Realak ezin hobeto ekin dio urteari. Aurrena, Ponferradina kanporatu zuen Kopan, eta gaur, ligan, 1-0 irabazi dio Vila-reali. Ez du aparteko partida jokatu talde txuri-urdinak. Argitasuna eta abiadura falta izan zaizkio batzuetan erasoan. Baina atzean sendo egon da beste behin, eta Kubok 51. minutuan sartutako gol eder bati esker lortu du garaipena. Bi areetan eraginkorragoa izan da, eta gaur egun horrek agintzen du futbolean. Hala, denera 28 puntu bilduta, zazpigarren tokian jarri da sailkapenean, Europako postuetatik bi puntura, 30na baitituzte Vila-realek berak eta Mallorcak. Hala, bete-betean dago borroka horretan.
Zubeldia zigortuta zegoen gaurko neurketarako, eta ikusteko zegoen nor arituko zen Aguerdekin batera erdiko atzelari. Elustondo edo Pacheco ziren hautagaiak, eta lehenengoaren alde egin du Imanolek. Presio lan ona eginda, Realak hobeto ekin dio norgehiagokari, eta pare bat aldiz gerturatu da Luiz Juniorren atera hasieran. Taldea ondo mugitu da, eta jokoaren ekimena izan du. Braisek izan du lehen aukera, 3. minutuan. Haren erremate on horrek Vila-realen atzelari bat jo du, ordea.
Talde txuri-urdina eskuin hegaletik min egiten saiatu da hasieratik, Kuboren bidez. Txinpartarekin aritu da japoniarra neurketa osoan, eta etengabe saiatu da Vila-realen atzealdean zuloak topatzen. Baina minutuak aurrera joan ahala, neurketaren norabidea aldatu egin da. Zelai erdian Baenak eta batez Parejok hartu dute jokoaren ekimena, eta norgehiagokaren erritmoa moteldu. Vila-real erosoago zegoen horrela.
Reala kutsatu du, eta, pixkanaka, hasieran izan duen bizitasuna galdu du. Joko zuzena egin beharrean, jokalariek gehiago begiratu dute horizontalean bertikalean baino. Kubo izan da aurrera begiratu duten gutxienetakoa. Vila-realek bi aukera izan ditu. Lehena 21. minutuan izan da. Parejok pase on bat eman dio Gueyeri. Hark Barryri eman dio baloia, eta aurrelaria Remiroren aurrean geratu da buruz buru. Elustondok enbarazu egin dio apur bat, eta horri esker ez du ondo errematatu. Bigarren abagunea Kanwalak izan du, 33. minutuan. Punpa laster errematatu du korner batean izandako aldaratzea, eta Zubimendik atera du baloia.
Dena den, Realak izan du lehen zatiko aukerarik argiena, hurrengo jokaldian. Vila-realeko atzelariek motz utzi dute aldaratze bat, eta Sucicen errematea zutoinera joan da. Lehen zatiaren amaieran, Realak zertxobait gehiago asmatu du presioan, baina aparteko aukerarik sortu gabe erasoan. Hala, hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0.
Kuboren gola
Partida Vila-realek nahi zuen tokian zegoen. Realak jokoaren abiadura aldatu behar zuen baldin eta min egin nahi bazion Marcelino Garcia Toralen taldeari. Lehen zatia bezala, bigarrena bizi hasi da, eta Realak gola sartu du 51. minutuan. Oiartzabali iritsi zaio baloia, eta luze jo du. Pase bat baino gehiago, alderatze bat zirudien. Baina kapitainak asmo garbia zuen. Izan ere, baloia Kubori iritsi zaio. Japoniarrak buruz burukoa irabazi dio Parejori, eta, keinu tekniko bikain baten bitartez, hanka artetik pasatu dio baloia Femeniari. Aurrez aurre geratu da atezainaren aurrean, eta oinaren barnealdearekin baloia modu ikusgarrian joz, sareetara bidali du. Zoramena nagusitu da Anoetako harmailetan.
1-0ekoarekin, Vila-realek arriskatu beharra zuen, eta Marcelinok Gerard Moreno zelairatu du, Realaren amesgaiztoetako bat. Imanolen jokalariek baloia edukitzeko garaia zen, eta zuten abantaila kudeatzekoa. Baina erasoan trinko jokatu du, ez oso argi. Partida joan-etorrikoa bihurtu da. Horrek Vila-reali egin dio mesede, zerbait gertatzea behar baitzuen. Hala, bisitariek pare bat aukera on izan dute. Garbiena Gerard Morenok. Bakarrik errematatu du arean, eta haren baloi gurutzatuari ondo erantzun dio Remirok.
Dena den, Realak ondo eutsi dio. Beste behin erakutsi du denboraldi honetan hobeto ari dela defentsan erasoan baino. Horren seinale, gaur 11. aldiz utzi du atea hutsean ligan. 19 partidatan 13 gol baino ez dizkiote sartu. Minutuak aurrera joan ahala, bisitariak gutxiago gerturatu dira txuri-urdinen atera. Reala, berriz, kontraerasoen bidez saiatu da min egiten, bisitariek arriskatu beharra zuten eta. Hala iritsi da Oskarssonen aukera argi bat. Baina bigun errematatu du islandiarrak. Emaitza ez da aldatu.
Reala-Vila-real
Reala: Remiro; Aranburu, Aritz (Pacheco, 73. min.), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez (Olasagasti, 73. min.); Kubo (Marin, 82. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 82. min.) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 62. min.).
Villa-real: Luiz Junior; Femenía, Foyth, Kambwala, Cardona; Suarez (Cabanes,61. min.), Parejo, Comesaña (Gerad Moreno, 61. min.), Gueye; Barry eta Baena.
Gola: 1-0. Kubok (51. min.).