Reala 0-0 Athletic

Realak eta Athleticek hutsean berdindu dute

Derbi parekatua jokatu dute bi taldeek, eta urriak izan dira gol aukerak. Athleticen aurkako azken partida izan da Imanol Alguacilentzat.

Unai Simon eta Mikel Oiartzabal partida bukatu berritan, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE
Unai Simon eta Mikel Oiartzabal partida bukatu berritan, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko maiatzaren 4a
23:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ordena asko eta freskotasun gutxi. Ez da golik izan Realak eta Athleticek Anoetan jokatu duten derbian. Ligan dituzten helburuei eta bakoitzaren egoerari begiratuta, eta jokalariek aitortu duten moduan, puntuak zapore gozoagoa du Athleticentzat Realarentzat baino. Txuri-urdinek hirunaka batzen hasi beharra dute datorren denboraldian Europan jokatu nahi badute, eta zuri-gorriek, begi bat Manchesterren dutela kontuan izanda, ontzat jo dute puntua.

Egoera ikusita, Ernesto Valverdek zenbait aldaketa egin ditu hamaikakoan. Guruzetak jokatu du aurrelari, Unai Gomezek zelai erdian, Gorosabelek eta Lekuek defentsan... Realean, berriz, Nayef Aguerd izan da berrikuntza nagusia ―min hartuta egon da orain arte―, atzealdean Jon Martinekin bikotea osatzeko. Bere azken derbia zuzendu du Imanol Alguacilek, eta markari eustea lortu du: Anoetan ez du inoiz galdu Athleticen kontra.

Imanol ALguacil, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Alguacil, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE

Lehen zatia oso lehiatua izan da. Zelai erdian aurrera eta atzera ibili da baloia, baina bi taldeak ondo kokatuta zeuden defentsan, eta tarte gutxi utzi dizkiote aurkariari. Realak gehiago eduki du baloia, eta Unai Simonen areara ere gehiago gerturatu da, baina ez du hiru zutoinen artera errematatu ere egin. Alde batean zein bestean, jokaldi arriskutsuenak presioari esker berreskuratutako baloietan heldu dira.

Atsedenaldiaren ostean hasi da zerbait irekitzen partida. Ekimena hartu du Realak, eta Athleticen area ingurura lehen 45 minutuetan baino gehiago gerturatu da. Korner batean izan du abagune argiena: Sergio Gomezen erdiraketa ondo errematatu du buruz Brais Mendezek, baina ederki erantzun dio Simonek. Bigarren jokaldian, Jon Martini kanpora joan zaio burukada. Ez du askoz lan gehiago izan zuri-gorrien atezainak. 

Golik ez

Bi entrenatzaileen aldaketek, ordea, ordena berrezarri dute, eta erritmoa geldotu egin da berriro ere. Gogo handiagoa erakutsi du Realak, kontraerasorako aukerak aprobetxatzen saiatu da Athletic, baina alferrik izan da.

Sailkapen nagusian, Reala hamaikagarren da, 43 punturekin, eta puntu batera du 8. postua. Txuri-urdinek ez dute egutegi erraza, ordea. Athletic, berriz, laugarren da, 61 punturekin. Hiru puntu atzetik du bosgarren sailkatua, Vila-Real, eta lau atzetik seigarrena, Betis.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.