Santiago Bernabeutik kanpo garaipenik lortu gabe iritsi da Real Madril Anoetara. Eta etxean irabazi gabe zen Imanol Alguacilen taldea. Bada, batak bolada horri amaiera eman dio, baina besteak ez. Madrilgo taldeak 0-2 garaitu du Reala, eta Imanolenek Anoetan ez dute punturik lortu oraindik.
Ligako bosgarren jardunaldiko partida ona osatu du etxeko taldeak; aurreko neurketetan baino sendoago aritu da, baina zehaztasuna falta izan zaio. Iritsi dira Courtoisen atera, baina ez dute golik sartu. Susic austriarra bikain aritu da, baina bi bider jaurti du baloia zutoinera. Eta beste aukera batean langa jo du Beckerren jaurtiketa batek. Baloiak zutoina jotzean ateratako burdin hotsa nabarmendu da gaurkoan. Agian Eduardo Txillidari eginiko omenaldiaren parte izan da. Realeko jokalariak elastiko bereziarekin atera dira burdinarekin obra ugari egin zituen eskultorea jaio zenetik mende bat igaro dela eta.
Norgehiagoka lehiatua izan da, bi taldeak txandaka aritu dira erasoan. Hasiera-hasieratik erritmo bizian aritu dira bi taldeak. Etxekoen lehen aukera 24. minutuan heldu da. Carlo Ancelottiren taldeko atzelariek galdutako baloia area ertzetik jaurti du Susicek. Sekulako ostikada eman dio, baina ezker zutoina jo du. Minutu gutxiren ostean, Madrilgoek izan dute gola sartzeko aukera. Falta jaurtiketaz, Modricek erdiraketa bikain bat egin du; Rudigerrek errematatu du buruz, baina Remirok behar zenean jaso du besoa, eta baloia ez da sareetara iritsi. Jarraian, kontraerasorako aukera izan du etxeko taldeak. Sadiq bizkor irten da, baina trabatu egin da baloiarekin, eta ezin izan dute aukera baliatu.
Real Madrileko atzelariek galdutako beste baloi bat berreskuratu du Realak. Beckerrek ezkerrez jaurti du, eta, aurreko aukeran Susicek zutoina jo bazuen, oraingoan, Beckerren jaurtiketak goiko langa jo du. Lehen zatiko azken minutuetan, falta jaurtiketa bat eta bi korner atera dituzte Madrilgoek, baina atsedenaldira 0-0arekin iritsi dira.
Bigarren zatia hasi bezain laster aurrea hartu ahal izan du etxeko taldeak. Baina, Txillidari eginiko omenaldiak ez du etenik izan. Hirugarrenez jo du baloiak Courtoisen ateko zutoina. Susicen eta Sadiqen arteko jokaldi eder baten ostean, atearen aurrean geratu da austriarra. Ez zion baloia geratzeko aukerarik eman nahi Real Madrileko atezainari, eta, horrenbesteko zehaztasunez jaurtitzen saiatu da, non ezker zutoina jo duen. Segidan, erasora pasatu dira Ancelottirenak. Erasoaldi horietako batean, Arda Gulerren jaurtiketak, burdina ez, Sergio Gomezen besoa jo du. Horri esker iritsi da partidako lehen gola. Viniciusek ez du hutsik egin penaltiz, eta Real Madrilek 58. minutuan hartu du aurrea.
Oskarssonen estreinakoa
Imanolek aldaketak egitea erabaki du une horretan. Falta izan zaien zehaztasunaren bila, Oskarsson fitxatu berria sartu du, Sadiqen ordez. Lehen partida izan du islandiarrak Donostiako taldearekin. Etxeko taldeak, ordea, golik sartu gabe jarraitu du, eta Ancelottirenek beste penalti bat jaurtitzeko aukera izan dute. Oina zapaldu diote Viniciusi area barruan, behin baloia galdua zuela. Eta VARa begiratu ostean, penaltia izan dela erabaki du epaileak. Mbapek ez du huts egin. 75. minutuan, 0-2 ageri zuen markagailuak. Bi taldeek egin dituzte aldaketak, baina jokoa mantsotu egin da. Etxeko taldea amaierara arte saiatu bada ere, partida horrela amaitu da.
Sasoi honetan, etxean jokaturiko hiru norgehiagokak galdu ditu Imanolen taldeak. Datozen asteetan, baina, etxetik urrun ibiliko dira. Asteartean bertan jokatuko dute hurrengo partida, Mallorcaren zelaian. Ostera, ligako beste partida bat izango dute asteburuan, Valladoliden. Eta hilaren 25ean, Europa ligako partida jokatuko du Donostiako taldeak, Nizaren estadioan.