Reala

Le Normand Atletico Madrili saldu dio Realak

Txuri-urdinek eta madrildarrek akordioa lortu dute erdiko atzelaria Atleticon aritzeko. Le Normandek 221 partida jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin, eta Espainiako Kopa irabazi zuen Realarekin 2021ean.

Robin Le Normand, Imanol Alguacil atzean duela, artxiboko irudi batean. JOHN G. MABANGLO / EFE
Robin Le Normand, Imanol Alguacil atzean duela, artxiboko irudi batean. JOHN G. MABANGLO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 27a
15:25
Entzun

Zubietan zortzi denboraldi egin ostean, Robin Le Normandi (Pabu, Frantzia, 1996) agur esan dio Realak. Erdiko atzelariari bi urteko kontratua gelditzen zitzaion Donostian, baina Atletico Madrilen jokatuko du datorren denboralditik aurrera, bi taldeak akordio bat egin ostean: Madrilgo taldeak 30 milioi eurotik gora ordaindu dizkio Realari.

Le Normand 2016an iritsi zen Realera, eta, Sansen bi urte igaro ostean, lehen taldera igo zen. 221 partida jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin, eta Espainiako Kopa irabazi zuen Realarekin 2021ean. Iaztik Espainiako selekzioarekin ari da, eta Eurokopa irabazi berri du talde horrekin.

Denboraldia amaitu berri zela piztu ziren lehen zurrumurruak Donostia aldean. Atletico Madrilek erdiko atzelari bat nahi zuen, eta Le Normand omen zen Diego Pablo Simeone teknikariaren lehen aukera. Eurokopa jokatzen ari zen bitartean hainbat aldiz galdetu zioten kazetariek bere etorkizunarengatik, baina erdiko atzelariak ez zuen ezer argitu nahi izan. «Eurokopa amaitzean izango dugu horretaz hitz egiteko aukera», adierazi zuen behin eta berriro. Hala ere, atzelariaren adierazpenek ez zuten ezer onik iragartzen Realaren zaleentzat.

Hilabete pasatxo igaro da ordutik, eta, azkenean, Realak gaur iragarri du Le Normand saldu dutela. Donostiako klubak esker ona adierazi dio Frantzian jaiotako jokalariari: «Onena opa diogu arlo profesionalean eta pertsonalean. Eskerrik asko guztiagatik, Robin».

Le Normandek 2022an berritu zuen kontratua Realarekin, 2025-2026ko denboraldia amaitu arte, eta 60 milioi euroko etete klausula zeukan. Ohi duen bezala, Realak ez du operazioaren xehetasunen berri eman, ezta Atletico Madrilek ere. Hala ere, Diario Vasco egunkariaren arabera, Madrilgo taldeak 34,5 milioi euro ordaindu dizkio Realari, eta, kontratuan ezarritako helburuak betez gero, Realak aukera izango luke beste bost milioi euro jasotzeko. Horiek horrela, Realak inoiz egindako salmenta garestienen artean dago Le Normandena. Alexander Isak (70 milioi euro) eta Antoine Griezmann (56 milioi euro) bakarrik saldu ditu garestiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.