Futbola

Realak sei sasoirako fitxatu du Sadiq Umar

Talde txuri-urdinak inoiz egin duen fitxaketarik garestiena da. 20 milioi euro ordaindu dizkio Almeriari, eta, helburu batzuk betez gero, beste bost gehiago izango dira.

Sadiq Umar Almerian aritu da aurreko denboraldian. CARLOS BARBA / EFE
2022ko irailaren 1a
10:30
Entzun

Azkenean bai: Sadiq Umarrek Realean jokatuko du. Talde txuri-urdinak merkatua zabalik zegoen azken egunean baieztatu zuen Nigeriako aurrelariaren fitxaketa. Hark hartuko du Alexander Isaken lekua. 2027-2028 denboraldira arte fitxatu du. Talde txuri-urdinaren inoizko fitxaketarik garestiena da. 20 milioi euro ordaindu dizkio Almeriari, eta, helburu batzuk betez gero, beste bost ordaindu beharko dizkio. Gainera, Espainiako taldeak portzentaje bat jasoko du, baldin eta Realak aurrelaria saltzen badu etorkizunean. Nigeriarrak 25 zenbakia eramango du elastikoan, klub txurdi-urdinak jakinarazi duenez. Sadiqen ezaugarri nagusia gol sena da. Almerian jokatu dituen azken bi denboraldietan, adibidez, 41 gol sartu ditu.

Goizean iritsi da aurrelaria Donostiara, eta osasun azterketa pasatu du. Realak duela minutu batzuk egin du ofizial fitxaketa. Hala, lau izan dira Realak denboraldi honetarako fitxatu dituen jokalariak: Take Kubo, Brais Mendez, Alexandre Sorloth (utzita arituko da) eta Sadiq bera. Ezusterik ezean bihar egingo du lehen lan saioa nigeriarrak taldearekin, eta ikusi beharko da Imanol Alguacilek deialdian sartzen duen larunbatean talde txuri-urdinak Atletico Madrilen aurka jokatuko duen ligako partidarako. Neurketa larunbatean jokatuko dute 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.