Realak puntu bat eskuratu du partidaren amaieran, Sucicen gol bati esker

Atletico Madril lehen minutuan aurreratu da, baina txuri-urdinak nagusi izan dira zelaian.

Luca Sucic taldekideekin gola ospatzen. JAVI COLMENERO / EFE
Luca Sucic taldekideekin gola ospatzen. JAVI COLMENERO / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko urriaren 7a
07:55
Entzun

Realak 1-1 berdindu zuen atzo Anoetan Atletico Madrilen aurka. Puntu bat eskuratu zuen, eta, bakarra izanagatik, gogotsu ospatu zuten futbol zelaian elkartu ziren 31.983 zaleek. 21:00etan hasi zen partida, eta lehen minutuan sartu zioten gola Realari. 51 segundo behar izan zituen Atletico Madrilen markagailuan aurretik jartzeko. Sucicek orpoz jo zuen baloia, eta Galanek hartu zuen; luzean pasatu zion Griezmanni, eta Julio Alvarezek ez zuen barkatu Remiroen aurrean. Partida ezin zen okerrago hasi. Atzokoa amesgaizto bat izan zitekeela zirudien, baina ez zen hala izan.

Gola sartu ostean, Atletico Madril atzean sartu zen. Bost atzelarirekin jokatu zuen, kontraerasoan bigarrena egiteko esperantzarekin. Cholo Simeoneren taldea, baina, oso eskas aritu zen hortik aurrera. Golaz geroztik, ez zuen berriro jaurti baloia Realaren atera. Txuri-urdinek ez zuten amore eman lehen gol goiztiar hori jaso ondoren. Zubimendi eta Aguerd gola sartzeko zorian izan ziren jokaldi batean: lehenak buruz errematatu zuen, baina Oblakek geratu zuen; jarraian, jokalari marokoarrak jaurti zuen, baina hor ere azkar ibili zen Atletico Madrileko atezaina. 33. minutuan, Sergio Gomezen erdiraketa jasotzear izan zen Oiarzabal, bain Lenglet sartu zen tartean. Kubok ere izan zuen bere aukera lehen zatia amaitzear zela, baina Oblakek eragotzi zuen gola orduan ere.

Bigarren zatian, nagusi izan zen Reala. Baloia bereganatu zuen, eta, hasieran Nahuel Griezmannen erdiraketa batean bigarren gola egitekotan izan bazen ere, Atletico Madrilek ezer gutxi egin zuen. Partida motelak mesede egiten zion, eta itxura oso txarra eman zuen. 84. minutuan, ordea, De Paulek huts egin zuen, eta Sucicen ez zuen barkatu. Luzapenean, Kubok izan zuen beste aukera bat, baina jaurtiketa langaren gainetik joan zen.

Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Javi Lopez (Brais Méndez, 46. min.); Zubimendi, Sergio Gomez, Sucic; Kubo, Oiarzabal eta Becker (Barrenetxea, 61. min.).

Atletico Madril: Oblak; Molina, Lenglet, Gimenez, Witsel, Javi Galan (Reinildo, 83. min.); Barrios, Koke, Gallagher; Griezmann (Riquelme, 83. min.) eta Julian Alvarez (Sorloth, 73. min).

Golak: 0-1, Julian Alvarezek (1. min.). 1-1 Sucicek (84. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.