Goiko postuetan mantentzeko, Realak beharrezkoa zuen gaur irabaztea. Horren jakitun, duen hamaikakorik onena zelairatu du Imanol Alguacilek, eta lehen zatian Sevilla baino gehiago izan da. Bigarrenean, indarrak amaitzen hasi bezain laster, sufritzea egokitu zaio. Antzekoa da aurtengo partida gehienen gidoia. Zorionez, puntuek ez dute ihes egin Anoetatik (2-1).
Hirugarren minuturako aurretik zen Reala. Area bazterretik jaurtitako falta batean, Barrenetxeak zuzenean errematatu du atera, eta ezustean harrapatu du Dmitrovic. Eibarreko atezain ohiak geldiketa bikaina egin du, baina aldaratzean hankan jo du baloiak, eta sareetan amaitu du. Zoritxarreko jokaldia Sevillarentzat. Etxekoen nagusitasuna, ordea, nabaria zen.
Eguneko jokaldia 21. minutuan heldu da. Realaren zelaierdian hartu du baloia Sadiqek, metro batzuk egin ditu harekin, eta, atetik 30 metrora zegoela, sekulako ostikoa jo dio. Ikusgarria izan da gola; Anoetako zaleak erotu egin dira, eta Nigeriakoak ere gogoz ospatu du. Behar zuen gola.
Bigarren zatia bestelakoa izan da. En-Nesyrik buruz egin du Sevillaren gola 59. minutuan, eta orduan heldu dira Realaren minuturik txarrenak. En-Nesyrik berak zutoinera bidali du jaurtiketa bortitz bat. Sufrituta, baina markagailuari eutsi diote txuri-urdinek, eta 87. minutuan amaitu da partida. Sergio Ramosek txartel gorria ikusi du Brais Mendezi egin dion sarrera batengatik, eta epaileak kalera bidali du jesus Navase ere, protesta egiteagatik.
Sailkapen nagusian, behin-behinean, bosgarren da Reala 25 punturekin.
Reala: Remiro; Traore (Aritz, 83. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino (Turrientes, 74. min), Brais; Barrenetxea (Zakharian, 66. min), Take (Cho, 83. min) eta Sadiq (Oiartzabal, 74. min).
Sevilla: Dmitrovic; Navas, Bade (Nianzou, 74. min), Ramos, Pedrosa; Sou (Oliver, 45. min), Fernando (Gattoni, 89. min), Rakitic; Lukebakio (Januzaj, 72. min), Ocampos (Mir, 89. min) eta En-Nesyri.