Realak eta Athleticek aurrera egin dute Europa ligan

Txuri-urdinek AZ Alkmaar edo Midtjylland izango dute aurkari final-hamaseirenetako kanporaketan; zuri-gorriek, berriz, Ferencvaros, Porto, Erroma edo Viktoria Pilsen final-zortzirenetan.

Realeko jokalariak Oskarssonek sartutako lehen gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Ainara Arratibel Gascon - Julen Etxeberria
2025eko urtarrilaren 30a
23:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Realak eta Athleticek aurrera jarraituko dute Europa ligan, PAOKen (2-0) eta Viktoria Pilsenen (3-1) aurka irabazi ostean. Txuri-urdinek, jakina zen bezala, final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu beharko dute. Hamahirugarren amaitu dute, eta Herbeheretako AZ Alkmaar edo Danimarkako Midtjylland izango dute aurkari. Itzulerakoa Anoetan jokatuko dute kanporaketa horretan. Bihar egingo dute zozketa. Athleticek, berriz, bigarren  amaitu du, eta zuzenean sailkatu da final-zortzirenetarako. Hauek dira haren aurkari posibleak: Ferencvaros, Porto, Erroma edo Viktoria Pilsen. Zuri-gorrien etxean jokatuko dute itzulerakoa.

Realan, Imanol Alguacilek aldaketa asko egin ditu hamaikakoan. Hasieratik aritu dira Marrero, Odriozola, Elustondo, Becker, Pablo Marin eta Oskarsson. Aulkian geratu dira, berriz, Remiro, Zubeldia, Jon Mikel Aramburu, Kubo eta Oiartzabal. Biziak izan dira lehen minutuak. Batez ere Realak izan du baloia, baina greziarrak bizi irten dira erasora, bereziki ezker hegaletik. Osasunako jokalari ohi Brandonek gertu izan du gola 11. minutuan, baina Aguerdek atera du haren errematea.  

Talde txuri-urdinean, Barrenetxea ahalegindu da gehien. Baina Beckerrek izan du lehen aukera. Haren erremate gogorra, ordea, Kotarskik atera du, 20. minutuan. Reala ez zegoen eroso baloiarekin, eta zalantza asko zituen atzean. Partida grisa egiten ari zen. Baina azkenean txuri-urdinek sartu dute gola, 41. minutuan. Marinek pase luzeegia egin du, baina Beckerri iritsi zaio. Hark keinu egin, eta ia hondoko marratik bigarren zutoinera erdiratu du. Buruz, Oskarssonek ez du huts egin. Beste bat ere egin du lehen zatiko luzapenean, Kotarskik  huts larri bat egin ostean. Baina epaileak baliorik gabe utzi zuen, Oskarssonek hartu duenerako baloiak hondoko marra gainditua zuen eta.

Hala, amaitu da lehen zatia. Bigarrenaren hasieran, PAOKen aukera bat izan du. Baina berehala iritsi da Realaren bigarren gola. Oskarssonek sartu du hura ere, buruz, lehenengoaren antzera. Baina oraingoa ederragoa izan da. Elustondoren erdiraketa neurtua bikain errematatu du islandiarrak, lepoa bizkor mugituz. Behar zuen halako gau bat, konfiantza berreskuratu eta haren inguruan zeuden zalantzak argitzeko. Hirugarrena sartzear ere egon da. Baina oraingo honetan, langan jo du haren burukadak. Realak ondo bideratua zuen partida, eta hala iruditu zaio Imanoli ere. Agerian gelditu da Osasunaren aurkako partidei begira dagoela, Zubimendi kendu baitu 62. minutuan, eta Olasagasti zelairatu.

Realak kontrolpean izan du neurketa, eta kontraerasoan saiatu da aldea handitzen. Elustondok, Beckerrek eta Braisek aukera argiak izan zituzten hirugarrena egiteko. Baina ez dute asmatu. Bisitariek ere ez dute urruti izan gola. Marrerok, ordea, bi gelditu egin dizkio Taisoni eta Kontasteliasi. Joan-etorrikoak izan dira azken minutuak, eta greziarrek, bihotzarekin buruarekin baino gehiago, erasora jo dute, berriro ere ezkerretik. Baina 2-0eko emaitza ez da aldatu

Gau biribila San Mamesen

Biribila izan da gaua San Mamesen. Batetik, Athleticek irabazi egin du, eta final-zortzirenetarako sailkatu. Eta, bestetik, talde zuri-gorriak zaleen babesa sumatu du berriro. Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeak animatu egin du berriz ere, azken partidetan animatzeari uko egin eta gero klubeko zuzendaritzarekin daukan gatazkagatik. Talde horretako ordezkariek azaldu dutenez, «armarriarekiko eta koloreekiko arduragatik» animatu dute. Animaziorako elementurik ez dute erabili, ordea. Partida aurretik kalejira egin dute Iñigo Cabacas plazatik San Mamesera. Hala ere, azpimarratu dute gatazka «gaiztotzeko» arriskua dagoela Athleticen zuzendaritzak ez badu pausorik ematen egoera desblokeatzeko.

(ID_14634232) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-01-30, Bilbo. Iñigo Cabacas Herri Harmailaren kalejira , Kirrulitik San Mamesera
Iñigo Cabacas Herri Harmailak deituta partida aurretik egindako kalejira. ARITZ LOIIOLA / FOKU

Jokalari zuri-gorriek sumatu egin dute zaleen babesa, eta hasieratik estu hartu dute Viktoria Pilsen. Hala, lehen minutua bete aurretik aukera garbia izan du Nico Williamsek, baina atezain txekiarrak baloia gelditu du. 22. minutuan, berriz, Vivianek gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du jokaldia telebistan ikusi eta gero, atzelaria jokoz kanpo baitzegoen. Hirugarren ahaleginean iritsi da gola. Iñaki Williamsek bizi egin du korri eskuin hegaletik, eta pase ederra eman dio anaiari, hark area txikian gola sar zezan. 25. minutua zen, eta Athletic hasia zen garaipena bideratzen. 1-0ekoarekin amaitu da lehen zatia. Etxekoak nagusi ziren, baina bisitariek ez zuten amore emateko asmorik. Zuri-gorriek beste gol bat behar zuten garaipena ia ziurtatzeko. 

Iñaki Williamsek gertu izan du gola 60. minutuan, baina haren burukada gutxigatik joan da kanpora. Yerayrena, ordea, sareetara joan da hiru minutu geroago. Erdiko atzelariak bikain errematatu du Berenguerrek jaurtitako falta. Ordu erdi falta zela, ia erabakita zegoen partida. Hori ikusita, Ernesto Valverdek aldaketak egin ditu. Lasaitasun hori aprobetxatu du Viktoria Pilsenek 71. minutuan gola sartzeko, Havelek hain zuzen. Etxekoen zorionerako, bisitarien susperraldiak ez du beste golik ekarri. Horretan zerikusia izan zuen 89. minutuan epaileak Vasulin kanporatu izanak De Marcosi sarrera gogor bat egiteagatik. Hori gutxi ez, eta Martonek hirugarren gola sartu du 95. minutuan, gol ederra, baloia Viktoria Pilsenen atezainaren gainetik maisuki loratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.