Bolada bikainean dabiltzan bi talde izan dira aurrez aurre Anoetan, eta nabaritu da. Neurketa ikusgarria jokatu dute Realak eta Las Palmasek, markagailuak hala erakusten ez duen arren (0-0). Bi taldeek izan dituzte aukera bikainak, etxekoek gehiago estutu duten arren bukaera aldera.
Imanol Alguacilek ohiko hamaikakoa zelairatu du, eta Reala aurkaria estu hartzen aritu da lehen hamar minutuetan. Pare bat aukera ere izan dituzte txuri-urdinek, baina ez Las Palmasek jarraian izan dituenak bezain argiak. Heroiaren kapa jantzi du Remirok bitan, Mataren eta Moleiroren parean. Oiartzabalek ere abagune paregabea izan du, baina zutoinera bidali du area erditik bakar-bakarrik egin duen jaurtiketa. Hutsean heldu dira atsedenaldira, sinestezina zirudien arren.
Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Realeko jokalari ohi batek, Sandro Ramirezek, Oiartzabalenaren pareko aukera bat izan du, baina zutoinean jo du hark ere. Erritmoa zirraragarria izan da. Hasieran, bisitariak hobeto aritu dira, baina Olasagastiren eta Barrenetxearen aldaketekin joera irauli du Realak.
Horrela, etxeko jokalariak gogotik saiatu dira azken ordu erdian, baina baloiak ez zuen sartu nahi gaur. Sailkapen nagusian zazpigarren da Reala, 25 puntu bilduta.