Ez da erraza txapelketa bateko finalerdietara iristea, eta hara ailegatzeak badu meritua. Baina behin lortuta, hurrengo urratsa egitea da ametsa: finala jokatzea. Realak iaz ez zuen azken pauso hori eman Espainiako Kopan, finalerdietan Mallorcak kanporatu baitzuen, baina aurten beste aukera bat du, Real Madrilen kontra. Zaildu egin zaio, hala ere, bidea. 0-1 galdu du joaneko partida, Anoetan.
Ezer ez dago erabakita, hala ere. Horren erakusle, hauxe: Kopan elkarren aurka aritu ziren azkenengo aldian txuri-urdinak nagusitu ziren, final-laurdenetan 3-4 irabazita, Bernabeun.
Estadioaren kanpoaldean hasi da festa, taldeari egindako harrera beroan. Eta barruan segitu du. Anoetako harmailak leporaino bete dira, eta jokalariek nabaritu dute. Halaxe ekin diote partidari donostiarrek, harrotuta eta oldarkor. Bigarren minuturako, Barrenetxeak eman du abisua. Hortik gutxira, Kubok eta Braisek bat-bikoa egin, eta japoniarraren jaurtiketa Luninek urrundu du. Kornerrean ere gertu izan du gola Realak, baina Camavingak eragotzi du Aguerden errematea.
Presio itogarria egin dio Realak aurkariari, eta madrildarrak deseroso aritu dira lehen minutuetan. Ordea, gola erraz egiten du Real Madrilek, eta hori erakutsi du, beste behin. Lehen aukeran, sarera bota du baloia. Bellinghamek pase ona eman dio Endricki, eta Remiroren aurrean ez du huts egin aurrelariak.
Lanean eta arriskua sortzen segitu dute txuri-urdinek, baina Luninekin egin dute topo gehienetan. Aurrena, Braisek, eta, gero, Oiartzabalek. Aukera paregabea izan du kapitainak 27. minutuan. Baita Barrenetxeak ere, lehen zatiaren amaieran. Baina nola ez, Luninen eskuak galarazi du gola. Remirok ere izan du distira egiteko aukera; gelditu zoragarria egin dio Viniciusi.
Lehen zati oso ona egin du Realak, madrildarrek baino askoz hobea, baina atsedenaldira markagailuan atzetik dela joan da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea. Giroa ere gaiztotu da harmailetan. Epaileak jokalariak aldageletara joateko txistua jo aurretik, etenda egon da partida minutu batzuetan, eta irainik ez egiteko abisuak eman dituzte bai megafoniaz, bai estadioko pantailan.
Aurrenekoa bukatu bezala, erasoan hasi du Realak bigarren zatia. Gertu izan du berdinketa Oiartzabalek, baina atepean handi egin da Real Madrileko atezaina. Berdinketa lortzeko adina aukera sortu dituzte txuri-urdinek, baina ate aurrean ezin asmatuta ibili dira.
Madrildarrak ere beste txinparta batekin atera dira zelaira bigarren zatian, eta izan dituzte bigarrena sartzeko aukerak. 51. minutuan langara bota du baloia Endrickek, eta 82. minutuan beste geldiketa ikusgarri bat egin du Remirok.
Borrokan segitu dute Realeko jokalariek, baina ez da gehiago mugitu markagailua. Madrilen erabakiko da, beraz, kanporaketa. Gol baten aldea ez da hainbeste: badute aukerarik txuri-urdinek.
Reala-Real Madril
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Aritz, 77. min.), Aihen (Javi Lopez, 83. min.); Zubimendi, Sucic (Marin, 64. min.), Brais Mendez; Kubo, Oiartzabal (Oskarsson, 77. min.) eta Barrenetxea (Becker, 64. min.).
Real Madril. Lunin; Asencio (Lucas Vazquez, 46. min.), Rudiger, Tchouameni, Fran Garcia; Camavinga (Mendy, 88. min.), Ceballos, Guler (Rodrygo, 83. min.), Bellingham; Endrick (Alaba, 72. min.) eta Vinicius (Brahim, 83. min.).
Golak. 0-1: Endrickek (19. min.).