Azken asteetako hobekuntzari jarraipena eman dio Europan Realak. Orain arte jokoan izandako bi partidetan puntu bakarra eskuratu ondotik, premia gorrian ziren txuri-urdinak, eta ez dute hutsik egin Maccabi Tel Aviv taldearen aurrean, Belgraden. Merezita eskuratu dute Europa ligako estreinako garaipena, Pachecoren eta Sergio Gomezen golekin. Hasi eta buka, jokoan nagusi izan da Imanol Alguacilen taldea, eta pazientzia eta lanari esker, hiru punturekin egin du etxerako bidaia. Egutegiari erreparatuta, zinez garrantzitsua zen irabaztea, talde apalago baten aurka huts egiteak alarma gorria pitz zezakeen eta. Bada, irabazi ez ezik, itxura ere ona eman dute txuri-urdinek, eta, azken hatsean Maccabik gola sartu arren, garaipenak ez die ihes egin donostiarrei.
Zelaira atera orduko, egoera arrotza topatu du guztiz taldeak. Ezohikoa eta hotza, are gehiago Europako partida batean. Izan ere, harmailak ia hutsik direla jokatu dute txuri-urdinek. Hotz handiagoa sumatu dute Donostiatik joandako ehun zaleek Maccabikoek baino. Hoztasun horrek eraginda edo, partidari neurria hartzea kosta egin zaie hasieran. Zelaia ere motel topatu du Realak, eta zailtasunak izan ditu baloia azkar mugitzeko. Denborak aurrera egin ahala, dena den, hobera egin du Realaren jokoak. Baloia gehiago izan du oinetan, Javi Lopez eta Aranburu hegalekoak ere gehiago agertu dira erasoan, eta pixkanaka bere legea ezartzen hasi da talde txuri-urdina. Hots, baloi geldian iritsi da 0-1ekoa. Brais Mendezek kornerra atera, eta buruz maisuki sareratu du baloia Pachecok, 19. minutuan. Ordura arteko nagusitasunari ginga jarri dio taldeak.
Golaren ondoren are nagusiago izan da Reala. Atzean sartzea ez zaio burutik pasatu ere egin, eta presioan fin aritu dira batez ere zelai erdiko jokalariak: Turrientes eta Brais Mendez. Maccabin sormen aldetik hobekien dabiltzan jokalariak ezerezean utzi dituzte, eta etxekoek bizpahiru segundo baino gehiagoz ezin izan diote eutsi baloiari. Aitzakiaren bat jartzekotan, erasoan zerbait gehiago egitea falta izan zaio Realari atsedenaldira bitartean. Jokoan askoz gehiago izan arren, azken pasean eta errematean ez dira fin ibili Kubo eta enparauak. Garratza izan da lehen zatiak utzitako sentsazioa: Maccabiren areara erraz iritsi arren, emaitza motz samar geratu zaio Realari.
Aldaketekin asmatu du
Ezbairik gabe, arriskua berekin dakar gehiegi barkatzeak, eta bigarren zatiaren hasieran sufritzea egokitu zaio Realari. Aurrerapausoa eman du Maccabik, eta pare bat aldiz arrisku handiz hurbildu da Marreroren ate ingurura. Europako estreinako partidan ziurtasun handiz aritu da atezain azpeitiarra. Ezina ikusita, Imanolek aulkia astindu du, eta Sergio Gomezi eta Beckerri zelaira sartzeko agindua eman die. Bien bitartean, bigarren gola sartu du Realak, Sadiquen eskutik, berriz ere korner batean, baina epaileak ezerezean utzi du, ustez jokoz kanpoko jokaldi batengatik. Harritzekoa izan da erabakia. Realak ez du burua jaitsi, eta hortik pare bat minutura egin du 0-2koa; hain zuzen, Becker eta Sergio Gomezen eskutik. Kontraeraso bikain batean ongi erdiratu du Beckerrek, eta aukera ez du alferrik galdu Sergio Gomezek, 59. minutuan.
Hortik aurrera neurketa hoztea izan da Realaren zeregin nagusia, eta, hein handi batean, lortu du helburua, Maccabik ez baitu susperraldi zantzurik ere erakutsi. Hori bai, ezerezetik 1-2koa egin dute etxekoek, 81. minutuan, buruz. Kolpea izan da gola, baina txuri-urdinak ez dira urduritu, eta, azkenean, urrezko hiru puntu eskuratu dituzte.