Espainiako Kopa

Realak sufritu egin behar izan du kanporaketa gainditzeko; Athleticek, ez

Real Unionek eman du eguneko ezustekoa: Lehen Mailako Cadiz kanporatu du (3-2). Alaves eta Eibarrek ere gainditu dute kanporaketa; Cirbonerok eta San Juanek, ez.

Real Unioneko jokalariak Cadizen aurkako garaipena ospatzen, gaur, Irunen (Gipuzkoa). JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 13a
21:15
Entzun

Garaiz suspertu da Reala. Gorabeheratsua izan da txuri-urdinek Errege Kopako lehen kanporaketan jokatu duten neurketa, Cazalegas apalaren aurkakoa (1-4). Bigarren minutuan hartu dute aurrea gipuzkoarrek, Robert Navarroren golari esker. Arratsalde lasaia izango zela zirudien, baina Alguacilen mutilek ez dute bigarrena sartzen asmatu, eta 20 minutu falta zirela berdindu du partida Cazalegasek.

Ametsak, ordea, gutxi iraun dio Espainiako taldeari: berehala sartu ditu bi gol Sorlothek, eta Merinok sartu du laugarrena. Azkar konpondu du egoera Realak, eta bigarren kanporaketa jokatuko du.

Athleticek, ordea, ez zuen sufritu sailkatzeko partidan, Alziraren kontra jokaturikoan, eta 0-2 irabazi zuen, Alex Berengerrek eta Nico Williamsek lehenengo zatian sarturiko golei esker.

Asier Villalibrek aukera eduki zuen gola sartzeko bosgarren minutuan. Ez zuen sartu, baina taldeak jo eta ke jarraitu zuen, eta saria hamaseigarren minutuan heldu zen, Berengerren bidez, Villalibrek emaniko baloi bati esker.

Atsedenaldiaren aurretik sartu zuen bigarrena Williamsek.

Bigarren zatian, lan egin behar izan zuen Athleticek, Alzira etengabe aritu zelako partidari buelta eman nahian.

Baita, besteak beste, Real Unionek, Eibarrek eta Alavesek ere. Irungoena izan da ezustekorik handiena: Lehen Mailako Cadiz kanporatu dute, eta nola gainera (3-2). Negredok 60. minutuan jarri ditu aurretik bisitariak, eta 2-2koa Ivan Perezek egin du, 79. minutuan. Garaipenaren gola, berriz, 93. minutuan iritsi da: Nacho Sanchezek sartu du bere bigarren gola, Galen bildu diren zaleen zoramenerako.

Lleida irabazi du, berriz, Alavesek. Taichi Harak 48. minutuan sartutako gola baliatu dute babazorroek kanporaketa gainditzeko. Ondo defendatu dute emaitza hurrengo minutuetan. Eibarrek, berriz, errazago irabazi du Las Rozasen, 0-3. Azken minutuetan iritsi dira golak: bi sartu ditu Leschukek, eta bat Javi Muñozek.

Cirbonero eta San Juan apalak izan dira helburua bete ez duten euskal taldeak. Zintruenigoko taldeak 0-1 galdu du Intercityren aurka, eta Iruñakoak, berriz, 0-2 Numantziaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.