren [Reala B] jokoa aspaldian ikusitakoa baino hobea izan dela, eta hori ere nabaritu da denboraldiaren amaieran. Zerbait nabarmentzekotan, ordea, lana izango da. Hori, eta talde gaztea izanda erakutsi duen energia. Horrekin guztiarekin geratuko nintzateke.

Taldea mailaz igo da, baina klubak jakinarazi du zuk ez duzula Reala B-n segituko. Zer sentipen eragiten dizu horrek?

Pertsonalki, poza izan dut bidean, txikitatik amestutakoa egia bihurtu delako, baina pena ere bai, amaitu delako. 11 urte egin ditut Realean, eta, ni Realekoa izanda, beti amestu izan dut Realean jokatzearekin. Oraindik ez da ezer ofizial egin, eta ez dakit zer gerta daitekeen, baina egia da oso gertu nagoela Athleticetik, eta bi sentimendu sortzen zaizkit: alde batetik, poza, eta, bestetik, pena.

Athletic ekarri duzu hizpidera. Asko hitz egin da horren inguruan, eta zeuk esan duzu «oso gertu» duzula zuri-gorriekin aritzeko aukera. Abagunea sortu zaizunez, hori probesteko garaia iritsi al zaizu?

Bai, baina esandakoa: oraindik ez dago ezer ofizialik, baina egia da kontaktua aspalditik datorrela. Ea zer gertatzen den. Baina, tira, pozik nago. Realetik atera naizen moduak poza sortzen dit. Azkenean, zerbait historikoa lortu dugu [mailaz igotzea], eta horrek asetzen nau. Egia esan, oso pozik nago.

11 urte egin dituzu Realean. Haurra zinela iritsi zinen, eta bigarren taldean amaitu duzu: bizi oso bat klubean. Azken koska igo ez izanaren penarik ba al duzu?

Bai. Azkenean, haurren mailatik nago hor, eta 11 urte dira. Egia da azken urrats hori egitea oso zaila dela, baina nik uste dut merituak egin ditudala pauso hori emateko. Realean egiteko aukera ez zait sortu, eta beste leku batean bilatu beharko dut. Futbola horrelakoa da batzuetan; egia da pena pixka bat sortzen dizula. Azkenean, urte asko dira, eta ni Realekoa naiz txikitatik. Baina, tira, neure buruarengan pentsatu behar dut, eta uste dut aukera polita dudala aurretik.

Noiz jakin zenuen datorren sasoitik aurrera ez duzula Realean segituko, eta nolatan gertatu da aldaketa hori?

Egia esan, ez nekien nirekin zer gertatuko zen. Azkenean, nire ordezkariak asko hitz egin du Olaberekin [Roberto, futbol zuzendaria] eta kirol zuzendaritzarekin, baina ni albo batera geratu naiz. Nik argi nuen denboraldia hemen amaitu nahi nuela, eta ondo bukatu, gainera. Igoerako kanporaketak genituen aurretik; kristoren erronka zen, eta beste gaietatik apur bat deskonektatuta egon naiz. Nik nahi nuena Bigarren Mailara igotzea zen, eta halaxe gertatu da. Beste gai guztiak ordezkariak eraman ditu, eta ni albo batean geratu naiz.

Lehen Xabi Alonso ekarri duzu hizpidera. Zure agurreko oharrean esker bereziak eman zenizkion. Zer eman dizu entrenatzaileak?

Dena, nik uste. Niri, behintzat, haren izateko erak, lehiatzeko moduak, asko lagundu dit. Hori ere denboraldiaren gakoetako bat izan da. Nik uste hura etorri zenetik eman didan konfiantzak izugarri lagundu didala, eta orain naizen futbolaria izaten lagundu nauela. Aurtengo urtea ahaztezina izan da niretzat. Pentsatu behar dut aurreko denboraldian lesio larri bat izan nuela; nik ere zalantzak nituen nola aterako nintzen lesiotik, nola erantzungo zidan gorputzak. Xabik emandako konfiantzak lagundu dit zalantza horiek uxatzen. Oso eskertuta nago Xabiri, baita Realari ere, eta denei. Oharrean esan nuen: Realean hazi naiz, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut denentzat.

Lesio larri bat izan zenuen aurreko sasoian [belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen], baina aurten jarraitutasun handiagoa izan duzu. Jauzi bat eman al duzu?

Argi dago baietz. Pertsonalki, ez nuen espero aurten eman dudan maila ematerik. Ez dakit nola azaldu: lan gogorra egin dut osatze aldi osoan. Sakrifizio handia izan da, eta konpentsatua izan naiz. Baina lesio handi baten aurrean ez da jakiten: 22-23 urte nituen, 23 urtez azpikoen azken urtean nengoen, eta zalantza hori banuen. Pozik nago dena nola atera den ikusita.

Zer eskatzen diozu etorkizunari? Nolakoa aurreikusten duzu orain datorrena? Klubez aldatuko zara, hasteko.

Aurtengo urtearen modukoak izatea eskatzen diot: lesio gutxi izatea, eta futbolean aurrera egiten segitzea. Oraindik gaztea naiz, eta, askotan, ematen du 20 urterekin Lehen Mailan debutatu ez izanagatik ahituta zaudela. Baina nik zera nahi dut: lesiorik ez izan, eta, esan dizudan moduan, futbol arloan aurrera egiten segitu, sekulako aukera izango dudalako aurrerantzean. Hori aprobetxatu nahi dut: anbiziotsua naiz, eta hori lortzea da nire helburua.

Zeuk aipatu duzu aurrerantzean sekulako aukera izango duzula, eta lehentxeago adierazi duzu Athleticen jokatzetik oso gertu zaudela. Hala balitz, zuri-gorrien lehen taldearekin egingo al zenuke datorren denboraldi-aurrea?

Bai. Hori da apur bat hitz egin duguna. Hori bai, esan dizut: oraindik ez dago ezer ofizialik, baina, Realetik aterako banaiz, jada profesionalen mailan aritzeko izango da. Jauzi hori egitea da asmoa; bestela, ez luke zentzu handirik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.