Asier Riesgo. Osasunako jokalaria

«Realaren zenbakiek beldurra ematen dute, baina etxean edonori irabaz diezaiokegu»

Osasunara iritsi zenetik seigarren aldiz izango du aurrez aurre talde ohia. Hori bai, beti bezala, aulkitik ikusi beharko du partida. Talde txuri-urdina bolada bikainean izanagatik, ziur da irabaziko dutela.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Oso bereziak dira Realaren aurkako derbiak Asier Riesgorentzat (Deba, Gipuzkoa, 1983). Ez da harritzekoa. Ia hamabost urte egin zituen talde txuri-urdinean, orain hiru urte Donostia utzi eta Osasunara iritsi zen arte. Ordutik sei aldiz jokatu du talde ohiaren aurka, eta behin bakarrik galdu. Bihar bolada on hori luzatu nahi du.

Reala dator Iruñera. Ez da talde ohia aurkari duzun lehen aldia, baina hala ere, berezia da partida?

Bai, bai, Realaren kontra jokatzea beti da berezia niretzat, baina berezia baino gehiago, garrantzitsua da partida guretzat. Irabazten saiatuko gara, puntu premia baitugu.

Une honetan beldurra ematen du Realak.

Bai, batez ere bere estatistikei begiratuta. Izan ere, uste dut azken hamahiru partidetan ez duela galdu, itzuli oso bat baino gehiagoko tartean porrot bakarra jaso du, eta emaitza horiek ikusita, egia da beldurra ematen duela Realak. Halere, gure zelaian edonori irabaz diezaiokegula badakigu. Hori gure alde daukagu, behintzat.

Realak kalitate handiko jokalari gazteak izanda, jakina zen etorkizuneko taldea izan zitekeela. Baina sasoi honetan bertan sailkapenean Reala hain goian ikusteak harritu al zaitu?

Realak oso jokalari onak dituela bagenekien sasoi hasieran, eta fitxaketa on pare bat egin zituela ere bai. Halere, Liga amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan Reala laugarren postuan egongo zenik ez zuen inork pentsatzen denboraldi hasieran. Hori egia da. Inork ez zuen espero horrelakorik.

Taldea Bigarren Mailan ere ezagutu zenuen. Zertan aldatu da gehien Reala harrezkero?

Jokalari berriak daude, kalitatezko fitxaketak egin dituzte, eta harrobitik irtendako jokalariek oinarri bikaina eman diote taldeari. Etxeko gazteek eta fitxaketa on horiekin nahasketa bikaina egin dute, eta horregatik daude dauden tokian .

Zein jokalari nabarmenduko zenuke Realean?

Markel [Markel Bergara] aipatuko nuke. Uste dut haren lanari merezi duen garrantzia ematen ari zaizkiola orain. Realak gaur egun duen jokatzeko erarekin oso jokalari garrantzitsua da. Hegaleko jokalariak asko igotzen dira, eta alde batera zein bestera egiten du Markelek hegalekoen bizkarrak zaintzeko. Joko zikin hori bikain egiten du, eta egundoko oreka ematen dio taldeari. Gero, erasoan, Xabi Prietoren lana ere nabarmenduko nuke, Eta Imanolen [Imanol Agirretxe] lana ere bai. Gol pila sartzen ari da, eta egundoko jokoa erakusten ari da.

Zer egin behar du ondo Osasunak Realari irabazteko?

Bizi-bizi eta indarrez jokatu beharko dugu. Hala egiten saiatzen gara beti etxeko partidetan, eta asmoa Realaren aurka ere hori egitea da. Ia partida guztietan baloia haiek izatera ohitu dira aspaldian Realeko jokalariak, eta hori saihesten ahaleginduko gara gu. Reala zelaian eroso ez egon dadin ahalegindu behar dugu, eta izan ditzakegun aukerak aprobetxatu.

Helburu dotorea dauka Realak: Txapeldunen Liga. Zuek, aldiz, inork gustuko ez duen borrokan sartuta zarete bete-betean. Hori nabarituko al da zelaian?

Guk behar handia daukagula argi dago, eta beraiek bolada onean izateak ematen duen konfiantza alde izango dute. Hori nabarituko da, eta guretzat ez da partida erraza izango, baina seguru nago ondo lehiatuko garela, gure jokorik onena egin eta irabaziko dugula.

Jaitsiera postuekiko lau punturen aldea duzue oraindik, baina dagoeneko barneratuko zenuten azken txanpara arte borrokan izango zaretela, ezta?

Garbi daukagu hori. Gutxienez 40 puntu beharko dira mailari eusteko, eta horretarako, hiru partida irabazi beharko ditugu. Beraz, argi daukagu sufritu egingo dugula. Etxean hiru partida geratzen zaizkigu, Sadarko azken hiru partidetan galdu egin dugu, eta ezin dugu gehiago kale egin.

Realaren aurka jokatu eta gero, Vallecasen eta Mestallan jokatuko duzue jarraian.

Bai, horregatik komeni da etxean hiru puntuak lortuta egitea aurre bi irteera horiei. Kanpoan ere zerbait atera ahalko dugula uste dut, baina etxean sendotasuna berreskuratzea oso garrantzitsua izango da mailari eusteko. Eta hori da gure asmoa.

Zure egoerari dagokionez, lesioa gaindituta berriro deialdietan sartzen ari zara. Erabat osatuta zaude?

Bai. Egia da lesioaren ondotik entrenatzen hasi nintzenean min apur bat nabaritzen nuela oraindik, baina horrelako lesio baten ostean normala zen hori. Orain guztiz osatuta nago, eta bete-betean ari naiz.

Osatuta bai, baina aulkia duzu beti zain. Azken jardunaldietan jokatzeko itxaropena al duzu?

Zaila izango da, Andres [Andres Fernandez] oso ondo ari baita. Halere, futbolean ez dago inoiz jakiterik noiz iritsiko den aukera.Prest egongo naiz, badaezpada.

Zure jaioterrian, Deban, Realeko jarraitzaile asko daude, eta Athleticeko zale batzuk ere bai. Lortu al duzu bakarren batzuk Osasunako jarraitzaile bihurtzea?

Tira, baietz espero dut, behintzat familiakoak. Baina Deban Realeko jarraitzaile asko daude, eta batik bat Reala orain dagoen bezala egonda, seguru asko direla Anoetara poz-pozik joaten direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.