Celta 0-1 Reala

Realak garaipena eskuratu du Celtaren aurka, distira gutxiko partida batean

Talde txuri-urdinak Brais Mendezen gola baliatu du Vigon irabazteko. Aihen Muñozek min hartu du belaunean, eta proba osagarriak egingo dizkiote. Baliteke lesio larria izatea.

(ID_13518057) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Realeko jokalariak Celtari sartutako gola ospatzen. RAMON SA / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko urtarrilaren 20a
23:17
Entzun

Reala garaipenaren bidera itzuli da Espainiako ligan, Celtaren zelaian irabazita. Talde txuri-urdinak azken aldietako mamuak uxatu ditu zelai zail batean nagusituta, eta harrobiko jokalariez hornituta egin du, gainera. Izan ere, Imanol Alguacilek bigarren taldean ondutako zenbait jokalati txertatu ditu hasierako hamaikakoan, eta apustu horrek ordaina eman dio.

Besteak beste, Jon Ander Olasagati, Jon Mikel Aranburu edo Jon Magunazelaia izan dira hasieratik aritu diren moxalak —hala deitzen zaie Zubietan hezitako futbolariei—, eta saialdiari berehalakoan atera diote etekina. Ez alferrik, Brais Mendezek 11. minuturako aurreratu baitu Donostiako taldea. Hain justu ere, erasoko jokalari galiziarrak bere talde ohiaren aurka egin du gola.

Harrobiko beste jokalari batek piztu du goleko jokaldiaren sua. Hasieratik aritu den Beñat Turrientes beasaindarrak lerro arteko pase luze bat eman dio Braisi, eta hark ez du huts egin. Vicente Guaita atezain kontrarioaren atea zulatu du hasi eta gutxira. 

Behin aurrea hartuta, Realak zelairatutako taldea bermatu egin da Balaidoseko zelaian. Imanolen apustuak izan zezakeen arriskua bazter utzita, aurrerako urratsa egin du, baina hurrengo minutuetan ailegatu zaio albiste txarra. Izan ere, Aihen Muñoz atzelariak min hartu du Reala zelaian nagusitzen ari zen bitartean, eta atzelari nafarraren kalteak ilundu egin du talde donostiarrak ordura artean egindakoa.

Ustekabeko jokaldi batean, Aihen Muñozen belauna bihurritu egin da 38. minutuan, eta jokalariak berak aldaketa eskatu du. Klubaren iturriak jakinarazi dutenez, Etxauriko atzelariari «proba osagarriak» egingo dizkiote lesioaren larritasuna zehazteko.

Bigarren zatian, eutsi

Aihenen lesioa izan da, golaz gain, lehen zatiaren unerik azpimarragarriena. Ezker hegalekoak ondo erantzun du Imanolek zelairatu duen aldiro, eta haren hutsunea ez da albiste ona izango Realarentzat. Batez ere, lehendik min hartutako futbolari asko dituelako. Nolanahi ere, jokoak segi egin du bestela ezin zuen eran, eta multzo txuri-urdinak lortu du emaitzari eustea.

Bigarren zatiak ez du aparteko distirarik izan. Behin errenta eskuratuta, Realak eutsi egin dio markagailuko aldeari, eta Celtak ez du askorik estutu. Bi taldeek geldikako jokaldietan izan dituzte abagunerik argienak; asmatu ez, ordea, eta Brais Mendezen gola izan da baleko bakarra. Azkenerako, Realak Europako postuen peskizan segitzeko garaipena eskuratu du, Espainiako Kopan jokatuko duen estadio berean irabazita. Gaur lortu du lehendabiziko helburua; bigarrena eskuratzeko xedez ariko da asteartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.