GRANADA 2-3 REALA

Realak bolada txarra eten du, Granadan irabazita

Reala bitan joan da galtzen, baina gai izan da suspertzeko eta garaipena lortzeko. Sadiqek sartu du taldearen lehen gola, aurreneko zatian, eta Le Normandek eta Andre Silvak beste biak, partidaren azken minutuetan.

(ID_13685597) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Realeko jokalariak, Sadiqek sartutako gola ospatzen. Banakoa izan da. PEPE TORRES / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 9a
20:45
Entzun

Kolpeak jaso eta jaso zebilen Real azkenaldian: Espainiako Kopan, Txapeldunen Ligan eta Espainiako Ligan. Baina, gaur, suspertu egin da. 2-3 irabazi dio Granadari, haren zelaian. Indarra emango dio garaipenak, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea bitan joan baita galtzen. Baina gai izan da suspertzeko eta irabazteko. Gaur irabazita, bete-betean heldu dio berriro Europarako sailkatzeko lehiari. Betisi hartu dio aurre, eta seigarren postuan dago.

Reala eskas aritu da minutu askoan. Hasieratik sentitu da deseroso. Hala ere, hark izan du lehen aukera, hamahirugarren minutuan, falta jaurtiketa batean, baina Jozwiakek atepetik atera du baloia. Hiru minutu geroago hasi zaio partida okertzen Realari. Jozwiakek jaurti egin du, Remirok baloia urrundu du, eta, aldaratzean, Javi Galanek ostikoa eman dio Pellistriri. Epaileak ez du penaltia adierazi, baina iritzia aldatu du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Uzunik bota du penaltia, eta gola sartu. 21. minutua zen, eta bisitariei jada maldan gora jarri zaie neurketa.

Baina eraginkor aritu dira, lehen aukeran berdindu baitute. 33. minutuan, Brais Mendezek erdiraketa ederra egin du ezkerretik, eta Sadiqek bikain errematatu du buruz. Behar zuen gola aurrelari nigeriarrak, ezinean ari baitzen aspaldian; hiru hilabete pasatxo zeramatzan gol bat sartu gabe.

Golak, ordea, Granada suspertu du. Remirok bitan salbatu du Imanolen taldea, Pellistriri eta Sergio Ruizi jaurtiketa bana geldituta. Baina, hirugarrenean, lortu du helburua etxeko taldeak. 48. minutuan, Realeko jokalariek hutsak egin dituzte bata bestearen atzetik, eta Uzunik aprobetxatu egin du, eta bigarren gola sartu. Halaxe amaitu da lehen zatia. Gaizki ari zen Reala.

Javi Galanek ordaindu egin ditu Granadak sartutako bi goletan egin dituen hutsak: Imanolek Tierneyrekin ordezkatu du atsedenaldian. Baina aldaketak ezer gutxi aldatu du. Realak baloia izan du, baina nekez sortu du arriskurik. Hori ikusita, Realeko entrenatzaileak bi aldaketa egin ditu batera 66. minutuan: Becker eta Andre Silva zelairatu ditu Sadiqen eta Oiartzabalen ordez. Gola nahi zuen.

Eta iritsi da, baina ez du aurrelari batek sartu, atzelari batek baizik, Le Normandek. Tierneyk erdiraketa zehatza egin du ezkerretik, eta erdiko atzelari bretainiarrak ezin hobeto errematatu du eskuin oinarekin. 80. minutua zen, eta binakoa zen emaitza. Askorik egin gabe berdintzen ari zen Reala. 

Baina estutzen jarraitu du, eta bost minutu eskasera jaso du saria. Brais Mendezek pasea eman dio Turrientesi, hark jaurti egin du, Batallak baloia urrundu du, baina Andre Silvak bikain aprobetxatu du aldaratzea, eta gola sartu du. Epaileak baliogabetu egin du gola, aurrelari portugaldarra jokoz kanpo zegoelakoan, baina goltzat eman du jokaldia telebistan ikusi eta gero. Bost minuturen buruan emaitza irauli dute txuri-urdinek.

Ez da gol gehiagorik egon. Pozarren amaitu dute Realeko kide guztiek. Behar zuten. Indarra emango die. Mugarri izan daiteke.

Bihar, Alaves eta Athletic

Alavesek eta Athleticek bihar jokatuko dute. Arabarrak etxean ariko dira, Rayoren aurka (14:00, Movistar La Liga). Mailari eusteko helburuan oso partida garrantzitsua da: Alavesek 29 puntu ditu, eta Rayok 26. Luis Garcia Plazaren taldeak suspertu beharra du, bost jardunaldi baitaramatza irabazi gabe. 

Athleticek, berriz, Europarako sailkatzeko lehian beste urrats bat egin nahi du Las Palmasen (16:30, Gol eta Dazn). Horretarako, etxetik kanpo daraman bolada txarra eten behar du: ez du irabazi azken lau partidetan. Irabazten badu, Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura jarriko da.

EIBARREK GARAIPEN HANDIA LORTU DU MADRILEN

Eibarrek balentria egin du gaur, laugarren sailkatuaren zelaian irabazita: 1-2 hartu du mendean Madril. Karen Arayak aurretik jarri ditu etxekoak hamabigarren minutuan, baina eibartarrek emaitza irauli dute: Andrea Alvarezek banakoa sartu du 28. minutuan, eta Esperanza Pizarrok 1-2koa 83.ean. Irabazita, mailari eusteko urratsa egin dute. 

Athleticek eta Realak, berriz, lehia zailak dituzte bihar: zuri-gorriek Levanteri egingo diote bisita (12:00, Gol), eta txuri-urdinek Bartzelona hartuko dute (14:00, Dazn).

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.