Realak Espainiako Kopan segiko du. Ez, ordea, Eibarrek. Txuri-urdinek Leganesi irabazita gainditu dute final-hamaseirenetako kanporaketa (2-3). Kontrara, Mallorcak irabazi egin dio Eibarri (1-2), eta armaginak lehiaketatik kanpo geratu dira.
Donostiarrek nahi baino gehiago sufritu dute aurrera egiteko. Lehen zatian eroso aritu dira, eta bi goleko abantaila lortu dute atsedenaldia baino lehen. Imanol Alguacilen taldeak garaipena bideratuta utzi du lehen zatia amaitzerako, Alexander Isakek eta Mikel Oiartzabalek egindako gol banari esker.
Bigarren zatian, ordea, erabat itxuraldatu da partida. Leganesek Diego Ricoren huts bat baliatu du aldeak murrizteko, eta orduan hasi da bisitarien sufrikarioa. Espainiak hazi egin dira, eta estu hartu dituzte Realekoak, 70. minutuan markagailua orekatzeraino. Juan Muñozek egin ditu bi golak. Leganes Realari erasaten ari zitzaionean, txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du Mateu Lahoz epaileak, eta Oiartzabalek bere bigarren gola egin du, bere taldeari garaipena emateko.
Eibar, gaindituta
Ipuruan, berriz, ilusioaren argi-izpia piztuta egon da minutu askoan zehar. Eibarrek dotore ekin dio Mallorcaren aurkako neurketari, maila bat gorago aritzen den talde bat gainditzeko xedez, eta xedea lortzea bideratuta eduki du partidan zehar. Atsedenaldiaren atarian gola egin dute eibartarrek. Gustavo Blanco Leschuk izan da golegilea, 45. minutuan.
Bigarren zatiari aldeari eutsiz ekin diote Gaizka Garitanorenek, baina minutuek aurrera Mallorcaren joa nagusitu da. Josep Gayak egin du berdinketaren gola, 68. minutuan, eta Angelek egin du emaitza erabaki duena, 82. minutuan. Hurrengo minutuetan saiatu bai, baina fruiturik ez du lortu Eibarrek. Saialdi ona egin du, halere.