Unai Bustinza. Leganeseko jokalaria

«Realak duenean baloia, arin egin behar dugu presio»

Realak Leganesen zelaian jokatuko du gaur. Espainiarren kapitaina da Bustinza; uste du bide onean dela bere taldea, baina norgehiagoka «zaila» aurreikusi du txuri-urdinen aurka.

RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Etsitzeko asmorik gabe dabil Unai Bustinza (Bilbo, 1992) Leganeseko jokalaria. Bere taldea Espainiako Kopatik kanpo geratu eta ordu gutxira hitz egin du BERRIArekin, baina irrikan dago datorren neurketari heltzeko. Reala izango dute gaur aurkari (12:00); txuri-urdinak ondo ari direla azpimarratu du.

Bartzelonaren aurkako kanporaketaren ostean (5-0) jokatuko duzue Realaren aurka. Garratza izan al da bidean geratzea?

Bai, noski. Ilusio handia genuen Kopan. Egitura berria zuen, eta polita zen guretzat. Partida bakarrera edozer gerta daiteke. Bartzelona egokitu zitzaigun, eta, denok dakigun moduan, oso talde indartsua da. Haren etxean jokatu genuen, gainera. Ilusioz joan ginen, baina uste dut haiek arinegi sartu zirela partidan. Berehala sartu ziguten gol bat, eta, halako talde baten aurka, zaila izaten da mantentzea.

Kopa iragana da. Gaur, Realaren aurka ariko zarete.

Bai. Argi dago guretzat Kopa oso polita eta ilusio pizgarria zela, baina, azkenean, liga da garrantzitsuena. Badakigu gauzak oso estu daudela, eta gauzak oso ondo egiten ari den talde bat datorkigula bisitan. Etxean jokatu arren,kosta egingo zaigu irabaztea; gu puntu beharrean gaude, eta ea partida aurrera ateratzerik dugun.

Nolako partida espero duzu?

Esan dudan moduan, Reala aurten oso ondo ari da. Lehen egunetik agerian utzi du zer nortasuna duen, eta emaitzak ere eskuratzen ari da. Anoetakoaren antzeko partida bat espero dugu; baloiarekin eroso dabilen Reala ikusiko dugu, eta erasoan aukerak sortuko dituena. Jokalari erabakigarri batzuk ditu: Martin Odegaard, adibidez. Beti gora begira jokatzen duten jokalariak dira.

Joanekoan berdindu egin zenuten Anoetan. Ordukoak balio du neurria hartzeko?

Bai. Beti ateratzen dira ondorioak beste partidetatik. Lehen neurketa izan zen [Javier] Aguirreren esanetara, etxetik kanpo, eta Realak aukera zuen sailkapenean lehen postuan jartzeko. Bagenekien partida gaitza izango zela. Etxean ere ez dugu espero ezer ezberdinik. Badakigu dena ematera etorriko direla. Erasoan erraz sortzen dituzte aukerak, eta saiatuko gara gure indargunean, atzeko lerroan, indartzen.

Zer gako izan ditzake norgehiagokak?

Reala ondo aritzen da baloiarekin, eta saiatu behar gara baloia kentzen. Gero, baloia eskuratzen dutenean, arin egin behar dugu presio, presiorik gabe erraz jokatzen duten jokalariak dituztelako. Kalitate handia dute, eta, eragozpen barik, askoz errazago egiten dute futbolean.

Zer moduz dago zuen taldea?

Ondo. Egia da lehengo eguneko [Kopako] emaitza latza izan zela, baina hau dagoeneko beste kontu bat da. Pentsatzen dut Aguirre etorri zenetik erakutsi dugula; agian, Getaferen aurkako partida kenduta. Ez zen oso ona izan, baina Atletico Madrilen aurka partida ona egin genuen; etxetik kanpo irabazteko aukera izan genuen, halako talde gogor baten kontra. Berriz ere etxean arituta, gure itxurarik onena eman nahi dugu, badakigulako gure helburua bertan lor dezakegula.

Leganes ongi aritu zen Atletico Madrilen aurka. Gero eta indartsuago zaudete?

Argi dago. Egunerokoa da lana, eta uste dut ondo ari garela. Guztiak behar du bere denbora: ondo egiten ari garen gauzak mantentzen eta horren ondo egiten ari ez garenak aldatzen saiatuko gara.

Zertan hobetu da Leganes Javier Aguirre iritsi zenetik?

Berak argi zuen horrelako egoerak denen artean ateratzen direla aurrera; gehiagotan bizi izan ditu horrelakoak. Taldeko giroa sendotzen saiatu da, eta lortu du. Taldea sendoago dago, zelaian eta zelaitik kanpo. Horretan saiatu behar dugu; oso gogorra izango da denboraldi amaierara arte, eta inork ez digu ezer oparituko.

Bost urte daramazu Leganesen, eta kapitaina zara. Garrantzitsu sentitzen zara?

Denbora asko daramat hemen, baina gauzak ondo egin behar dira. Futbolean orainak besterik ez du balio, egunerokoak. Saiatu behar dugu mailari eusten, taldeari laguntzen, eta edozertarako prest egoten.

Zer moduz bizi zara Leganesen?

Ondo. Bost urte daramat hemen, eta bestelako gauzak daude,Euskal Herrian ez daudenak. Gauza batzuen falta sumatzen dut, baina saiatzen naiz moldatzen, ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.