Realak badu Espainiako Kopako final-laurdenetako aurkaria: Real Madril. Etxetik kanpo arituko dira txuri-urdinak. Otsailaren 13an jokatuko dute kanporaketa, partida bakarrera; 21:00etan hasiko da (Teledeporte). Final-laurdenetan arituko den euskal talde bakarra izango da Reala.
Azken urteetan balentria handiak egin dituzte Kopan txuri-urdinek. 2019an txapeldun izan ondoren, finalera iritsi ziren iaz. Sasoi honetan ere urratsak egiten segitu nahi dute, eta horretarako, Real Madril izango da garaitu beharreko hurrengo oztopoa.
Hain justu, datorren ostegunean, hilaren 23an, Espainiako Superkopako finalerdietan ere elkarren kontra jokatuko dute. Proba ona izango da indarrak neurtzeko.
Ligan oraindik ez dira lehiatu denboraldi honetan: 11. jardunaldian Zubietan zuten partida, baina haizeteengatik atzeratu egin zen —oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko duten—. Bigarren itzulikoa, berriz, martxo bukaeran izango da, Madrilen. Denbora gutxian, beraz, bi taldeak lau aldiz arituko dira nor baino nor gehiago.
Final-zortzirenetan ere etxetik kanpo aritu zen Reala. Deportivo hartu zuen mendean, 0-1, Emmak bigarren zatian sartutako gol bati esker. Real Madrilek, berriz, Vila-real kanporatu zuen, 0-2 irabazita. Aurkari indartsua izango du Realak aurrean.
Vanegas, min hartuta
Albiste txar bat ere jaso dute txuri-urdinek. Manuela Vanegasek eskuin belaunean min hartu zuen Bartzelonaren aurkako partidan. Tankera txarra zuen kontuak, eta mediku probak egin ostean, okerrena baieztatu da: hautsita du atzeko lotailu gurutzatua. Hurrengo asteetan egingo diote ebakuntza.
Realarentzat jokalari garrantzitsua da Vanegas, eta haren falta sumatuko dute. Klubak babesa adierazi nahi izan dio jokalariari.