Realak Oskarsson eta Aguerd fitxatu ditu azken orduan

Aurrelari islandiarrarengatik 20 milioi euro inguru ordaindu ditu, eta 2030. urtera arteko kontratua egin dio. Atzelari marokoarrak West Hamek utzita jokatuko du.

Orri Oskarsson eskuinean, Danimarkako Ligako partida batean, iazko abuztuan. Mads Claus Rasmussen / EFE
Orri Oskarsson eskuinean, Danimarkako Ligako partida batean, iazko abuztuan. Mads Claus Rasmussen / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko abuztuaren 31
07:20
Entzun

Urduritzen hasiak ziren realzaleak, baina azken orduan Realak bi fitxaketa garrantzitsu egin ditu. Orri Oskarsson aurrelari islandiarra fitxatu du Kopenhage taldetik. 20 milioi euro inguruko etete klausula ordaindu du Donostiako klubak, eta Umar Sadiqekin batera Realak inoiz egin duen fitxaketa garestiena izango da. 2030. urtera arteko kontratua egin dio. Oskarssonek 20 urte ditu, 1,85 metro garai da, eta erdiko aurrelari gisara aritzen da. Bart gauean iritsi da Euskal Herrira, eta gaur pasatuko du azterketa medikoa. Danimarkako Ligan hamabi partida jokatu ditu jada, eta zazpi gol sartu ditu Donostiara heldu aurretik.

Realak azken orduan egin duen beste fitxaketa Najef Aguerd erdiko atzelari marokoarra da. West Hamek utzita jokatuko du sasoia amaitu bitartean. Jokalariaren soldata ordaintzeaz gain, bi milioi euro eta gehigarriak ordaindu beharko ditu Realak. 1996ean jaioa da, eta 1,90 metro garai da. Erdiko atzelaria izan arren, eskuinean ere joka dezake.

Bi fitxaketa horiekin amaitu da Realean udan fitxaketak egiteko epea. Le Normand eta Merino salduta, azken urteetan pieza garrantzitsuak izan diren bi jokalari galdu ditu Imanol Alguacil entrenatzaileak. Horri gehitu behar zaio, gainera, Umar Sadiqek ez duela eman bere fitxaketak ematea espero zena. Bart gaueko bi fitxaketekin batera, Luka Sucic erdilaria, Javi Lopez ezker hegalekoa eta Sergio Gomez erdilaria fitxatu ditu Donostiako taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.