Arantza zuen sartua Realak joan den ostegunean Manchesterren galdu ostean, eta, nolabait, hasi da arantza hori ateratzen. Bina berdindu du Rayo Vallecanoren etxean, Madrilen.
Txuri-urdinak aurretik jarri dira partida hasi eta hogei minutura. Martin Zubimendik sartu du gola, Sergio Gomezek korner bat atera duenean. Bakarrik utzi dute arean, eta bolea baten bidez sareratu du baloia.
Zubimendi ere protagonista izan da Rayoren berdinketan. Izan ere, irrist egin du arean, eta bidea eman dio Oscar Trejori gola sartzeko.
Rayok Reala estutzen jarraitu du, eta madrildarrak aurretik jarri dira Pedro Diazen bitartez. Atearen paretik, baloikada gogor bat jaurti du, eta hura gelditzea ezinezkoa izan zaio Remiro atezainari.
2-1 jarri dira aurretik madrildarrak, eta bazirudien partida horrela amaituko zela. Baina Imanol Alguacilek aldaketa bat egin du: Arkaitz Mariezkurrena sartu du zelaian Olasagastiren ordez. Erabaki hori funtsezkoa izan da, minutu gutxiren buruan markagailua berdintzeko gola sartu baitu Mariezkurrenak. Arearen barruan baloi bat urruntzen saiatu dira madrildarrak, baina penalti puntuan zegoen Mariezkurrena, eta haren oinetara heldu da.
Eta beste aukera bat ere eduki du gazteak arearen kanpotik.
Azkenean, berdinketa lortuta pozik egon daiteke taldea. Azken jardunaldietan partida asko jokatu du taldeak, eta nabarmena da nekea. Orain, atsedenaldi bat izango dute, indarrak biltzeko, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko xedearekin ekingo diote ligaren azken txanpari. Ez dago erraza, ordea: Europako postuetatik bederatzi puntura dago.