Espainiako Kopa

Realak estuasunik gabe egin du aurrera Kopan

Aise nagusitu dira txuri-urdinak, eta lehen zatian erabakita utzi dute partida. Magunazelaiak eta Gotik lehen gola sartu dute lehen taldearekin, eta Baldak, Beitiak, Mariezkurrenak eta Ruperezek debuta egin dute.

Olasagasti eta Marin, Magunazelaia zoriontzen, hark gola sartu berritan. P.MIRANZO / EFE
Olasagasti eta Marin, Magunazelaia zoriontzen, hark gola sartu berritan. P.MIRANZO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 21a
22:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Realak arazorik gabe gainditu du Jove Español Espainiako Kopako lehen kanporaketako partidan. Txuri-urdinek aurkari apala zeukaten aurrean, eta erabakita utzi dute partida lehen zatian; hortaz, asteazkeneko zozketan izango dira gipuzkoarrak. 0-5 amaitu da neurketa, eta Imanolek atsedenaldian aldatu ditu Sergio Gomez eta Ander Barrenetxea, asteburuan derbian hamaikakoan sartu daitezkeen jokalariak.

Behar baino aste batzuk beranduago jokatu da Realaren eta Jove Españolen arteko Kopako partida, Valentzian tanta hotzak izan duen eraginagatik. Selekzioen partidengatik egiten den etenaren erdian ezarri zuten partida, eta, Reala hori eragozten ahalegindu bada ere, ez du arazorik izan kanporaketa gainditzeko. Lehen taldeko 11 jokalari besterik ez ditu deitu Imanol Alguacilek, eta ohikoak ez diren jokalariek aukera izan dute minutuak pilatzeko.

Hasi eta buka nagusitu dira donostiarrak, eta atsedenaldira iritsi denerako, neurketa erabakita zegoen. Ander Barrenetxea izan da partidako protagonista nagusia. Lehen aukera argia huts egin duen arren, gaur kapitainaren besokoa jantzi duen jokalariak berehala atera du arantza. Lehen ordu laurdenean bi gol sartu ditu hegalekoak, eta hirugarrenean golaren pasea eman dio Sergio Gomezi. Biak ala biak garrantzitsuak dira Orioko teknikariaren planetan, eta atsedenaldian aldatu ditu, azken orduko ezustekoak saihesteko.

Laugarren gola Jon Magunazelaiak egin du. Eibarko aurrelariak bere lehen gola sartu du Realeko lehen taldeko jokalari gisa, eta area inguruan nolako arriskua daukan erakutsi du 90 minutuetan. Atsedenaldiaren ostean lasaiago jokatu du Realak, eta Imanolek aukera eman die bigarren taldeko jokalariei. Luken Beitia eta Jon Balda atzelariek hasieratik jokatu dute, eta Arkaitz Mariezkurrena, Iñaki Ruperez eta Mikel Goti bigarren zatian zelairatu ditu. Gotik egin du bosgarren eta azken gola, Jon Ander Olasagastik hegalean egin duen jokaldia baliatuta.

Orain, Athleticen aurkako derbian jarriko du arreta Realak. Igandean jokatuko da partida, San Mamesen (21:00). Igandean, ordea, guztiz bestelako hamaikakoa aterako du Imanolek. Bi punturen aldea dago bi taldeen artean sailkapenean, eta puntuak garrantzitsuak izango dira bientzat Europako postuetan egonkortzeko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.