Gabonak iristear dira, eta asko dira garai honen bueltan etxeko goxotasunera eta berotasunera itzultzen direnak. Izan ere, etxean bezala inon ez. Realak ere gaur berretsi du berriro ere goxo sentitzen dela Anoetan, eta erabat gainditu duela aurten bertan zeraman bolada txarra. Izan ere, laugarren garaipena kateatu du zaleen aurrean. Bartzelonaren, Ajaxen eta Betisen atzetik, Dinamo Kievek ere esku hutsik alde egin du Donostiatik Europa ligan: 3-0. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte jokatu dituzten azken zortzi partidetatik zazpi.
Imanolen taldea lehen 24 postuetan finkatu da ligaxkako sailkapenean, eta hamabigarren dago. Horrenbestez, bi jardunaldiren faltan, oraindik ere bete-betean segitzen du, zortzi onenen artean amaitu eta zuzenean final-zortzirenetara sailkatzeko borrokan. Puntu batera du zortzigarren postua. Oiartzabalek bi gol sartu ditu, eta Beckerrek bat. Festa erabatekoa izan da. Izan ere, aurkaria partida guztiak galduta iritsi den arren, aurreko sasoian Europan distira egin zuen taldearen zantzuak izan ditu Realak lehen zatian.
Imanolek partida bezperan adierazi zuenez, deialdian egon ez arren, Zubimendik eta Barrenetxeak proba bat egingo dute gaur eguerdian, jokatzeko moduan diren argitzeko. Azkenean, ez dira ezta aulkian ere egon. Urko Gonzalez de Zarate eta Olasagasti hasieratik aritu dira. Imanolek haiei eman die taldearen jokoa gidatzeko ardura, eta bikain egin dute.
Txuri-urdinek jokoaren ekimena izan dute, eta bizi-bizi jokatu dute. 17. minutuan iritsi da lehen gola. Bizkarrez ondo zaindu du baloia Oiartzabalek arean. Popovek hanka sartu du, eta zangotrabatu egin du. Epaileak penaltia adierazi du. Kapitainak gaizki jaurti du, baina bizi ibili da, eta Buxtxan atezainaren aldaratzea jaso du. Orduan ez du huts egin. Partida berezia izan da gaurkoa Oiartzabalentzat. Europan talde txuri-urdinaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria bihurtu da. 34 bete ditu, Alberto Gorrizek baino bat gehiago.
Beste bi gol
Ia erreskadan beste gol bat sartzear egon da Reala. Gonzalez de Zaratek pase bikaina eman dio Brais Mendezi. Baina galiziarrak ez du asmatu atezainarekin aurrez aurre zegoenean. Dena den, Realak ekinean jarraitu du. Dinamo Kiev bere zelaian sartu du. Ukrainarrak ezinean aritu dira. Reala, berriz, nahieran. Presioaren bidez bikain berreskuratu du baloia, eta erasoan nonahi aurkitu ditu zuloak. Nagusitasun hori baliatu beharra zuen partida erabakitzeko. Hala egin du. Izan ere, 24. eta 33. minutuetan beste bi gol sartu dituzte txuri-urdinek. Becker eta Oiartzabal bera izan dira golegileak. Kubok pase ona eman dio herbeheretarrari, eta angelurik gabe geldituko zela zirudienean jaurtiketa gogorra egin du, baloia sareratuz. Kapitainak, berriz, arean bikain mugitzen dela erakutsi du beste behin. Popovi barrutik izkin egin dio, eta hirugarrena iritsi da. Ordurako festa zen nagusi Anoetan; bada, gol horrek areagotu egin du. Golak sartzea ere garrantzitsua baitzen, azken sailkapenari begira golen aldea erabakigarria izan daiteke eta.
3-0 amaitu da lehen zatia, eta, norgehiagoka erabakita zegoela ikusita, bigarren zatiaren lehen hamar minutuetarako Imanolek Brais Mendez, Oiartzabal, Kubo eta Jon Mikel Aramburu kendu ditu, atseden emateko. Bigarren zati horretan partidak erritmoa galdu du. Realak hanka altxatu du, nahiz eta estutzen zuenean arriskua sortu duen. Besteak beste, Oskarssonek pare bat aukera izan ditu gola sartzeko. Baina ez du asmatu. Ukrainako taldea, berriz, pare bat aldiz gerturatu da Remiroren atera. Baina emaitza ez da aldatu.
Reala-Dinamo Kiev
Reala: Remiro; Aramburu (Odriozola, 58. min), Aguerd, Zubeldia, Aihen; Brais Mendez (Marin, 46. min), Urko (Turrientes, 58. min), Olasgasti; Kubo (Magunazelaia, 58. min), Oiartzabal (Oskarsson, 58. min) eta Becker.
Dinamo Kiev: Buxtxan; Karavaiev, Bilovar, Popov, DIatxuk; Dubintxak, Brazhko (Kabaiev, 62. min), Mykhailenko, Voloxin (Braharu, 82. min) Guerrero (Vanat, 62. min) eta Rubtxinskyi (Pikhalonov, 62. min).
Golak: 1-0: Oiartzabalek (17. min), 2-0: Beckerrek (24. min). 3-0: Oiartzabalek (33. min).