Ametsetakoa izan da Realaren Txapeldunen Ligako jarduna orain arte. Ikusgarri jokatu zuen multzoen fasean, eta lehen postuan amaitu zuen. Baina kanporaketak iritsi bezain laster zaildu zaio amesten jarraitzea. Txuri-urdinek 2-0 galdu dute Printzeen Parkean, eta Anoetan balentria egin beharko dute hiru aste barru aurrera jarraitzeko. Lehen zati ona egin dute, gola sartzear egon baitzen atsedenaldi aurreko azken jokaldian. Baina gaizki zaindutako korner bat eta defentsan bigun aritutako jokaldi bat baliatu dituzte Mbappek eta Barcolak golak sartzeko, eta partida eta kanporaketa bideratzeko.
Ondo hasi da Reala, goian presio estua eginez, PSGk baloia ateratzeko dituen zailtasunak baliatzeko asmoz. Eta hasi eta berehala izan du lehen aukera. Marquiñosek ez du baloia ondo aldendu, eta Andre Silvari iritsi zaio. Portugaldarraren errematea gutxigatik joan da kanpora.
Baina PSGk gutxi behar du gol aukerak sortzeko, eta lehen abagunea Fabian Ruizek izan du. Baina kanpora joan zaio ezkerrarekin egin zuen errematea. Lehen minutu horietan, dena den, Mbappek izan du abagunerik argiena. 6. minutuan izan da. Zubimendik baloia galdu du, eta Dembeleri ailegatu zaio. Sakonean pase ona eman dio Parisko taldeko izarrari. Buruz buru geratu da Remirorekin, baina atezainak ondo aldendu du erremate gurutzatua.
PSGk joan-etorriko partida proposatu du. Hori komeni zitzaion, jokoa asko landu gabe kontraerasoa baliatzeko. Izan ere, horretan primeran moldatzen diren jokalariak ditu, batez ere Mbappe eta Dembele. Realak, ordea, berean jarraitu du. Partidaren erritmoa apaldu egin du, eta defentsan ere ondo eutsi dio. Nahiz eta Le Normadek txartel horia ikusi duen. Barcolak buruz egindako erremate bat izan da lehen zati horretako beste aukera bakarra.
Realak oso adi egon behar zuen leku arriskutsuetan baloiak ez galtzeko, eta hala egin du. Oso lehen zati ona egin du. Gainera, lan on hori biribiltzear egon da lehen zatiko luzapenean. Merinok langara bidali du baloia, area kanpotik ezkerrez egindako jaurtiketa batean. Hala amaitu da lehen zatia.
Bi akats
Bigarren zatia lehenengoa baino lasaiago hasi da. Baina PSGren gola iritsi da, korner batean. Traorek min hartu du belaunean, eta kanpora atera da medikuekin. Hark zaintzen zuen Mbappe geldikako jokaldian. Dembelek atera du kornerra, lehen zutoinean buruz jo du Marquiñosek, eta, bigarrenean bakar-bakarrik, Mbappek aurretik jarri du etxeko taldea; 57. minutua zen. Kolpea izan da gola Imanolek zuzentzen dituen jokalarientzat. Hurrengo minutuetan, PSG nagusi izan da, eta gehiago gerturatu da Remiroren atera. Mbappek erremate ona bat egin du, eta Remirok esku on bat atera du. Baloia langara joan da, eta handik kornerrera. Etxekoek nahi zuten lekuan zeukaten partida. Are gehiago 70. minututik aurrera. Izan ere, Barcolak gola egin du. Traore bigun aritu da, eta zelai erdiko hegalekoak ondo gainditu du. Bakarrik geratu da Remiroren aurrean, eta ez du barkatu. Hortik aurrera, Realak gauza bakarra izan du buruan: ez ziezaiotela hirugarrena sartu. Asensiok eta Kolo Muanik izan dute horretarako aukera, baina ez dute lortu. Txuri-urdinak, berriz, arriskurik sortu ezinda aritu dira. Anoetan izan beharko du.