VILA-REAL 0-3 REALA

Realak omenaldirik onena egin dio Aitor Zabaletari

Garaipen distiratsua eskuratu du talde txuri-urdinak Vila-realen, eta Europako postuetan tinko finkatu da. Merinok, Zubimendik eta Kubok sartu dituzte golak, hirurak lehen zatian.

VILA-REAL-REALA.
Realeko jokalariak, gaur Vila-reali sartutako hiru goletako bat ospatzen. ANDREU ESTEBAN / EFE
jon eskudero
2023ko abenduaren 9a
21:05
Entzun

Erarik onenean omendu du Realak Aitor Zabaleta, hil zutenetik 25 urtera. Urteurrena zela medio, Realak berak zenbait detaile izan ditu aste honetan jarraitzaile txuri-urdina zenarekin; besteak beste, deialdiko zerrendan sartu zuen haren izena, 25 zenbakiarekin; eta hamaikakoaren berri eman zuenean haren izen-abizenak zituzten jokalari guztiek. Detaileak detaile, garaipena bera zuen omenaldirik onena Zabaletak, eta txuri-urdinek ez dute hutsik egin Vila-realen zelaian. Irabazi ez ezik, erakustaldia emanda ere gailendu da Imanol Alguacilen taldea, eta balio handiko hiru puntu eskuratu ditu. «Aitorrek [Zabaletak], goitik, gozatu egingo zuen. Taldearen ahalegin osoa harentzat eta haren familiarentzat da», esan du Imanolek partida amaieran.

Lehen zatian batez ere hankapean ibili du Vila-real, eta azken minutuetan jaso du saria, bata bestearekin atzetik hiru gol sartuta. Merinok, Zubimendik eta Kubok sartu dituzte golak, atsedenaldiaren atarian. Bigarren zatian orekatu egin ditu indarrak Marcelinoren taldeak, baina Remiro oso fin aritu da atean, eta, azkenean, eroso gailendu da Reala. Hala, laineza hartuta iritsiko da Milanera (Italia), asteartean Txapeldunen Ligako partida erabakigarria jokatzeko. 

Ligaxkako lehen postua izango dute jokoan txuri-urdinek, Milango Interren aurka, baina neurketa hori kontuan hartu gabe osatu du hamaikakoa gaur Imanolek. Izan ere, jokalari garrantzitsu guztien alde egin du hasieratik. Erritmo bizian abiatu dute lehia bi taldeek, baina azkar antzeman da Reala erosoago zegoela zelaian, batik bat taktikoki egoki interpretatu duelako jokoa. Baloia atzetik jokatuta ateratzen ahalegindu da Vila-real, eta presioan ezin hobeto ibili dira txuri-urdinak.

Baloi ugari lapurtu dituzte, eta lehen gol aukera Realak berak izan du, Merinori esker. Haren burukadari geldiketa ona egin dio Jorgenssen Vila-realeko atezainak. Gidoiak bere horretan jarraitu du, baina lehen zatiko ordu erdia betetzean Imanolek albiste txarra jaso du, Brais Mendezek zelaia utzi behar izan baitu min hartuta. Turrientes zelairatu da haren ordez. 

Edonork jokatzen duela ere, ohiko nortasuna eta garaipen gosea beti izan ohi ditu Realak, eta aldaketa horrek ez dio ezertan eragin taldeari. Aitzitik, golak orduantxe iritsi dira. Lehenbizikoa Merinok sartu du, korner batean, 38. minutuan. Vila-realek arazo handiak izan ohi ditu geldikako jokaldietan, eta horixe ederki baliatu dute donostiarrek aurretik jartzeko. Bigarren gola Zubimendik sartu du, hortik hiru minutura, pase on bat jaso eta lehen ukituan jaurtiketa ederra eginda; eta, lehen zatiko azken jokaldian, Kubok sartu du hirugarrena, Merinoren pase doi bat jasota. Minutu gutxian aparteko eraginkortasuna erakutsi du Imanolen taldeak. Nabarmentzekoa izan da, dena den, Remiroren lana ere. Reala 0-2 aurretik zela, goi mailako bi geldiketa egin behar izan ditu: lehenbizi, Parejori, eta ondoren, Gerard Morenori.

Indarrak, orekatuago

Bigarren zatian bestelako jarrera eta joko batekin zelairatu da Vila-real, eta indarrak orekatuago egon dira. Antzeko egoera batean egokitu zen Herrialde Kataluniako taldea orain dela gutxi, Athleticen aurka 0-3 galtzen ari zela partida berdintzeko zorian izan baitzen. Horregatik, Imanolek bazekien lehia haren berri, eta ez du ezustekorik nahi izan. Ziurrenik, horregatik, luzaroan ez du aldaketarik egin hamaikakoan, ez baitzen fio aurkariarekin. Etxeko taldeak izan du gola sartzeko aukerarik, baina ez du asmatu. Batzuetan, aurrelariak ez direlako fin aritu, eta, besteetan, Remiro maisuki aritu delako. Besteak beste, 69. minutuan berriro ere bi geldiketa zoragarri egin ditu, eta, hari esker, golik jaso gabe amaitu du partida Realak. Hala, ligan etxeko lanak bikain eginda, Europari begira dira jada txuri-urdinak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.