Realak sei partida zeramatzan galdu gabe, eta beste horrenbeste golik jaso gabe. Gainera, zelai aproposera zihoan bolada horiek luzatzeko: Balaidosera. Izan ere, han jokatutako azken sei partidak zituen irabaziak. Baina ez da posible izan. Galiziarrek 2-0 irabazi dute, lehen zatiaren azken txanpan Pablo Duranek sartutako bi goli esker. Realak nabaritu egin du Zubimendiren falta, eta ez da gai izan partidaren aginte makila izateko. Celtak, berriz, nahi zuen jokoa egin du: zuzen eta bizi jokatu du, eta estu hartu du Reala presioan. Hala, txuri-urdinek aho zapore garratzarekin amaitu dute urtea, eta atzerapausoa eman dute Europako postuetan egonkortzeko borrokan.
Beste jokalari garrantzitsu batek ere ezin izan du jokatu: Aguerdek. Marokoko erdiko atzelariak min zuela ikusi du partida aurreko beroketan, eta Pachecok hartu du haren tokia; Turrientesek ordezkatu du, berriz, Zubimendi. Imanolen taldeak izan du aurretik jartzeko lehen aukera, lehen minutuan, geldikako jokaldi batean. Braisek atera du falta, eta gutxigatik ez da iritsi Zubeldia. Handik gutxira Sucicek izan du abagunea, baina Guaitak ondo erantzun du.
Dena den, etxekoak hobeto kokatu dira zelaian, eta jokoaren ekimena hartu dute minutuak igaro ahala. Horri esker, bi aukera on izan dituzte erreskadan, lehena Alfonek, urrutiko jaurtiketa batekin. Remirok ondo atera du eskua, eta kornerrera bidali du baloia, sasoi betean dagoela berretsiz. Celtako Marcos Alonsok atera du kornerra, eta zuzenean gola sartzear da.
Arriskuak hartuz jokatzen duten bi talde dira Celta eta Reala, eta bizi joan da partida hasiera: entretenigarria izan da. Baloia apenas igaro den zelai erditik, eta joko zuzena nagusitu da. Nahiz eta Reala saiatu den baloi jabetza luzeen bidez neurketari patxada apur bat ematen, eta jokaldiak lotzen. Ez du lortu, ordea.
Etxekoak erosoago zeuden hala jokatzen. Presio estua eginez berreskuratzen zuten baloia, eta berehala jartzen ziren Remiroren atera begira. Realari, berriz, kostatu egin zaio Guaitaren atera gerturatzea. Geldikako jokaldien bidez baino ez da hurreratu. Gainera, ez zuen lortzen partida kontrolpean izatea.
Celtaren eraso zuzen horietako batean, gol bikaina sartu du Pablo Duranek, urrutiko eskuinkada batekin. Jokalaria bakarrik zegoen area ertzean, eta, Remirok baloia ukitu duen arren, zutoinean jo ondoren sarera joan da. Hor amaitu da Realak golik jaso zeraman bolada. 39. minutuan izan da. Gainera, lehen zatia amaitzear zela, Aihenek ez du asmatu baloia ondo aldentzen, Alfoni iritsi zaio, eta haren erdiraketa bikain baliatu du Duranek berak bigarren zutoinean, gol arrastoan etxekoen bigarren gola egiteko. Hala amaitu da lehen zatia.
Marrazki aldaketa
Bigarren zatiari begira zerbait aldatu beharra zuen Imanolek, eta hala egin du. Jon Martin, Becker eta Oskarsson zelairatu ditu, eta marrazkia aldatu du, erdiko hiru atzelari eta bi hegaleko luzerekin jokatuz, eta estutzen hasi da. Baina Celtak gola egin du: Duranek berak sartu du. Txuri-urdinen zorionerako, epaileak baliorik gabe utzi du jokoz kanpokoagatik. Sustoa berriro ere Realarentzat.
Burarekin baino gehiago, bihotzarekin saiatu da Reala Guaitaren atera gerturatzen. Baina ez du argitasunik eta sakontasunik izan gaurkoan. Celtak, berriz, lehen zatian bezala, gutxi behar izan du Remiroren atera gerturatzeko. Alfonek berriro ere gertu izan du hirugarrena. Norgehiagoka amaieran, Realak atzean sartu du Celta, eta golen bat egitear egon da. Baina ez du lortu, eta emaitza ez da aldatu.