Real Madril 3-1 Reala

Realak luzapenean esan dio agur Kopari

Gogor saiatu dira txuri-urdinak, eta zail jarri diote kanporaketa Real Madrili. Harro egoteko moduko partida egin arren, 3-1 galdu dute final-laurdenetan.

Realaren eta Real Madrilen arteko ligako azken partidako irudi bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realaren eta Real Madrilen arteko ligako azken partida. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 13a
22:45
Entzun

Txuri-urdinak Real Madrilen pare aritu dira Espainiako Kopako final-laurdenetan, baina ezin izan dute kanporaketa gainditu. Arauzko denbora banakoarekin amaituta, luzapenean gailendu dira madrildarrak: 3-1. Realak ahituta bukatu du, baina harro egoteko moduko partida egin dute Jose Luis Sanchez Verak zuzendutakoek. Estu hartu dute Real Madril ahaltsua, eta amaierara arte borrokatu dira.

Neurketa parekatua izan da, eta donostiarrek ondo aurre egin diote partidari. Asmatu dute planteamenduan, aurkaria desesoro eta galduta sentiarazteraino, eta irmo eta nortasun handiz aritu dira, berriz ere.

Desberdinak izan dira bi zatiak. Lehenengoan, bi aukera egon dira, eta bi gol, bat alde bakoitzean. Aurrenekoa Real Madrilek sartu du, Weirrek hain zuzen, 22. minutuan: kontrolarekin batera buelta erdia eman, eta ederki bukatu du jokaldia; Letek ezin izan du ezer egin. Madrildarrek gutxien espero zutenean, baina, erantzun egin du Realak, atsedenaldia heltzear zela. Amaiur izan da protagonista. Area ertzean baloia hartu, eta, bi aldiz pentsatu gabe, egundoko zartakoa eman dio. Ederra izan da gola, eta merezitakoa, bi taldeak parez pare ari ziren eta.

Txuri-urdinak ondo zelairatu dira. Baloia edukitzen saiatu dira, eta pazientziaz jokatu dute, zelaian ondo kokatuta. Lorena eta Cahynova atzelariengandik gertu aritu dira, baloi irteeran laguntzeko asmoz. Gauza bakarra falta zitzaien: zuloak topatu eta arriskua sortzea. Hots, lerroak gainditzea. Eraginkor aritu dira, baina izandako aukera bakarra sareetara bota du Amaiurrek. Noiz-eta funtsezko tarte batean, gainera. Real Madril jokaldi solte batzuetan gerturatu da Realaren areara, baina hortzik erakutsi gabe.

Askoz biziago hasi da bigarren zatia, gol aukera eta guzti. Real Madrilek izan ditu garbienak. 47. minutuan, Letek geldiketa bikaina egin dio Atheneari, eta, bost minutu geroago, Bruunek langara bota du baloia. Txuri-urdinek lanean segitu dute, eta hartu diote neurria berriro partidari, metro batzuk aurrera eginda. Gainera, bazeukaten artilleriarik aulkian gordeta. Bi jokalari garrantzitsu zelairatu ditu Realeko teknikariak: Nerea kapitaina eta Franssi aurrelaria. Talde lanean gogor segitu dute donostiarrek, eta eutsi egin diote lehiaren erritmoari. Ezagun zen jokalariak konfiantzaz ari zirela.

Pixkanaka, baina, egindako kilometroen eta izandako intentsitatearen ondorioak nabaritzen hasi zaizkie hanketan. Azken minutuetan, Real Madrilek erasora jo du. Caicedo gola sartzear egon da, baina ez du asmatu ate aurrean, eta Realak asmatu du partida itzaltzen. Hala, markagailua ez da gehiago mugitu arauzko denboran.

Luzapenerako, hiru jokalari aldatu ditu Real Madrilek, gol bat sartzea helburu hartuta. Azkar lortu du. Txuri-urdinak erasorako ahaleginean ari zirela, baloia galdu dute. Realeko jokalariak aurreratuta zeuden zelaian, eta madrildarrek ez dute barkatu kontraerasoan. Caicedok abiadura bizian ihes egin du ezker hegaletik, Tolettiri utzi dio baloia, eta erdilariak gola sartu du.

Txuri-urdinek lanean segitu dute, etsi gabe, baina luzapeneko bigarren zatia hasi eta berehala, Real Madrilek erabakita utzi du kanporaketa, Caicedok gola sartu baitu.

Realak ez du helburua lortu: finalerdietarako sailkatzea. Baina partida oso ona eginda esan dio agur Kopari.

Denbora gutxian hiru aldiz

Dagoeneko ondo ezagutzen dute elkar Realak eta Real Madrilek. Denbora gutxian, hiru aldiz aritu dira elkarren kontra. Aurrenekoa Espainiko Superkopako finalerdietan izan zen. Orduan ere, Realak ausart aurre egin zion Real Madrili, baina ez zuen lortu partida iraultzea: 3-2 bukatu zen. Amaiurrek sartu zituen txuri-urdinen bi golak.

Joan den astean jokatu zuten, berriz, ligako lehen itzuliko partida, Zubietan. Real Madrilek aise irabazi zuen: 1-4. Txuri-urdinak bigun aritu ziren defentsan, eta garesti ordaindu zuten.

Hirugarren saiakera balekoa izatea nahi zuten donostiarrek. Ez dute lortu oraingoan ere, baina inoiz baino eskurago izan dute garaipena.

Indarberritzeko denbora askorik ez dute, beste partida garrantzitsu bat baitute igandean: derbia jokatuko dute Athleticen kontra.

Real Madril-Reala

Real Madril. Misa; Antonia Silva (Sheila Garcia, 91. min.), Rocio (Maria Mendez, 91. min.), Lakrar, Olga; Toletti, Angeldahl (Eva Navarro, 91. min.); Athenea, Weir (Teresa, 68. min.), Linda Caicedo (Dorado, 108. min.); eta Bruun (Redondo, 68. min.).

Reala. Lete; Emma, Apari, Lucia (Etxezarreta, 108. min.), Izarne; Andreia (Lezeta, 108. min.), Cahynova, Lorena (Guridi, 85. min.); Amaiur (Egiguren, 92. min.), Mirari (Franssi, 63. min.) eta Lucia Pardo (Nerea Eizagirre, 62. min.).

Golak. 1-0: Weirrek (22. min.); 1-1: Amaiurrek (46. min.); 2-1: Tolettik, (94. min.); 3-1: (Caicedok, 106. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.