FUTBOLA

Realak eta Athleticek badakite zein izango duten aurkari Europa ligan

Besteak beste, Realak Laziori, Ajaxi eta Nizari egin beharko die aurre; eta Athleticek, Erromari, Fenerbahceri eta AZ Alkmaarri. Txapelketaren egitura aldatu egin dute aurten. Bilbon jokatuko dute finala.

Erroma eta Lazioren arteko partida bat, joan den ekainean. Lehenak Athleticen aurka jokatuko du eta bigarrena egokitu zaio Realari. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Erroma eta Lazioren arteko partida bat, joan den ekainean. Lehenak Athleticen aurka jokatuko du, eta bigarrena egokitu zaio Realari. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko abuztuaren 30a
13:55
Entzun

Realak eta Athleticek badakite zein izango diren Europa Ligako haien aurkariak. Eguerdian egin dute zozketa, Monakoko Printzerrian, eta han zehaztu dituzte talde bakoitzak jokatu beharreko partidak. Txapelketak egitura berria izango du sasoi honetatik aurrera; 36 parte hartzaile izango dira orotara —orain artean baino lau gehiago—, eta liga moduan jokatuko dute, sailkapen bakarrarekin, multzoak ezabatuta. 

Hala, talde bakoitzak zortzi partida jokatuko ditu aldi erregularrean; lau etxean, eta beste horrenbeste kanpoan. Kluben koefizientearen arabera antolatutako zozketan, Reala indartsuenetan bigarrenak direnen artean izan da, eta honako norgehiagoka hauek egokitu zaizkio: Ajax, Dinamo Kiiv, PAOK eta Anderlecht jasoko ditu etxean, eta Niza, Lazio, Viktoria Pilsen eta Maccabi Tel Aviv bisitatuko ditu, Frantzian, Italian, Txekiako Errepublikan eta Hungarian —gerragatik, ez dute Israelen jokatuko—, hurrenez hurren.

Athleticentzat, txuri-urdinen aurkari bera izango da haietako bat: Viktoria Pilsen. Txekiarrek Bilbon jokatuko dute, eta Bilbon ariko da, halaber, herrialde horretako Slavia Praga ere. Elfsborg eta AZ Alkmaar dira San Mamesen jokatuko duten gainontzeko bi taldeak. Aldiz, zuri-gorriek bidaia luzeak egingo dituzte etxetik kanpo jokatzeko: Fenerbahce eta Besiktas Istanbulen [Turkia], Ludogorets Bulgarian, eta Erroma. Ernesto Valverderen taldea indartsuenetan laugarrenak direnen artean sartu dute.

Bi taldeek irailaren 25ean edo 26an abiatuko dute txapelketa. Neurketa guztiak ostegunetan jokatuko dira lehendabiziko jardunaldia izan ezik, bi egunetan egingo baitute. Gainontzean, bi astetik behin jokatuko dituzte partidak, urtarrilaren 30era artean. Orduan amaituko da lehendabiziko fasea, eta kanporaketak otsailean abiatuko dituzte. Finala maiatzaren 21ean jokatuko dute, Bilbon.

Txapelketa, molde berrituan

UEFAk Europako kluben arteko txapelketak berritu ditu denboraldi berriari begira, eta azken urteetako moldea hautsi du lehendabiziko fasean. Izan ere, multzokako egitura ezereztu du Europa ligan, Txapeldunen ligan eta Konferentzia ligan egin duten bezalaxe. Hala, lau taldez osatutako ligaxkak alboratu eta sailkapen nagusi bat osatuko dute aurrerantzean. 

36 talde lehiatuko dira Europa ligan, eta guztiek ez dute elkarren aurka jokatuko. Sistema informatiko baten bitartez ebatzi dituzte talde bakoitzaren zortzi norgehiagokak —sei jokatzen zituzten orain artean—. Gainera, norgehiagokak ez dira joan-etorrikoak izango; hau da, klub bakoitzak beste zazpi aurkari izango ditu, ez baitute talde beraren aurka birritan jokatuko.

Kontuak horrela, aldi erregularraren amaierako postuek zehaztuko dute zer taldek egingo duten aurrera. Lehen zortzi sailkatuek zuzenean egingo dute final-zortzirenetarako urratsa. Aldiz, bederatzigarren postutik 24. posturainoko taldeek aurrekanporaketa bat jokatu beharko dute hamasei onenen artean sartzeko. Azkenerako, 25. postutik azkenera artekoak lehiatik at geratuko dira. Horri dagokionez ere bada berritasunik; txapelketatik kanpora geratzen direnek ez dute koska bat beheragoko txapelketan aritzeko eskubiderik izango, eta kanpoan geratuko dira besterik gabe.

Europan, berriz ere

Reala eta Athletic Europako txapelketa berean lehiatuko dira denboraldi honetan. Dena den, elkarren aurka jokatzekotan, aurrerago izango da, herrialde bereko taldeen arteko partidak salbuetsita baitaude lehendabiziko fasean. Donostiarrak sarri aritu dira txapelketan azken urteetan; segidan jokatu zuten iragan sasoian ez, aurreko hiru denboraldietan. Txapeldunen Ligan aritu zen aurreko urtean. Bolada on horren adierazle da gaurko zozketan bigarren multzoan kokatu izana: 51.000 puntuko koefizientearekin, Europako talde onenetan 29.a da UEFAren sailkapenean. 

Athleticek, berriz, txapelketa kontinental bat jokatuko du sei urteren ostean. Lehiarako buelta ez da, ordea, bilbotarren pizgarri bakarra. Haien estadioan jokatuko da txapelketako finala, San Mamesen, eta hartarako sailkatzea dute helburu. Zuri-gorriak laugarren multzoan kokatu dituzte UEFAko rankingean. Izan ere, bilbotarrak Europatik urrun egon izanak sailkapenetik at eduki ditu orain artean. Orain 93. postuan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.