Reala 1-2 Rayo Vallecano

Realak Rayoren aurka galdu du estreinakoan

Partida eskasa jokatu dute txuri-urdinek, eta Rayok izan dituen aukerak baliatu ditu. Zubimendik azken-azkenean txukundu du markagailua.

Brais Mendez Anoetan, gaur, Rayoren goletako baten ostean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Brais Mendez Anoetan, gaur, Rayoren goletako baten ostean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 18a
21:10
Entzun

Gaizki hasi du denboraldia Realak. Uda nahasia izan da Donostian; Robin Le Normandek taldea utzi du, Mikel Merinoatozen egunetan Arsenalera joango da, Martin Zubimendi ozta-ozta ez da Liverpoolera joan; eta hori gutxi balitz bezala, txuri-urdinen zortzi jokalari aritu dira Eurokopan eta Olinpiar Jokoetan. Horrek guztiak eragina izan du prestakuntzan, eta, testuinguru horretan, azken astean gutxi hitz egin da gaurko partidaz. Gutxiegi, ziurrenik.

Printzipioz, irabazi beharrekoa zen. Realak Rayo hartu du Anoetan, mailari eusteko borrokan ibiliko den taldea, ustez. Imanol Alguacilek ezusteko jokalari pare bat sartu du hamaikakoan, Urko Gonzalez de Zarate eta Sheraldo Becker zelairatuta. Zubimendik aulkian hasi du partida. 

Hamargarren segundorako lehen abisua eman diete txuri-urdinei, baina Ratiuk rabonaz egin duen errematea ondo desbideratu du Pachecok. Hamabosgarren minutuaren inguruan egin da Reala baloiaren jabe, eta gol aukera on pare bat ere izan du: Turrientesek area kanpotik egindako jaurtiketa bat eta Elustondok buruz errematatutako bat. Atsedenaldian, 0-0.

Kolpea

Imanolek Zubimendi atera du bigarren zatirako, baina dinamika ez da askorik aldatu. Realari asko kosta zaio gol aukera argiak sortzea, eta min egin dio Rayoren presio handiak. Muminek berreskuratutako baloi batean heldu da gola, 67. minutuan. Atzelariak De Frutosi pasatu dio, eta hegaleko jokalariak, Javi Lopez debutariari izkin egin, eta gol bikaina sartu du. Sekulako kolpea izan da Realarentzat.

Sergio Gomez eta Barrenetxea atera dira zelaira, baina arriskua sortu ezinda segi dute etxekoek. Debuta egin du Luka Sucicek ere, baina bere lehen jokaldian gaizki ulertu da Lopezekin, Cissek baloia berreskuratu du, eta, Remiroren aurrean, bakarrik, Camellok ez du huts egin. Bigarren golak mutu utzi du Anoeta. Luzapeneko azken minutuan sartu du ohorezko gola Zubimendik, Sucicen, Braisen eta hiruren artean egindako jokaldi eder batean. Badago zer hobetua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.