Realak irabazi du, Zubietan, Eibarren aurkako derbia: 3-1. 20. minuturako Natalia Arroyoren taldeak ia erabakita zuen partida, 3-0 baitzen aurretik. Hasi eta berehala egin dute gola txuri-urdinek. Nerea Eizagirrek egin du, Andreiaren pase on bat jaso ostean. Realeko kapitainak ondo loratu dio baloia Miralles atezainari. Eibarrentzat kolpea izan da gola, eta kostatu egin zaio partidan sartzea. Reala, berriz, eroso aritu da hasieratik. Baloia izan du, eta hori da txuri-urdinen jokoaren zutarri nagusia. 17. minutuan iritsi da etxekoen bigarren gola. Mirarik erdiraketa ona egin du, eta Jensenek ez du barkatu. Handik bi minutura azpeitiarrak sartu du gola bigarren zutoinean, Bernaberen erdiraketa neurtu bat baliatu du horretarako Biak izan dira berritasuna Natalia Arroyoren hamaikakoan, eta ederki baliatu dute beren aukera.
Eibarren lehen ordu erdia kaskarra izan da. galduta zegoen zelaian. Hasiera on horren ostean, Realak jaitsi egin du erritmoa lehen zatiaren azken txanpan, eta Mirallesen atera gerturatu denean ere ez da horren eraginkor aritu. Hala, 3-0 joan dira aldagelara. Zerbait aldatzeko asmoz, Yeray Martinek Andrea Álvarez eta Kenni zelairatu ditu. Eibar zertxobait hobeto aritu da, nahiz eta ez duen aparteko aukerarik izan. Argiena Andrea Alvarezek berak izan du urrutiko jaurtiketa batean, baina Elene Letek ondo erantzun du. Eibarrek apur bat gehiago estutu arren, Realak ez du sufritu, eta kontrolpean izan du neurketa. Dena den, nahiz eta neurketa maldan gora izan, Eibarrek estutzen jarraitu du, eta 83. minutuan iritsi da Nati Canoren gola. Realak ere izan du laugarrena egiteko abagunean, baina Amaiurren jaurtiketa zutoinera joan da.
Athleticek, berriz, 3-0 galdu du Vila-Realen zelaian. Etxetik urrun punturik batu gabe jarraitzen du David Aznarren taldeak. Lezaman azken bi partidak irabazi eta gero, zuri-gorriek aukera aparta zuten beste hiru puntu batu, eta sailkapenean gora begira jartzeko. Are gehiago kontuan hartuta, Herrialde Katalanetako taldea punturik batu gabe zegoela oraindik txapelketan. Baina ez da posible izan. Hasi eta berehala hasi zaio okertzen partida Athletici. Izan ere, hirugarren minutuan Pancha Larak gola egin du etxekoentzat, area kanpotik ezkerrez jaurtiketa on bat egin eta gero. Etxekoak hobeto sartu dira partidan, eta Kantehen bidez arrisku dezente sortu dute. Marianak eta Clara Pinedok jokoaren ekimena hartu dutenean, ordea, Athletic hobeto aritu da, eta bi abagune izan ditu gola egiteko. Baina Pinedoren beraren eta Maddi Torreren burukadak kanpora joan dira.
Lehen zatiari baino hobeto ekin dio bigarrenari Athleticek. Sakonago jokatu du, eta min egin du hegaletatik. Baina gaurko partidak beraientzat zuen garrantziz jakitun, etxekoek ondo eutsi diote. Sufritzen jakin dute, eta azkenerako saria lortu dute. Izan ere, 67. minutuan gola egin du Maria Llompartek. Eibarreko jokalariak etekina atera dio Kantehk egindako buruz buruko jokaldi bati. Eta McKennak abantaila handitu du 84. minutuan, partida erabakita utziz