«Iñigo Martinez historia da Realean». Irribarretsu bai, baina pozak ez, minak eragindako aurpegiarekin azaldu zen atzo prentsa aurrera Jokin Aperribai Realeko presidentea. Ondarroarrak Athleticerako bidea hartu izanak «ezustea» eragin ziola aitortu zuen, eta Realak ezin izan zuela ezer egin jokalariari eusteko. «Iñigoren ingurukoen deia jaso genuen esanez Athleticen eskaintza ukaezina zelaeta onartu egingo zuela. Nik ez dut jokalariarekin hitz egin.Realaren elastikoa jantzi nahi ez duenak hobe du beste bide bat hartu». Erabakiak ezustea eragin zion Aperribairi, batetik, ez zuelako uste jokalaria «hain une zailean» joango zenik; eta, bestetik, klub «handiago» batera joatea espero zuelako. «Iñigoren anbizioa ezagututa, Txapeldunen Ligako talderen batera joateak ez ninduen harrituko, baina sorpresan harrapatu nahi Bilborako bidea hartu izanak».
Aperribairen esanetan, uda «mugitua» izan zen Iñigoren inguruan. Besteak beste, Bartzelonak, Manchester Cityk eta Milango Interrek jo zioten atea, baina inor ez zen prest agertu haren etete klausula ordaintzeko: 32 milioi euro. Athletic izan da hori egin duena. «Duela bi urte berritu zuen kontratua Iñigok Realarekin, eta etete klausula sendoa ezarri genion. Denbora gutxian asko erotu da futbola, eta zenbaki handiagoak ikus daitezke orain. Gutxienez, diru kopuru handia jaso dugu». Realean baino 48 milioi euroko etete klausula handiagoa izango du ondarrutarrak Athleticen. 80 milioikoa. Diruarengatik joan ote den jokalaria Bilbora? «Ez dakit, baina klausula hori ikusita, pentsatzekoa da soldataren araberakoa izango duela. Hainbeste ordaindu ez baliote ez dut uste joango zenik. Ezin dut ezer ziurtatu».
Iñigoren afera ahaztuta, orainean eta Realean zentratu nahi du Aperribaik, bada eta nahiko buruhauste. Hori bai, konfiantza osoa du bere proiektuan. «Inoiz baino indartsuago eta harroago dago Reala. Gugan sinesten dugu: harrobian, pertsonengan, lehen taldean... Klub sendoa eta osasuntsua osatzen dugu, eta oraindik zeresana emango dugu denboraldi honetan». Atzelariaren irteerak klubaren proiektuari ez dio kolperik emango, Aperribairen esanetan. «Pertsonak haztea eta heztea da gure lana, ondo ari gara. Kirol arloari dagokionez, badugu nahiko lehengai Iñigoren hutsunea ordezkatzeko. Oker ez banago, denboraldiko lehen hiru partidak Aritz Elustondok jokatu zituen, eta irabazi egin genituen. Horregatik diot etxean bertan aberatsak garela».
Dena den, fitxaketei aterik ez die itxi nahi Realeko presidenteak. Milioi ugari eskuan izanagatik, ez du presaz jokatu nahi. Dagoeneko izen batzuk agertu dira mahai gainean: Diego Reyes, Lejeune... «Ez dugu fitxatuko fitxatzeagatik. Norbait egokia topatzen badugu Realaren balioak zelaian islatuko dituena eta ondo jokatzen duena, ekarri egingo dugu. Baina ez gara itsututa ariko. Jokalari gazte onak ditugu, eta haiek ere aukerak merezi dituzte». Merkatuan atzelariren bat bilatu nahian ari da zuzendaritza batzordea. «Hori da lehentasuna. Baliteke norbait fitxatzea, baina ez dugu presarik».
Besteak beste, Aperribaik zera du buruan: Realak etzi Deportivoren aurka jokatuko duen partida. Irabazi edo galdu, ez dirudi Eusebio Sacristanen azken partida izango denik aulkian. «Gure babes osoa dauka entrenatzaileak. Emaitzei dagokienez, krisian gaudela bistakoa da, baina gure printzipioetan sinesten jarraitu behar dugu. Jokalariak ere bat eginda gaude. Guztiok batera krisi honetatik ateratzen bagara, are indartsuago izango gara etorkizunean. Zer egingo dugu, Eusebio bota eta gure proiektuan sinesten ez duen norbait fitxatu? Ez. Ez da hori gure estiloa. Iritsiko dira garai hobeak».
Iñigo Martinezen fitxaketa
«Realaren elastikoa jantzi nahi ez duenak har dezala beste bide bat»
Aperribaik aitortu du kolpea izan dela Iñigo Martinez Athleticera joatea, baina indartsu daudela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu