Baliteke Ruben Pardo Realeko erdilaria Betisera utzita joatea hurrengo egunetan. Sevillako eta Donostiako hainbat hedabidek akordioa egintzat eman arren, bi taldeek ez dute ofizial egin. Dena den, bi taldeak negoziatzen aritu direla baieztatu du Realak, eta litekeena da laster ixtea tratua. Jokalaria sasoi bukaeran joango litzateke, eta, zurrumurruen arabera, aurretik 2020ra arte luzatuko du kontratua Realarekin.
Ezusteko handirik ezean, Ruben Pardok Betisekin bukatuko du sasoia. Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendariak harremanak egon direla baieztatu zuen herenegun. «Ezer bukatua ez zegoela» esan arren, akordioa ixtea ordu edo egun kontua izango dela dirudi, eta Sevillan bilatuko ditu sasoi honetan Donostian jaso ez dituen minutuak. Erdilaria Zubietako harribitxietako bat da, eta logikoa da aukera bila abiatzea. Izan ere, sasoi honetan ligako minutuen %10 jokatu ditu bakarrik, eta taldeko hogeigarren jokalaria da jokaturiko minutu kopuruaren zerrendan. Izandako aukera urriak Kopan iritsi zaizkio, eta herenegun ez zen deialdian sartu.
Betisekoa izango da Pardok Realetik kanpo profesional mailan izango duen lehen esperientzia. 2010eko urrian egin zuen debuta lehen taldearekin, eta 158 partida jokatu ditu azken bost sasoi eta erdian. Tarte horretan bost gol sartu ditu. Egungo kontratua 2018ra artekoa da, baina, 2020ra arte berritzen badu, realzale askok lasaitua hartuko dute. Egun, 60 milioi euroko etete klausula du.
Eibarrek ere jo dezake
Neguko fitxaketa merkatua bukatzeko hamar egun falta dira, eta Eibarrek ez dio uko egin jokalariren bat fitxatzeari. Mikel Larrañaga taldeko bozeramaileak aste honetan zehaztu duenez, beharko balitz «taldeko baliabide guztiak prest daude merkatuan sartu eta norbait ekartzeko». Jose Luis Mendilibarrek, oraingoz, ez du inor eskatu publikoki, baina egun min harturiko sei jokalari ditu, eta Jota Peleteirok hutsune bat utzi zuen taldean.
Realak eta Betisek akordio bat lortuz gero, Ruben Pardo utzita joango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu