Igandean Valladoliden aurka hasieratik joka dezake gipuzkoarrak, eta, hiru urteren ostean, berriz ere ilusioa berreskuratzen ari da; lasai hitz egin du, ordea, aztoratu gabe.
Haritz Gallastegi
Iban Zubiaurrek hasieratik joka dezake Valladoliden aurka. Caparrosek hamaikakoan zelairatuz gero, lehen aldia izango litzateke Mendaroko eskuin hegalekoarentzat. Lehen partida titular gisa, eta bigarrena elastiko zuri-gorriarekin -joan den sasoian ordu erdi pasatxo jokatu zuen Vicente Calderonen-. Jokalari gipuzkoarra ilusioz gainezka dago. Bere herriko txokolate ospetsutik ontza bat jateak umetan egiten zion ilusio berberarekin dago, bi sasoi jokatu barik pasatu ostean hutsetik hasi baita. Egungo Zubiaurrek ez dauka iazkoarekin zerikusirik. Fisikoki Lehen Mailako jokalari bati eskatu behar zaion moduan dago. Jokatzeko aukera ere inoiz baino gertuago dagoela uste du.
Iban Zubiaurre protagonista da berriz. Orain, futbol zelaian egin duzunarengatik zara albiste iturri. Milanen aurka nabarmendu egin zinen.
Pozik nago. Halere, kontu handiz ibili behar dut. Lasai egon behar dut; Valladoliden aurkako partida urrun dago oraindik. Milanen kontra gustura aritu nintzen. Hala ere, ezin dugu ahaztu lagunarteko partida izan zela. Gainera, 45 minutu besterik ez nuen jokatu, eta ezin da ondorio asko atera.
Oso gutxi jokatzen duzuenentzat lagunartekoak baliagarriak izango dira. Hasierako hamaikakoan lekua izan dezakezuela erakusteko neurketak dira.
Gutxi jokatzen dugunok ez dugu aukera asko izaten gure balioaren berri emateko. Aukera apur horiek ahalik eta ondoen baliatu behar ditugu, entrenatzaileari jokatzeko gaitasuna daukagula erakusteko.
Uste duzu Milanen aurka egindako lanak balioko dizula Caparrosentzat lehentasuna duten jokalarien zerrendan sartzeko?
Ez dakit. Prest nagoela erakusteko balio dezake. Lagunarteko partidetan motibazio gutxirekin ikusi izan banindu, ez nuen aukerarik izango lehiaketa ofizialean parte hartzeko. Aukerak aprobetxatu egin behar dira.
Eskuin hegaleko atzelaria izan arren, erasoan jokatzeko erraztasuna duzula erakutsi zenuen.
Nik beti izan dut gustuko gora egitea. Realeko gaztetxoen taldean zein nagusiekin aritzen nintzenean ere, aurrera egiten ahalegintzen nintzen. Baina ezin dugu ahaztu Lehen Mailan gaitza dela aurrera egitea. Hegaletako jokalariak azkarrak eta kalitate handikoak dira. Beraz, burua erabili behar da noiz igo eta noiz ez erabakitzeko.
Erasorako duzun erraztasuna nabarmentzen duten neurri berean kritikatzen dituzte defentsan dituzun gabeziak.
Eskuin hegalekoa ez da postu berria niretzat, baina beheko mailetan aurrerago jokatu dut beti. Sansen hasi nintzen defentsan jokatzen. Badakit gehiago inplikatu behar dudala defentsako lanean. Azken denboraldi hauetan horretan hobetzen ahalegintzen ari naiz.
Zergatik uste duzu jokatu duzula horren gutxi orain arte?
Ez dakit. Azken hiru urteotan gauza askok izan dute eragina nire bizitza profesionalean. Luzaroan egon nintzen jokatu ezinik. Beraz, erritmo barik egon naiz. Lan saioetan %100 eman arren, erritmoa norgehiagoketan hartzen da. Ondo ari naiz entrenatzen. Buru aldetik ere prest nago. Denboraldia luzea da. Espainiako Kopa ere jokatu beharko dugu. Beraz, orain arte bezala jarraituko dut entrenatzen, besteek pentsatzen dutenari kasu handirik egin barik.
Iraola, Exposito, Ustaritz... lehia handia dago zure postuan.
Orain dela denboraldi bi, Athleticekin fitxatzea erabaki nuenean, argi nuen ez zela erraza izango jokatzea. Realean Bomba-k -Lopez Rekarte- jokatzen zuen. Taldeko kapitaina zen. Halere, ez nuen jokatzeko itxaropena galdu. Beti ailegatzen da jokatzeko aukera. Eta Athleticen ere berdin gertatzen da.
Ia hiru urte daramazu hasieratik jokatu barik. Pentsatzen duzu gauza horietan?
Egiari zor, ez nuen uste horrenbeste denbora pasatu zenik. Jokatzeko aukerarik ez nuen sasoian buelta gehiago ematen nion. Entrenatzen hasi nintzenetik ahaztu egin dut. Taldean sartuta eta inplikatuta nago.
San Mamesen ez duzu jokatu oraindik. Amets egin duzu egun horrekin?
Athleticekin ez dut jokatu, baina San Mamesen jokatutakoa naiz.
Beraz, elastiko zuri-gorriarekin debutatzea falta zaizu.
Askotan pentsatu dut une horretan. Nola zelairatuko naizen... irrikan nago. Milanen aurkako partidan sekulako gogoa neukan zaleei zer egiteko gai naizen erakusteko. Partida polita izan zen. Ea aurrerantzean aukera gehiago ematen dizkidaten.
Zure fitxaketarekin gertatutako guztiaren ondoren, jarraitzaileek gehiago eskatuko dizutela uste duzu?
Behin baino gehiagotan pentsatu dut. Oraindik ez dakit nola amaituko den auzia. Halere, jakin badakit Realari ordaindu beharreko diru kopuruaren arabera eskatuko didatela. Zenbat eta diru kopuru handiagoa ordaindu, exijentzia askoz handiagoa izango da. Horrelako kontuak alde batera utzi behar ditut. Ezin naiz uneoro horrelakoetan pentsatzen aritu. Nik jokatu egin behar dut, besterik gabe.
Dena dela, sarri askotan etortzen zaizu burura azken epaiaren eguna?
Bai. Hedabideetan agertzen dena hartzen dut erreferentzia gisa. Ez dizut esango ni izaten naizela gauzen berri azkena jakiten... baina gauza asko nik jakin aurretik agertzen dira hedabideetan. Ez dakit noiz izango dugun epaiaren berri. Oraingoz lasai nago. Presidenteak lasai lan egiteko esan dit.
Baliteke Realak dirurik ez irabaztea, bost milioi ordaindu behar izatea edo talde txuri-urdinak eskatzen dituen 33 milioi euroak ordaindu behar izatea... Hirugarren hipotesia gertatzen bada, zure inguruan egon daitekeen presioa jasanezina bihurtuko dela uste duzu?
Ez dut uste azken epaia zuk aipatu duzun hirugarren aukera izango denik. Beraz, ez dut horretan pentsatzen. Diru kopuru txikia ordaindu beharko dela uste dut.
Badirudi igandean jokatzeko aukera izango duzula. Halere, orain arteko egoera aldatzen ez bada irtenbide bat aurkitzeko prest zaude? Neguko merkatuan taldez aldatzea, esaterako.
Oraindik goiz da horrelako kontuetan pentsatzeko. Entrenatzaileak esan du jokalari guztiok izango dugula gure aukera. Gabonak iritsi bitartean jokatuko ez banu, beste planteamendu bat egin beharko nuke. Orain, ordea, ez naiz hori pentsatzen ari.
Valladoliden aurka Ustaritzek edo zuk jokatuko duzue eskuin hegalean. Kinieletan sartzea berria da zuretzat.
Unai Exposito ere ezin dugu ahaztu. Hainbat aukera daude. Gertuago dagoela ikusten dut. Halere, ez diot buruari buelta larregi eman gura. Astea jokatu behar dudala pentsatuz pasatu eta jokatzen ez badut... deialditik kanpo ere gera naiteke. Jokatzeko aukera ematen badidate, ilusio handiarekin baina lasai jokatzen ahaleginduko naiz.
Athleticen egoera ezerosoa da oso. Galduz gero jaitsierako postuetan egongo da talde zuri-gorria.
Goiz da jaitsieraren gainean berba egiteko. Dena dela, argi daukagu puntuak irabazi behar ditugula.
Jokalariok lasaitasuna eskatu duzue, baina talde zuri-gorrian aspaldi amaitu zen pazientzia.
Urduritasuna kanpoan nabaritzen da. Non gauden badakigu. Valladoliden aurka irabazten badugu, beste begi batzuekin ikusiko dugu etorkizuna.
Sufritzeko prest?
Ez sufritzea espero dut. Zuzendaritzak ahalegin handia egin du. Halere, denboraldi hasieran UEFA Kopa eta antzeko kontuak entzun behar izan genituen. Lasaitasun apur bat behar dugu. Lehentasuna larrialdirik ez pasatzea da.
Iban Zubiaurre, Athleticeko jokalaria
«Realari ordaindu beharreko diruaren arabera eskatuko didate zaleek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu