Derbietan sarri ezer gutxirako balio du aurretik egindakoak, talde bakoitzaren bideak. Indarrak parekatu ohi dira, eta faborito denak uste baino gehiago sufritu ohi du irabazteko. Eta atzo, Zubietan, hitzez hitz bete zen derbien funtsa. Sailkapenari begiratuta, Reala zen Lagunak mendean hartzeko faboritoa. 22 puntu zeuden bien artean partida hasi aurretik. Baina derbietan gertatu ohi den bezala, ustezko nagusitasun horren arrastorik ez zen ikusi zelaian. Parekotasuna izan zen nagusi. Oraingoan, ordea, bai bete ziren iragarpenak, eta faborito zenak lortu zuen garaipena (2-1).
Txuri-urdinek ederki sufritu zuten irabazteko, nafarrek estu hartu baitzituzten. Ez hori bakarrik, minutu askotan Lagunak izan zen nagusi zelaian, zelaian eta markagailuan, Argik bederatzigarren minutuan penaltiz sartutako golari esker. Bisitariek ordubete luzez eutsi zioten emaitzari. Azken ordu laurdenean, baina, etxekoen susperraldia etorri zen. 77. minutuan Itxasok berdinketaren gola sartu zuen penaltiz. Jarraian, Nahiara Lagunak-ekoa kanporatu zuen epaileak. Eta jokalari bat gutxiagorekin, Realaren nagusitasuna areagotu egin zen. Hala, 82. minutuan Eguzkiñek garaipenaren gola sartu zuen. Atzoko emaitzari esker, txuri-urdinek badute oraindik aukera Koparako sailkatzeko. Nafarrek, aldiz, sasoiko lehen partida irabazi ezinik jarraitzen dute. Azkenak dira, puntu bakarrarekin.
Athletic, Espanyolen zelaian
Lagunak-en beste muturrean dago Athletic, talde zuri-gorria lehena baita, Atletico Madrilek eta Bartzelonak baino lau eta bost puntu gehiagorekin. Athleticek partida zaila du gaur, Espanyolen zelaian ariko baita (12:00). Seigarren sailkatua da Kataluniako hiriburuko talde apalena, zuri-gorriengandik hemeretzi puntura.
Realak ederki sufrituta irabazi dio Lagunak-i derbian
Nafarrek sartu dute lehen gola, baina gipuzkoarrek bi sartu dituzte azken ordu laurdenean (2-1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu