Bi euskal talde ariko dira Europa ligako final-zortzirenetan, Reala eta Athletic, eta gaur jakin dute noren aurka jokatuko duten. Txuri-urdinek Manchester United izango dute parean, eta zuri-gorriek, Erroma. Aurkari gogorrak izango dituzte biak ala biak. Nyonen (Suitza) egin dute zozketa, eta zoriak hala nahi izan du.
Zuri-gorriak zuzenean sailkatu ziren kanporaketara, bigarren postuan amaitu baitzuten ligaxka. Hori dela eta, Athleticek San Mamesen jokatuko du itzuliko partida, martxoaren 13an, 18:45ean; Realak, berriz, Ingalaterran, 21:00etan. Astebete lehenago jokatuko dute joanekoa, martxoaren 6an: txuri-urdinek Anoetan, 18:45ean, eta, zuri-gorriek San Mamesen, 21:00etan.
Kanporaketa zaila izango da txuri-urdinentzat. Tottenham edo Manchester United ziren aurkari posibleak, baina azkenean Ruben Amorimek zuzendutako taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak. Europako ligaxkan hirugarren izan zen Ingalaterrako taldea, hemezortzi puntu bilduta. Kili-kolo hasi zuen txapelketa, lehen hiru neurketak berdinduta, baina hurrengo bostak segidan irabazi zituen. Ligan ez dabiltza hain fin, ordea. Denboraldi zaila ari da izaten Manchester Unitedentzat. Sailkapenean hamabosgarren dira, 29 punturekin, Europako postuetatik oso urrun.
Azaroan, taldearen egoera kaskarrak bultzatuta, teknikaria aldatzea erabaki zuen klubak: Erik ten Hagen lekukoa hartu zuen Amorimek orduan. Portugaldarra ez da gai izan, ordea, taldearen joera aldatzeko, eta ez dabiltza oso itxuroso. Hori baliatu nahi dute txuri-urdinek.
Ondo ezagutzen du Realak Ingalaterrako taldea, duela gutxi jokatu baitzuen haren aurka; azkenekoz, 2022-2023ko denboraldian, Europa ligako taldekako fasean. Realak lehen postuan amaitu zuen. Haien arteko neurketetan, txuri-urdinek irabazi egin zuten etxetik kanpo, eta galdu, berriz, Anoetan. Bi sasoi lehenago ere aritu ziren elkarren kontra, Europako final-hamaseirenetan. Manchester Unitedek kanporatu egin zuen orduan Reala.
Athleticek, berriz, Erromaren aurka jokatuko ditu final-zortzirenak. Txapelketa aparta egiten ari da Ernesto Valverdek zuzendutako taldea. Hala ere, aurkari handi bat izango du parean. Ligaxkako lehen jardunaldian jokatu zuten Italiako taldearen aurka, eta bana bukatu zen partida. Han hasi zen Athleticen Europako ibilbide distiratsua. Hurrengo bost partidak segidan irabazi zituzten zuri-gorriek.
Erromak kanporaketa gainditu behar izan du final-zortzirenetara sailkatzeko, eta kanporatu duen taldea ez da nolanahikoa: Porto. Joanekoan berdindu egin zuen Portugalen, baina atzo 3-2 irabazita Erroman, aurrera egin du. Jokalari abilak ditu taldeak; Dybala, kasu. Argentinarra funtsezkoa izan da Porto garaitzeko.
Ligan bederatzigarren postuan daude italiarrak, eta sasoi gorabeheratsua izaten ari dira. Manchester Uniteden kasuan bezala, entrenatzailea aldatu dute; bi aldiz, gainera: irailean Ivan Juricek hartu zuen Daniele De Rossiren tokia, baina aulkian bi hilabete baino ez zituen egin kroaziarrak. Azaroan hura kaleratu zuten, eta Claudio Ranierik hartu zuen taldearen gidaritza, denboraldi amaierara arte. Eskarmentu handiko teknikaria da italiarra, eta taldeak nabarmen egin du hobera bere esanetara. Denboraldiko unerik gozoenean dago orain.
Aurkari zailena tokatu zaio Athletici, beste aukera Viktoria Pilsen baitzen. Zuri-gorriek erakutsi dute, ordea, ondo egonda edonori aurre egiteko gai direla.
Finalerako bidea ere, zehaztuta
Realak eta Athleticek elkarren kontra jokatzekotan, finalerdietan izango da. Gaur jakin dute zein bide izango duten finalera iristeko ahaleginean. San Mamesen jokatuko da aurten finala, maiatzaren 21ean.
Zuri-gorriak final-laurdenetarako sailkatzen badira, Fenerbahceren eta Rangersen arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko dute. Txuri-urdinek, berriz, bi talde hauetatik garaile gertatzen denaren kontra: FCSB edo Olympique Lyon.
Alavesek ezin du huts egin Mendizorrotzan
Alavesek suspertu beharra du ez badu nahi jaitsiera postuetan katigatuta geratu. Egun, azken-aurrena da, eta puntu bakarrera du hamazazpigarren sailkatua, baina ez darama joera ona, azken lau partidetan bi puntu besterik ez baititu lortu. Horren ondorioz, gora egin ezinik dabil. Lehenbailehen suspertu behar du, eta, bihar aukera ona du (14:00, Movistar): Mendizorrotzan jokatuko du, etxekoen babesean, eta, aurkari zuzen baten aurka, Espanyolen kontra; bi puntu gehiago baino ez ditu. Aukera aproposa izanagatik ere, ez du lan samurra izango, aurkaria behetik gora ari baita.