Denboraldi hasierako mamuak itzuli dira Anoetara. Bazirudien joan den astean ligan lortutako garaipen bikaina mugarri izan zitekeela, baina berriz ere nahi eta ezin aritu da Reala, gaur, Anderlechten aurrean, Europa ligako bigarren jardunaldian. Partida ongi hasi dute txuri-urdinek, eta aurretik jartzea ere lortu dute, merezita. Baina zale belgikarrek harmailetan sortutako istiluek kutsatu egin dute Imanol Alguacilen taldea. Defentsako lan bigunaren erruz, lehen zatian bi gol jaso dituzte, eta bigarrenean ez dute adorerik izan berdinketaren gola sartzeko. Hala, bi jardunalditan puntu bakarra eskuratu du Realak, eta derrigortuta dago aurrerantzean lan hobea egitera.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, goitik beherako iraultza egin du Imanolek; azken partidarekin alderatuta, Remiro ez beste jokalari guztiak aldatu baititu. Defentsako lerroan bost jokalariren aldeko apustua egin du, baina iraultzarekin zera bilatu du batez ere: freskotasuna. Eta lehen minutuetan ongi atera zaio apustua. Izan ere, txuri-urdinak azkar eta fin ibili dira presioan, ez diote utzi aurkariari arnasa hartzen ere, eta bosgarren minuturako hartu dute aurrea. Sadiquek toki arriskutsuan baloia lapurtu, bikain erdiratu eta errematean ez du hutsik egin Pablo Marinek. Lehen taldearekin aurreneko gola lortu du harrobiko gazteak.
Golak min egin dio Anderlechti, urduri eta nola jokatu jakin ezinda ibili baita minutu luzez. Reala, berriz, eroso sentitu da, baina garai onenean zebilenean ultra belgikarrak bilakatu dira protagonista. Eserlekuak, kristal zatiak eta beste hainbat gauza jaurti dituzte etxeko zaleen harmaila batera, eta istiluak sortu dira. Epaileak une batez geratu du neurketa, baina ez du erabat eteteko erabakirik hartu. Bost belgikar atxilotu ditu Ertzaintzak.
Kasualitatez edo ez, hortik aurrera errotik aldatu da lehiaren gidoia. Lehenbizi, jokaldi ero baten ondoren, Vazquezek sartu du banakoa, 28. minutuan. Areatik gertu defentsan zailtasun handiak dituztela erakutsi dute txuri-urdinek, eta Anderlechtek ez du aukera alferrik galdu. Hori gutxi ez, eta hamar minutu barru iritsi da bisitarien bigarren gola. Geldikako jokaldi batean ez du baloia ongi aldendu Brais Mendezek; bada, aldaratzea jaso eta egundoko gola sartu du Leonik, areaz kanpotik. Kolpe gogorra jaso du Realak. Oskarssonek binakoa gertu izan badu ere, zutoinera ihes egin dio jaurtiketak, eta etxekoak burumakur erretiratu dira atsedenaldira.
Gehiago itxaron gabe, aldageletatik bueltan hiru aldaketa egin ditu Imanolek: Kubo, Barrenetxea eta Aguerd zelairatu ditu, ohiko hiru jokalari. Taldeak hobekuntza nabarmena izan du; hegaletatik etengabe iritsi dira areara donostiarrak, baina azken errematea falta izan zaie. Horregatik, Sergio Gomez eta Oiartzabal ere zelairatu dira gerora, baina inork ez du golik sartu. Baloia etengabe Anderlechten area inguruan ibili arren, erasoan pizgarria falta izan zaio Imanolen taldeari. Azkenerako, bisitarien hirugarren gola gertuago egon da berdinketarena baino. Realak badu zer hobetua atzean zein aurrean.
REALA-ANDERLECHT
Reala. Remiro; Odriozola (Barrenetxea, 46. min), Aritz Elustondo, Jon Martin, Pacheco (Aguerd, 46. min), Aihen; Turrientes, Brais Mendez, Pablo Marin (Sergio Gomez, 67. min); Sadiq (Kubo, 46. min) eta Oskarsson (Oiartzabal, 75. min).
Anderlecht. Coosemans; Foket (Sardella, 63. min), Simic, Zanka, N'Diaye (Augustinsson, 75. min); Stroeykens (Ashimeru, 88. min), Rits, Leoni; Dreyer (Dolberg, 74. min), Vazquez eta Degreef (Verschaeren, 63. min).
Golak. 1-0. Pablo Marinek (5. min). 1-1. Luis Vazquezek (28. min). 1-2. Theo Leonik (39. min).