Espainiako Liga denboraldiko lehen herenera iritsi da. Realak eta Athleticek gaur jokatuko dituzte hamabigarren jardunaldiko neurketak, oso egoera ezberdinean daudela. Talde txuri-urdinak Sevillaren zelaian jokatuko du (18:30, Movistar+), eta, liga hasiera makala iraultzen saiatzeko, hiru puntu eskuratzeko beharra du. Athletic, berriz, bosgarren postuan da, eroso, Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura. Etxean jokatuko du, Betisen kontra (21:00, Dazn). Bi taldeak berdinduta daude, hemezortzi punturekin, eta goiko postuetan are gehiago finkatzeko erronka dute.
Ezohiko liga hasiera egiten ari da Reala, are gehiago jakinda azken denboraldietan bikain hasi duela txapelketa eta denboraldi amaieran izan duela beherakada. Lehen hamaika partidetan hamabi puntu lortu ditu soilik. Aurreko sasoiarekin bada alderik, hemeretzi puntu baitzituen, eta bosgarren postuan zen. Azken jardunaldietan bazirudien hobera egiten ari zela Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea. Valentziari 3-0 irabazi eta gero, Atletico Madrilen aurka puntu bat eskuratu zuen (1-1), eta Gironaren zelaian irabazi egin zuen (0-1). Joan den asteburuan, ordea, Osasunak eten egin zuen Realaren bolada on hori. Izan ere, gorritxoek hiru puntuak eraman zituzten Anoetatik, 0-2 irabazita. Sevilla ere antzera ari da, gorabehera askorekin, eta txuri-urdinek baino hiru puntu gehiago ditu. Aste barruan Espainiako Kopako lehen kanporaketako neurketa jokatu zuten. 0-3 irabazi zioten Las Rozasi, eta hurrengo kanporaketan dira.
Realak ere Kopako partida jokatu behar zuen Jover taldearen kontra, Alacanten, baina bertan behera geratu zen euriak Valentzian eta inguruetan eragindako hondamendiarengatik. Denbora luzez min hartuta daude Traore eta Zakharyan, eta Turrientes eta Barrenetxea ere ez dira garaiz osatuta. Horrenbestez, deialditik kanpo geratu dira. Imanolek honela aztertu du gaurko partida: «Sevilla aurkari handia da, entrenatzaile eta futbolari handiak dituena. Partida gogorra izango da, eta, irabazi nahi badugu, sendo eta eraginkor aritu beharko dugu bi areatan».
Zuri-gorriak bolada gozoan
Athleticen egoera guztiz ezberdina da: bosgarren dago taulan, hemezortzi punturekin. Liga luzea bada ere, badirudi datorren urtean Europan jokatzeko hautagai sendoetako bat dela, ohiko taldeez harago. Europa ligako postuak, baina, oso estu eta garesti daude, eta lehia horretan dago Betis ere. Aurkari zuzena da. Aurreko denboraldian bezala, zuri-gorriek gotorleku bihurtu dute San Mames. Ligan sei partida jokatuko dituzte bertan, eta bakarra galdu dute, Atletico Madrilen aurkakoa. Hiru irabazi eta beste bi berdindu dituzte. Europa ligan, halaber, jokatu dituzten bietan gailendu dira. Betis ez dabil fin etxetik urrun. Bost partidetatik bakarra irabazi du, eta besteetan bi berdinketa eta bi porrot erdietsi ditu. Gainera, Kopako partida jokatu du aste barruan. 1-6 hartu zuen mendean Gevora.
Irabaziz gero, Atletico Madrilek egiten duenaren arabera, Txapeldunen Ligako postuetan amaitu dezake jardunaldia Athleticek. Ernesto Valverdek ia talde guztia du eskura gaur jokatzeko, Unai Simon baita epe luzeko lesio bat duen jokalari bakarra. Ohiko taldea zelairatu ahal izango du beraz Valverdek, taldeko golegilerik onenak barne: Oihan Sancet, Gorka Gurutzeta eta Iñaki Williams. Zuri-gorrien teknikaria atzo mintzatu zen partida atariko prentsaurrekoan. «Guri bezala, Betisi baloia aurkariaren zelaian lapurtzea gustatzen zaio, eta trebea da horretan. Goian jokalari bizkorrak dituzte, eta zuloak ondo topatzen dituztenak. Adi egon beharko dugu baloi irteeran, baita partidako lehen minutuetan ere, oso ondo sartzen baitira partidetara. Indartsu izan nahi dugu San Mamesen».