Realak garaipen garrantzitsua eskuratu du Girona 0-1 menderatuta. Partida estua izan da, landua, eta askotan, trabatua. Txuri-urdinek ez dute erraztasun handirik izan, baina berreskuratu behar duen sendotasuna aurkitu du gaur. Imanol Alguacilen taldeak ez du askorik sufritu atzean, eta aurrean gol aukera nahikoa sortu ditu gutxienez bat sartzeko. Mikel Oiartzabalek egin du gola, lehenengoa aurtengo denboraldian.
Girona benetako kalbarioa bizitzen ari da lesioekin. Taldeak hamar jokalari dauzka min hartuta, eta Michel entrenatzaileak harrobiko jokalari ugari deitu behar izan ditu deialdia osatzeko. Realak, berriz, ia talde osoa dauka lehiarako prest. Pablo Marin, Zakharyan eta Traore daude min hartuta. Aurreko neurketan Atletico Madrilen aurka berdindu zuen taldearekin alderatuta, Imanol Alguacilek hiru aldaketa besterik ez du egin gaur.
Partida hasi denetik, etxeko taldea izan da nagusi. Reala presioa goian egiten ahalegindu da, eta aurrelariak arriskutsu izan daitezkeen eremuetan erakutsi du baloia lapurtzeko nahia. Hala ere, Gironak garbi atera du baloia atzetik hasita. Lehen zatiaren amaieran, ordea, kostata aritu da jokaldiak ganoraz amaitzeko. Danjumak eraman du arriskurik handiena txuri-urdinen area ingurura, baina oso gaizki amaitu ditu izan dituen bi aukera garbiak.
Realak ere arazoak ditu golak sartzeko, eta dituen aukera eskasak xahutu egiten ditu askotan. Gaur, Oskarssonek aukera oso argia izan du lehen zatian, Sergio Gomezen erdiraketa baten ostean, baina kanpora joan zaio jaurtiketa. Hala ere, txuri-urdinek neurketa orekatzea lortu dute, eta jokoaren kontrola bereganatu duenean erosoago aritu da Imanolen taldea.
Etxekoen nagusitasuna apalduz joan den heinean, txuri-urdinek lehen zatiko unerik gozoena izan dute. Bi aukera garbi izan dituzte: Lehenik, Oiartzabalek buruz errematatu duen korner bat, eta, jarraian, Oskarssonek atezainarekin izan duen buruz buruko jokaldi bat. Ez batak, ez besteak, ordea, ez dute asmatu. Islandiarrak izan du aukera argiena, baina baloia kanpora jaurti du zuzenean.
Oiartzabalen lehena
Lehen zatiko azken txanpan, urrun izan dute aurkariaren atea bi taldeek, ez baitute asmatu baloiarekin zelai erditik igarotzen. Aldageletara berdinduta joango zirela zirudien, baina halako batean Barrenetxea agertu da area ertzean, eta erdiraketa bikaina egin du. Oiartzabal atzetik iritsi da errematea egitera, eta kapitainak ez du huts egin. Golak kalte egin dio etxeko taldeari, eta 0-2koa ere eskura izan du Realak. Baina Sucicek gogorregi jo du baloia, eta kanpora joan zaio errematea.
Gol batek ematen duen konfiantzarekin irten da Reala bigarren zatian, eta hasieran baino segurtasun handiagorekin aritu da zelaian. Girona, ordea, kostata aritu da, eta Remirok ez du aparteko lanik izan. Michelek aldaketak egin ditu egoera aldatzeko asmoz, baina apenas izan duen eraginik taldearen jokoan. Realak kontrolpean zuen partida, eta, batez ere, Gironaren aukera bakanak uxatzen ahalegindu da.
Kataluniarrek min gutxi egin diote Realari partida osoan, baina markagailuan atzetik doan taldearen ohiko estualdia iritsi da amaieran. Irizpide garbirik gabe, baina baloi luzeak bidali ditu txuri-urdinen areara, eta, horren ondorioz, pauso bat atzera eman behar izan du Realak. Danjumak izan du gol aukera bakarra, baina Remirok geldiketa bikaina egin du, txuri-urdinek hiru puntuak eskuratzeko. Partida amaieran, Oiartzabal pozik mintzatu da mikrofonoaren aurrean. «Partida estua izan da, eta bi taldeek izan ditugu aukerak markagailuan aurretik jartzeko. Garaipen handi bat da, eta oso beharrezkoak genituen hiru puntu eskuratu ditugu».
GIRONA-REALA
GIRONA: Gazzaniga; Arnau Martinez, Frances (Minsu, 72. min.), David Lopez, Krejci, Miguel Gutierrez; Yangel Herrera, Van De Beek (Misehouy, 59.min.), Ivan Martin; Miovski (Stuani, 59. min.), Danjuma (Sylla, 78. min.).
Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 81. min.), Sergio Gomez; Zubimendi, Brais (Turrientes, 80. min.), Sucic; Oiartzabal (Becker, 80. min.), Oskarsson (Kubo, 65. min.) eta Barrenetxea (Javi Lopez, 59.min.).
Golak: 0-1. Oiartzabalek (44. min.).