Txapeldunen Ligako postuetan are gehiago sendotzea eta Europarako sailkatzeko borrokan bete-betean segitzea. Helburu horrekin zelairatu dira hurrenez hurren, gaur, Reala eta Athletic, jokatu dituzten ligako partidetan. Biak etxetik kanpo arituko dira: zuri-gorriak Espanyolen zelaian (14:00, Movistar), eta txuri-urdinak, Betisenean (21:00, Movistar).
Athleticek aise lortu zuen garaipena aurreko jardunaldian Gironaren aurka, San Mamesen, eta gaur beste hiru puntu poltsikoratu nahi ditu, laugarren postuan tinko jarraitzeko. Espanyol oso bestelako borroka batean murgilduta dago, Bigarren Mailara ez jaisteko lehian baitago Manolo Gonzalezek zuzentzen duen taldea. Dena den, zuri-gorriek tentuz ibili beharko dute, etxean ondo ari baita Bartzelonako taldea. 23 puntu ditu sailkapenean, eta horietatik 21 zaleen babesean lortu ditu. Horretaz ohartarazi zuen atzo Ernesto Valverdek: «Urritik daramate etxean galdu gabe. Gainera, han ez gara sekula ondo moldatu». Nico Williams osatu da, eta deialdian dago. Min hartuta segitzen dute, berriz, Iñigo Ruiz de Galarretak eta Alvaro Djalok.
Ostegunean Danimarkan jokatu ostean, pilatutako nekea alde batera utzi, eta Betisi egin beharko dio aurre Realak. Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldea aurkari zuzena da Europarako borrokan, eta, txuri-urdinen antzera, gorabeheratsu ari da sasoi honetan. Odriozola, Aihen eta Zubeldia jokatzeko prest daude; ez, ordea, Pacheco. Betisen inguruan ondorengoa adierazi zuen Imanol Alguacilek: «Etxean irabaztea kostatzen ari zaie, baina ez naiz fio. Oso multzo ona dute, eta, gainera, haien zelaian sekulako giroa izaten da». Teknikariak berretsi zuen txandakatzeak egingo dituela gaurkoan ere. Ezusterik ezean, Remiro, Oiartzabal eta Zubimendi, adibidez, hasierako hamaikakora itzuliko dira.