Realak eta realzaleek Aitor Zabaleta gogoratu dute Anoetan

Ekitaldi bat egin dute Betisen aurkako partida jokatu aurretik, eta beste bat ondoren. Zabaletaren amak lore sorta bat eta 25 zenbakiko elastikoa jaso ditu.

Aitor Zabaletaren sendia Agustin Aranzabal eta Mikel Oiarzabalekin, Betisen aurkako partida amaitu ondoren egin zen ekitaldian. REALA
jon ordonez garmendia
2023ko abenduaren 18a
08:00
Entzun

Egun hunkigarria izan zen atzokoa Anoetan. Abenduaren 9an 25 urte bete ziren Madrilen Atletico Madril-Reala partida baten atarian Frente Atletico eskuin muturreko taldeko kide batzuek Aitor Zabaleta Realeko zalea hil zutenetik. Hilketa gogoratzeko, bi ekitaldi egin zituzten atzo Anoetan, bat kanpoan eta bestea barruan, eta Zabaletaren sendiak Realaren eta realzaleen babesa jaso zuen.

Unerik hunkigarriena Betisen aurkako partidaren ostekoa izan zen. 33.000 zale elkartu ziren atzo Anoetan, eta partida amaitu ondoren ia denak geratu ziren. Une horretan, argi guztiak itzali eta sakelako telefonoetako argiek argitu zuten iluntasuna. Izaro kantaria futbol zelaira atera zen, eta Txoriatxori abestu zuen gitarrarekin. Harmailetan zeudenek ere abestu zuten. Horren ondoren, Aitor Zabaletaren sendia atera zen futbol zelaira, eta Agustin Aranzabal 1998an Realeko kapitaina zenak eta Mikel Oiarzabal gaur egungo taldeko kapitainak 25 zenbakia duen Realeko elastikoa eman zioten Zabaletaren amari.

Beste ekitaldia partida hasi aurretik egin zuten, Anoeta kanpoaldean. Ehunka zale bildu ziren Zabaletaren monolitotik gertu ipini zuten oholtza batean, eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak lore sorta bat eman zion Zabaletaren amari. Esker oneko hitzak izan zituen hark Realarentzat eta zaleentzat.

Bi ekitaldi horietan ez ezik, beste une batzuetan ere gogoratu zuten Zabaleta atzo Anoetan. Zaleek behin eta berriz oihukatu zuten «Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta», batez ere 25. minutuan. Jokalariek ere izan zuten tarte bat gogoratzeko. Partida hasi eta baloia lehen aldiz Alex Remiro Realeko atezainarengana iritsi zenean, Realeko jokalariek partida geratu zuten ia minutu batez, eta Betiseko jokalariek eta epaileak errespetatu egin zuten une hori.

Larunbatean, San Mamesen ere, Athletic eta Atletico Madrilen arteko partidan, 25. minutuan Athleticeko zaleek «Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta» oihukatu zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.